Saiakera

LOPEZ DE ARANA ARRIETA, Inaxio "León Azoulay: euskarazko lehen soinuak (1900)
URUTXURTU BENGOETXEA , Jon "Zeanuriko errotak.Olabarriko errota"
URUTXURTU BENGOETXEA , Jon "Zeanuriko errotak.Olabarriko errota"
URUTXURTU BENGOETXEA , Jon "Zeanuriko errotak.Olabarriko errota"
URUTXURTU BENGOETXEA , Jon "Zeanuriko errotak.Olabarriko errota"
URUTXURTU BENGOETXEA , Jon "Zeanuriko errotak.Olabarriko errota"
URUTXURTU BENGOETXEA , Jon "Zeanuriko errotak.Olabarriko errota"
URUTXURTU BENGOETXEA , Jon "Zeanuriko errotak.Olabarriko errota"
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
jon1a.gif
 

VIII. OLABARRIKO ERROTA

1. PUJANATARREN ETA OLABARRIKO
ERROTAREN HISTORIA

Zeanuritik Areatzara zuzentzen den errepidearen bazterrean, hirigunetik bostehun bat metrora, eta Ibarguen Kofradian —Zeanuriko udalerria osatzen duten zazpietako bat— kokatuta dago Olabarriko errota. Jatorriz burdinola izan zen eta jadanik XVI. mendeko dokumentazioan horrela aipatuta agertzen da.

jon28.gif

XIX. mendearen bigarren zatian ola errota bihurtu zuten; oraindino errotaren ondoan burdinolaren hormak eta arrastoak argi eta garbi azaltzen dira eta lantegia osatzen zuten atal ezberdinen banaketa ezagutzen da: langileak bizi ziren gunea, zein labea edo arragoa zegoen gunea zein bulegoen gunea. Burdinolan erabilitako balantza ere errotan gordetzen eta erabiltzen da gaur egun.

Jabetzari dagokionez, Olabarri Zeanuriko patroia zen Arriola familiaren jabetza izan zen.

Pujanatarren aurretik Manterola familiak ustiatu zuen errota, 1898ko azaroaren 30ean, San Andres egunean, errentari legez Isidro Pujana errotaren kargu egin zen arte. Oraindino Olabarrikoek gogoan daukate urtero Gabon inguruan jabeari ordaintzen zioten errenta: “hogeita hamabost ogerleko, oilasko pare bat, eta dozena eta erdi arraultze”.

XX. mendearen erdirantz, 1957. urtearen inguruan hain zuzen ere, Benigno Pujanak —Isidroren semeak— errota erosi egin zien Arriolatarrei. Simona Intxaurbe, Benignoren emaztea eta alargunak dioenez, “hogeita hamahiru mila ogerleko ordaindu geuntsien”.

Benignok, Isidro bere aitarekin ofizioa ikasi, eta errotari moduan egin zuen lan 1995eko urriaren 11n hil zen arte. Simonaren arabera, sarritan gau eta egun egin behar izaten zuten lan; sasoi batean, “egunero, zorroekaz kargatuta egozan astoak ilaran lotuta egoten ziran errotaren aurrean, garia edo artoa eihoteko zain”. Baina Zeanuriko baserritarrek ekartzen zuten garia eta artoa ehotzeaz gain, jadanik gerra aurrean Begoñako nekazal-kooperatibatik Arratiako tranbiaren bagoietan bidaltzen zioten artoa ehotzen zuten; eta gerra ostean, lehenengo Areatza-Villaroko kooperatibarentzat eta, 1955etik aurrera, Beyena enpresarentzat garagarra ehotzen zuten.

Gerra garaiko zein osteko urteak oso gogorrak izan ziren Pujana familiarentzat, estraperlo sasoia izan baitzen. Urte horietan Abastos-eko ikuskarien eta Guardia Zibilaren miaketak eta kontrolak jasan zituzten, baten baino gehiagotan errota prezintatu egin zietelarik. Simonak dioenez, “sasoi batean Guardia Zibilen emazteei astean zazpi pakete urun emoten geuntsezan, ezkutuan lana egiten izteko eta salatuak ez izateko, eta halan eta guztiz be baten baino gehiagotan salatu ginduezan”.

