Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

 Geltokiko begiradak

begiradak    
Senarrak ez zuen azken aldian oso gustuko emaztea eta bederatzi urteko semearekin hirira erosketak egitera joatea; ordu luzetan dendaz-denda ibiltze hori astuna gertatzen zitzaion oso. Goizean indarrez ekin ohi zion jardunari, gogoz, baina orduek aurrera egin ahala, hirukoteak trinkotasuna galtzearekin batera, nekeak aise topatzen zuen euren arteko zirrikituak erreten sakon bilakatzeko modua.

Haseran dendetara elkarrekin sartu, jantziak aukeratu, aldagelara joan eta ispilu aurreko mugimendu zalantzakorren aurrean elkarri iritzi eta aholkuak eman ohi zizkioten emazteak eta biek, eraman oneko haurraren begiradapean. Bazkalostean, berriz, dendetako erakusleihoaren parean geratzeko hautua egin ohi zuen senarrak, barrurako asmorik gabe, emaztea, beti poltsikoan eraman ohi zuen gomazko pilotatxoa lurraren aurka kolpatuz jolasean ari zen seme gogaitua eskutik arrastaka zeramala, dendara sartzen zen bitartean. Goizeko lehen orduan bizpahiru dendetan sartu-irten azkarra egitea nahikoa baitzuen senarrak udaberriko jendaurreko konpromezu garrantzitsuetara dotore joatea bermatzeko. Emaztearena, berriz, beste kontu bat zen. Goiza ez ezik, arratsaldea ere beharrezko zuen hark ezer tajuzkorik (bere iritziko) aurkituko bazuen. Eta bazitekeen, gainera, etxera esku hutsik itzuli eta ondorengo asteburuan ere hirira joan behar izatea, bilaketa jardun antzuari jarraipena ematera.

Larunbat hartan, ordea, udaberriko erosketa lanak bukatutzat emateko moduan ziren, zorionez. Kreditu txartelari astindu galantak eman ostean, hori bai. Erosketen ordainketa hiruzpalau hilabetez atzeratzeko aukeraz baliatzea zegoenetik, ordea, dena zen errazago, dena eramangarriago. Senitarteko eta lagunen aurrean modako agertzeak zuen lehentasun; eta gero gerokoak.

Azken eguzki izpi ahulek hiria kolore epelez jantzi eta egunak gauerako jauzia egin ohi duen tarte laburrean geltokiratu ziren, bada, hirurak, senar-emazteak hiruna poltsa eskuetatik zintzilik eta semea pilota etengabe lurraren, pareten, farolen, zuhaitzen eta (nahigabe, ziurrenik) zenbait ibiltari eta txakurren aurka kolpatuz. Pendulu harmonikoak bailiran etengabeko dilindan zihoazen poltsa koloretsuak, ondo eginiko lanaren ikur nahastezin ziren; geltokia, eta ondorioz, etxerako bidea, hurbil somatzea, lehenagoko bisaia luzeen aringarri (eta euren arteko erretena estali berri zuen ore trinko).

Ez zegoen jende askorik nasan. Erabiltzaile gabezia omen, garraio publikoaren hutsunerik handiena. Bi minutu baino ez trena hel zedin. Haurrak pilota lurraren aurka kolpatzen zuen maiztasun beretsuan egiten zuen aurrera, urratsez-urrats, geltokiko ordulari erraldoiaren orratzik bizkorrenak. Halako batean, pilotak lurra kolpatu ordez haurraren oin muturra ukitu eta bere kontrolpetik ospa egin zuen, ihes urdurian, nasan barrena, geltokiko zokogune umel batean pilaturik zeuden kartoizko kaxa batzuen aurka talka egin eta gelditu zen arte. Geltokira hurbiltzen ari zen trenaren hotsak, pilota berreskuratzera abiatzeko haurrak egin zuen keinuak eta pilota heldu berri zen zokoguneko kartoizko kaxen mugimendu makalak eurenganatu zuten, modu beretsuan, guraso zalantzakorren arreta. Lozorrotik esnatu berri den hartz nagia bailitzan, giza irudi baten itzala azaleratu zen kaxen azpitik, pilotatxoaren talkak ernarazita. Pilota eskuan hartu eta hari begira geratu zen, kuluxkaren lorratzak uxatu ezinik. Burua jaso eta haurraren zein gurasoen begiradekin egin zuen bereak topo. Trena geltokira ailegatua zen ordurako eta nasan zegoen jende apurra barruruntz zihoan, pausoak inertzia hutsez emateak igortzen duen geldotasun irudian kateaturik. Haurrak pilotaren bila joateko baimena eskatu zion amari, burua biratu eta begietara begiratuz.

Besotik estu heldu eta trenaren barnera bultzatu zuen indarrez amak haurra, ahal bezala ordurarte esku banatan zeramatzan poltsak esku bakarraz oratuz. Hirukotea treneko zorua eta nasaren arteko bereizgarri diren bi mailatxoak igotzen ari zela, batere harmoniarik gabea begitandu zitzaion, trenen etengabeko joan etorrien jagole geltokiko egunkari saltzaileari, pendulu koloretsuen dilinda.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago