*Umeak*
Umetxoaren barre algara;
neskatxoak, bere neba txikia
amari ikusi dion moduan
besarkatzen duena.
Beste ume bat, arreta guztia
txirrindulatik ez erortzean doana;
amamaren muxu goxoak jasotzen dituena;
aittitteren beso iletsuak
jakin-minez behatzen dituena.
Aitaren besoetan lotan dagoena;
mina hartu ostean
amarengan negarrez doana;
bikiak, kotxean paseatzen dituztenak.
Futbolean aritzen direnak;
korrika, oihuka, saltoka dabiltzanak;
bi haurdun berbetan...
Umerik izango ez zuela
esan ziotenetik
kaleak
umeez bete izan zaizkio
arrebari.