Kontuak kontu, Benignoren zein baserritarren agudeziak, autoritateek jarritako debekuei eta murrizketei iseka egiten zien, eta egunez ez bazen gauaz eta ezkutuan Olabarriko errotak lanean jarraitzen zuen. Simona Intxauberen arabera, “estraperloaren garaian, eragozpenak eta jazarpenak izan arren, familia aurrera aterateko beste diru irabaztea lortu genduan, eta agintarien kontrol zorrotza jasan eta inoiz errota itxi egin baeuskuen be, ekonomikoki ez ziran izan urte txarrak guretzat”.

1950 eta 1960. urteen artean Zeanuri nahiz Arratian lehenengo garia eta geroago artoa ereitea apurka-apurka gutxituz joan zen, gazteak baserriko lana alde batera uzten hasi baitziren, fabriketara joateko; ondorioz, Zeanuriko baserrietatik errotara eramaten zen gari zein arto kopurua nabarmen eskastu zen. Urte horietan, batez ere Areatza-Villaroko kooperatibarako eta Beyenarako ehotzen zuen garagarrari esker egin zuten aurrera Pujanatarrek.
 

1975ean erretiroa hartu arren, aurrerantzean ere errotako lanarekin jarraitu zuen Benigno Pujanak, 1995ean heriotza heldu zitzaion arte. Aita hil baino hilabete batzuk lehenago, errota zahartuta eta egoera larrian zegoela ikusiz, Fermin semeak zaharberritze lanei heldu zien, 2001. urtean berrinauguratua izan arte. Sei urte horietan goitik behera berriztatu zuen errota Ferminek, hasiera batean lanak bere kontura egiten bazituen ere, geroago, Zeanuriko Udalaren aholkuak jarraituz, errota osoaren zaharberritzea burutzeko, Jose Felix Kanpo arkitektoarekin, Reparación del molino de Olabarri proiektua aurkeztu zuen, horrela erakundeetatik zeuden dirulaguntzak eskuratzeko aukera aprobetxatzeko. Proiektu honek bi fase izan zituen, bata 1996koa eta bestea, 1999koa.

Konponketa eta zaharberritze lanak etapa ezberdinetan eraman zituen aurrera Ferminek. Lehenengo, errota gainean garia garbitzeko makina gordetzen zuen gela —gaur egun museo funtzioa betetzen duena— egokitzen hasi zen. Ondoren, andaparari heldu zion, hormak pikatuz eta zementoaz hartuz. Jarraian, errotarriak dauden gelaren sabaiko bigak askatu, garbitu, berriro jarri eta bere gainean, aurrerago aipatu den museoko gelari hormigoizko plaka bota zion lurrean. Hurrengo fasean, errotapera pasabidea zabaldu zuen, era horretan bisitariei txoko hau ikusteko aukera emateko; horrez gainera, hormak berriztatu egin zituen eta argiztatze sistema jarri. Azkenik, errotari berari heldu zion: harriak askatu, oholak aldatu, hormak garbitu eta errotarriak bere tokian eta baldintza egokietan jarri zituen; aldi berean, errotara sarrerak egokitu zituen.

Nahiz eta oraindino detaileak lantzen jarraitu, 2001ean zaharberritze lanak amaitutzat eman ziren, eta urte bereko abenduaren 1ean berriztatze lanen inaugurazio ekitaldia burutu zen.

2001etik aurrerantz, Ferminek errotaren ondoan dagoen olaren hormak konpontzeari eta zaharberritzeari heldu dio, kasu honetan erakunde publikoetatik laguntzarik jaso gabe.

Gaur egun, gehienbat arrazoi sentimentalengatik bada ere, betiko bezeroen eskariari erantzuteko lanean darrai Olabarriko errotak. Benigno Pujanaren —herriko azken errotari profesionala— heriotzaren ostean, bere alaba Ana Mari izan da lekukoa hartu duena, azken ehun eta hamar urteetan familiaren ogibidea izan den ofizioa bizirik mantentzeko, eta errotako hiru errotarrietatik bik artoa ehotzen jarraitzen dute. Horrez gainera, lanbide honi buruzko gorabeherak ezagutzeko interesa daukaten guztiei, Zeanurira hurbilduz, horretarako aukera eskaintzen die Pujana familiak, bisita gidatuak antolatuz.
botoia1

 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago