Idatzi nahi nuke memoria
Idatzi nahi nuke memoria,
izan ginen haiek erantsi zidatena,
sarri, gaueko lo orduetan
hartzen nauen arnasa hura
edo, itzarrik batzuetan
igartzen dudan iragana,
atzotik datorren sena,
zentzumena,
indar bat
ezer jakin gabe ere
jakitun egiten nauena.
Idatzi nahi nuke naizena.
-----------------------------------------
Zeruetako urrunetatik ote nator?
hego haizetan, enara,
bost puntako izarraren erpin bakoitzean, ausart,
ortzadarraren kolore guztietarako sortua.
Lurraren sabeletik ote, natorrena?
errekako uretan urtuta, zugaz,
harriak eta dena ferekatu guran, gozo,
ertzetako urradurak gozatzen, gazi,
urdin sakonetara, libre.
Lehendik ote nator, naizena?
Izateko ote nintzen?
Ez ote nintzen bagarelako?
Garelako dakit eta, banintzela,
hemendik nentorrela.
----------------------------------------------
Hegan, hegan
enara beltz bat
dator kolore artetik,
dator uretara, geldirik hegaldia
dator denborak eta gero
hegan, enara beltza.
Eguzkia ortzadarrak iturri.