ETXEA/ FAMILIA
Oroitzapenez beterik
txistuka bihotzean
haizeari
lagunei
bihotzeko kuttunari
orainean ditut denak
oroitzapenak:
haur lotsatiaren denborakoak
nerabezaro konplexukoak
helduaro poetikokoak,
eta etxean ditut ama
zerutik keinuka hilargia
eta familiaren irribarre abegitsuak erakusten dit
etxerako bidea,
bakerako bidea…
FAMILIA = ETXEA
Etxea da familia.
Etxea dago oroitzapenez beterik
ametsez kargaturik
eta iragan eta gero horren artean
jaiotzaren eta heriotzaren artean
orain hutsik nago betetzeko
bizi.
Etxea da familia
eta bertan espazioak eta denborak
ez naute antzematen,
ez naiz ohartzen
non eta noiz nagoen
familian nagoelarik.
Etxean ditut argitara gabeko
eta argitaraezineko olerkiak
etxean, eman gabeko muxuak eta
esan gabeko hitzak
eta horiekin betetzen naiz.
Orduan urrutiratzen naiz eta
etxean dilindan gelditzen dira
postalak eta irriak,
husten naiz negarrez.
Etxea da familia
eta urrutiminez, hutsik
hurbiltzerakoan
agertzen da familia
familian nago ni
itsasoaren zurrumurrua
eta hego haizea atzean,
inguru osoan familian nagoelarik
ez dakit non-noiz nagoen
eta betetzen hasten naiz
irribarrez eta hitzez
isiltasunez
Familia da ama
eta zeruko hilargia
anai-arrebak eta
ateko zaindaria,
aitatxi-amatxi eguzkitsuak
eta maite galdua
nitaz ahantzi dena,
ene bihotzeko mimatua
eta adiskide minak
maitasun mugagabea…
Delikatua baitut ene bihotza,
amodioa gauza tristea delako
eta amak,
etxeak,
familiak
kontsolatzen naute,
besarkatzen nauzu.
Eta asperdurarik gabeko isila, geldia.
Hori dena eta gehiago da etxea.
Familia.
Hori nire bizipoza eta indarra.
Ene seme-alabak sortzeko maitasun ohea.
Etxea.
Salbatuko nauen itxaropena
Etxea, familia, maitea,
esperantza dut
familia,
joan eta
etortzerakoan
itxaroten nauen familia
pertsona,
maitalea,
anaia, ama, izeba,
amatxi, lehengusin eta
Euri…
…xirimiri freskoa,
etxeko bixipoxa.