La ilustración española y americana aldizkaria, 305. or., XXII. urtea, XVIII. zk., Madril, 1878ko maiatzaren 15a. | ||
Oraindik hamaika gai ikerkizun daude fonografoak euskal kulturan egin duen bidearen eta izan duen pisuaren arloan. Hurrengo lerroetan, fonografoaren sorreratik Lehenengo Mundu Gerrara bitarteko aldian Euskal Herrian nahiz Euskal Herritik kanpo egindako euskarazko grabazioez jardungo dut, alegia, 1877tik 1917ra bitartekoez.
Edison
1877an Thomas A. Edison-ek fonografo zilindrikoa asmatu zuen, eta Parisko 1889ko Erakusketa Unibertsalaz baliatu zuen fonografoa gizartearen aurrean aurkezteko. 1890ean, lehenengo zilindro komertzialak jarri zituzten salgai.
Hugens
Ondorengo urteetan, makina hedatzen hasi zen, erakusketa, feria eta entzunaldien bidez. Laster, Bilbora eta Donostiara iritsi zen, 1893ko abuztuan hain zuzen ere. Enrique A. Hugens-ek Txikagotik ekarritako fonografo bat instalatu zuten Donostiako Miramar kaleko areto handi batean. Abuztuaren 9an, Donostiako La Unión Vascongada egunkarian gertaera haren berri argitaratu zen.
Fonografo harekin zenbait euskal kanta grabatu omen ziren. 1893ko grabazio haiek izan ziren Euskal Herrian egindako lehenengo grabazio soinudunak; ez dakigu, ordea, haietakoren bat euskarazkoa izan ote zen, haien aztarnarik batere ez baita geratu.
Pertierra eta Colis
Urte bat geroago, 1894ko udan, Francisco Pertierra-ren eta Lorenzo Colis-en fonografoak aurkeztu ziren, Bilbon, Berastegi kaleko Mateu galerian eta Bailen kalean, hurrenez hurren. Ez dakigu zer grabatu zuten, grabazio haien arrastorik ez dago eta.
“Viuda de Ablanedo e hijo” eta Enrique García
1897-98 urteetan, “Viuda de Ablanedo e hijo” eta “Centro Fonográfico Universal Enrique García” etxeek grabazioak ekoitzi zituzten, eta grabazio horietako batzuk euskarazkoak dira. Ybarra familiak, zilindroak banan-banan erosiz, argizarizko zilindroen bilduma bat osatu zuen. 1996an, Eresbilek Ybarra familiaren zilindro-bilduma jaso zuen. Bizkaiko Foru Aldundiak du funts horren jabetza. Grabazio haien digitalizazio-lana 2014ko udan egiten ibili dira, Eresbilen, baina zilindroak oso egoera txarrean jaso zituztenez, oraindik ez dakite zehazki zer errekuperatu ahal izango duten.
“Viuda de Ablanedo e hijo” denda (Hurtado de Amezaga 38, Bilbo) hizpidera ekarrita, 1898ko abuztuaren 1ean “El Noticiero Bilbaíno” egunkariak jakinarazi zuen denda hartan “zilindro inprimatuen bilduma oparoa eta askotarikoa” saltzen zela. Dirudienez, Bilboko denda hura izan zen soinu-ekoizpenaren arloko garai hartako euskal negozio handienetako bat. Han, fonografoak, gramofonoak, zilindroak eta osagarriak saldu eta erosten ziren. Gainera, argizarizko zilindro kopuru garrantzitsua ekoitzi zen bertan; Eresbilen, “Viuda de Ablanedo e Hijo” dendan egindako 144 erregistro daude gordeta: opera-zatienak, zarzuela-zatienak eta herri-musikaren grabazioak (“Agur nere bihotzeko”, “Beti maite”, “Boga-boga” eta “Hiru damatxo”).
Aipagarria da, orobat, “Centro Fonográfico Universal-Almacén de pianos Enrique García” denda (Kale Nagusia, Bilbo). Eresbilen, etxe horretan ekoitzitako eta Arriaga abizeneko jaun batek interpretatutako 6 erregistro daude gordeta, besteak beste, “Euskalduna”, “Ume eder bat” edo “Goizeko izarra” abestienak.
Azoulay
1900eko Parisko Erakusketa Unibertsalean, Léon Azoulay-k euskarazko zenbait grabazio egin zituen, Musée Phonographique museoko funtsak aberasteko asmotan. Kantu hauek grabatu zituen: “Donostiako hiru damatxo”, “Herrietan batzubek”, “Maitia, nun zira”, “Prima Eijerra” eta “Pello Joxepe”. Bibliako pasarte hauek ere grabatu zituen: Ebanjelioa, San Juan 20. kapitulua (I); Ebanjelioa, San Juan 20. kapitulua (II); Ebanjelioa. San Lucas. Seme Iriolearen alegia. Eusko Ikaskuntzak grabazio haiek CD ROM batean kaleratu zituen, 2000. urtean, grabazioen mendeurrenean.
Erviti
XX. mendearen hasiera hartan, Casa Erviti etxeak (San Martin kalea 28, Donostia) argizarizko zilindroak ekoizten zituela uste da. Izan ere, diskoetxe haren izena daraman kaxaren bat edo beste azaldu da, nahiz eta barruan erregistrorik ez izan.
