Ezaba dezagun, maitea, arkatzez idatziriko koaderno zahar hura,
tintaz oroitzen nuena.
Ezaba dezagun guztia,
azken koma arte,
gauero logela hegian zelatan daukagun borreroak egin baino lehen.
Ezaba dezagun atzoko dei-galdua,
sendagilearen aienea, malko-erreka,
arren.
Esadazu lokartu dela erraietan arrautza ustelak erruten daramadan harra,
ez dariola kiratsik nire erraiei,
hasi direla zabaltzen eta tximeletak direla hegaka.
Ezaba dezagun azalean itsatsita daramadan iraungitze- data.
Ezaba dezagun, kezkaren orbana maindiretatik,
pozoiaren arrastoa zainetatik,
jagole beltzaren irudia ispilutik.
Ezaba dezagun guztia, maitea, berriz ere idazten
hasteko.