5. ERROTARRIAK
Zeanurin garia ehotzeko harri mota bi ezagutu dira: Trebiñokoa eta frantsesa. Trebiñokoa bigunagoa da eta irin zuriagoa ekoizten du, eta sarritan pikatu behar izaten zen. Harri frantsesa, ordea, gogorragoa da eta zahi gehiagodun irina ematen zuen, tremesagoa zena. Pikatzeko zailagoa zen, baina gutxiagotan pikatu behar izaten zen.
Olabarriko harriei dagokienez, Simonaren arabera “garia eihoteko erabilten zana Trebiñokoa dalakoan nago, eta beste biak Oketakoak izan daitekez”.
Lehenago, hile birik behin pìkatu egin behar izaten ziren harriak, baina Simonak dionez, “gari asko eihoten genduan sasoian astean behin be piketan eban Benignok”. Gaineko harria zein azpikoa pikatzen ziren. Horretarako, gaineko harria altxatu egin behar izaten zen peskantea izeneko mekanismo batekin. Gaur egun Olabarrin, garia ehotzeko errotarria peskantetik zintzilikatuta ikus daiteke.
Pikatzerakoan erabiltzen diren tresnak, harginek erabiltzen dituztenak dira: pikea, bufardea edo hagindun mailua, eta trintxantea edo harrien kanalak sakontzeko erabiltzen zen aho biko aizkora itxurako mailua.
Gaineko harria pikatzerakoan, kontuan izan behar da azpikoaren gainean jartzerakoan, erdialdean tarte zabalagoa geratu behar dela eta bazterrerantz joan ahala tartea estutuz joan behar dela, horrela garaua hartu eta, apurka-apurka birrindu ahala, irina kanporatzeko gai izan dadin. Irina, harrien azpialdean dagoen egurrezko aska batera eroriko da, irin-askara hain zuzen ere.
Lehenago Benignok errotarriak hile birik behin pikatzen bazituen ere, gaur egun Fermin semeak urtean behin pikatzen ditu, lan askoz gutxiago egiten baitute.
Ezkerretik eskuinera: pike bi, trintxantea eta bufardea.