Atzerriko injineru bat
1905. urtean, Donostian, Gramophon Company-ko injineru bat (seguru asko, Charles Scheuplein) ibili zen horrelako grabazioak egiten. Iritsi zaizkigun datuen arabera, 30 fonograma egin zituzten. Interpreteak Zumarragako txistulari ospetsu Martin Elola, Donostiako Udal Banda eta bi bakarlari izan ziren (Federico Carasa eta Ignacio Erkizia, Donostiako Orfeoiko kideak). Grabazio haiek izan ziren diskoetan argitaratutako lehenengo grabazio komertzialak. Eresbilen dute 1905. urteko grabazio haietatik galdu ez den disko bakarra, Martin Elolaren fandango bat, alegia. Inork ez daki non diren beste diskoak, egin egin zirela ziurtzat jotzen den arren.
Trebitsch
1913ko udan, Rudolf Trebitsch ikertzaile austriarrak, Euskal Herrira etorrita, euskal hizkuntzaren eta musikaren zenbait grabazio egin zituen. Batez ere ipuinak, kontakizunak, pasadizoak eta kantuak agertzen dira grabazioetan. Aipagarria da, besteak beste, Resurreccion Maria Azkuek ahotsa jarri zuela grabazio batean, eta grabazioetako bat “Gernikako arbola” kantuaren lehenengo testigantza soinuduna dela. Trebitsch-en grabazioak bi bildumatan banaturik daude: euskal hizkuntzaren grabazioak Vienako Phonogrammarchiv institutuan daude (CD batean eman zituzten argitara, 2003an); eta grabazio musikalak, ordea, Berlingo Ethnologisches Museum delakoan, gatibu.
Urtel
1916-17 urteetan, Hermann Urtel erromanista alemanak, seguru asko itzultzaile-lanak egiten ari zelarik, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gerra-presoei grabazioak egin zizkien. Ipar Euskal Herriko hiru euskalkien laginak bildu zituen. Ipuinak, pasadizoak, erlijio-testuak eta kantuak dira gehienbat. Dirudienez, oraintxe puntuan (2014ko uztaila) digitalizatzen ari dira grabazio horiek, Berlinen; lan hori bukatu artean (2014ko bukaera-2015eko hasiera) ez dago jakiterik grabazio horiei buruzko zehaztasun gehiagorik.
Esker ona
Honela bukatzen da fonografoaren doinuan 1877tik 1917ra bitartean egin dudan ibilaldi laburra. Izango da, ziur, hortik datu gehiagorik.Baina hauxe da gaia argitzeko egin dugun ekarpen xumea. “Dugun” esan dut, artikulu hau neuk sinatu arren, idazteko erabili dudan informazio gehien-gehiena Eresbileko teknikari Jaione Landabereari eta Eresbili berari zor diedalako. Bihoakie hemendik nire esker onik bihozkorrena.
IZOko terminologoa
Testu nagusitik bereizita, pasarte hau:
Soinu grabatuen politikak
Inondik ere euskarazko grabazioen funtsa gaur egun duguna baino aberatsagoa izango litzateke, soinu grabatuen politikak irekiagoak izango balira. Politika horiekin tupust egin dut nik behin baino gehiagotan. Esaterako, Berlinen Trebitschen grabazio musikalak aurkitu nituenean debekatu zidaten haiei zabalkundea ematea; han daude oraindik. Trukean xoxak nahi zituzten. Vienakoek ere oztopoak jarri dituzte Trebitschen gainerako grabazioak sarean jartzeko. Bitxia da: euskal hiztun batzuei Euskal Herrian nahiz atzerrian egindako grabazio batzuen kontura etekin ekonomikoa lortu nahi dute, nola eta grabazio haiek euskaldunoi salduz. Euskarria beraiena delako jartzen dituzte trabak, ez edukien jabetza intelektualarengatik. Horrexek ematen die boterea, euskarriak.
2014ko maiatzaren 15etik ekainaren 21era bitartean, Xabier Erkizia hots-adituak soinu-instalazio bat jarri zuen entzungai Koldo Mitxelena kulturunean, “Biblioteka eta Jakintza” erakusketaren barruan. Soinu-instalazioaren izena: “The politics of recorded sound – Soinu grabatuen politikak”. Ekimen horren bidez, besteak beste, soinu grabatuak denon eskura jartzea eragozten duten politika horiek salatu nahi izan zituen.
EUSKARAZKO GRABAZIOAK (1877-1917)
GRABAZIOEN EGILEA | URTEA | NON EGIN ZIREN | EDUKIA | NON DIREN ZILINDROAK |
Hugens | 1893 | Bilbo, Donostia | Kantuak | Arrastorik ez |
Pertierra eta Colis | 1894 | Bilbo | Daturik ez | Arrastorik ez |
Viuda de Ablanedo e hijo | 1897-98 | Bilbo | Kantuak eta musika-lanak | Eresbil |
Centro F. U. Enrique García | 1897-98 | Bilbo | Arriaga abizeneko kantari batek interpretatutako sei erregistro | Eresbil |
Léon Azoulay | 1900 | Paris | Bibliako pasarteak eta kantuak | Eusko Ikaskuntzaren CD ROMa |
Casa Erviti | XX. mendearen hasiera (zehaztu gabe) | Donostia | Daturik ez | Arrastorik ez |
dantzak Disko Gramophon Companyko injineru bat | 1905 | Donostia | Kantuak eta dantzak |
Disko bakar bat geratu da, Martin Elolaren fandango bat, Eresbilen dagoena; beste disko guztiak galdu dira |
Rudolf Trebitsch | 1913 | Euskal Herri osoa | Kantuak, ipuinak, pasadizoak… | Vienakoak Phonogrammarchiv institutuan daude; CD batean bilduta plazaratu ziren. Berlingoak, ordea, Ethnologisches Museum-en daude |
Hermann Urtel | 1916-17 | Alemania (zehaztu gabe) | Kantuak, ipuinak, pasadizoak… | Berlin |