Infernuko arotzak ez du bere lana bukatu hezurrezko arraunak ke dira bilakatu! JON GEREDIAGA |
OB-SESIOAK
(I)
Behin eta berriro
suak eramaten nau zure altzora.
Jaio eguneko su epela gogoan damuaren atean jotzen dut behin eta berriro. |
Baina atea zabaldu orduko
behin eta berriro
haize zurrunbilo bortitz batek biziagotzen du
daramadan sua
eta nire sentimenduak erabat kiskalduta,
hurrengoan ez, hurrengoan ez!
eskaileretatik behera abiatzen naiz madarikazio eta birao
(II)
Gaueko ezusteko bisitaldiak esnatu nau.
Gaur ere
nire aspaldiko mamuak gautxori dabiltza nonbait
gauaren konplizitatea lagun
nire ametsekin nahastera etorri baitira.
Bat batean ohetik jaiki
eta gomutaren hondakinak uxatu nahian
idazteari ekin diot.
Leihoan oraindik gaua da.
Ezpainak zure izenarekin igurtzi ditut
eta hats epel eta gozo batekin
ametsak
zure urrutiko oherantz bueltan bidali ditut