Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 
 
POZAREN HOTSA 
Beren urrezko ezteiak pasatzen ari ziren hoteleko kafetegian sartu ziren. Gustura hartu zituzten aulkiak, arrunt egokiak behar zuten atsedenerako. Laster hurbildu zitzaien zerbitzaria, eta café au lait eskatu zuten. Kafesneak prestatu bitartean, sala ederrari begiratu eta sentitzen zuten zorionaz pentsatu zuten. Izan ere, aitona-amonentzat egunerokotasunetik at zegoen une hura. Harritzekoa zen hiri hartan kafesnea hartzen egotea, harritzekoa horrenbeste denboraren buruan osasuntsu eta zoriontsu irautea ere. Mende erdia elkarrekin egon izana ez zen txantxetako kontua: berrogeita hamar urte bien artean piztutako maitasuna elikatzen eta zaintzen.

Horrela, isiltasunean jarraitu zuten; isiltasunean mintzo baina tarteka leihotik begira, tarteka elkarri begira..., soinu berezi eta ezaguna entzun zuten arte: trinnggg!!!! Bat-batean burua jiratu zuten biek eta... hantxe ikusi zuten, mostradorearen alde batean sendo, dotore eta distiratsu Caja registradora.

Soinu hark poztu egin zituen. Ezaguna zuten zintzarri hots hura, familiakoa ia-ia. Aspaldi ikusi gabeko lagunarekin topo egitekoan sentitzen den poza nabaritu zuten. Alaitasunaren indarrak bultzatuta, altxa zen aitona, kaxara hurbildu eta, harrituta, kutxan idatzitako izena irakurri zuen, ozenki: “National”. Berriro eserita, amonari eskuak hartu eta goxo musukatu zizkion, esanez: –«Itxi begiak eta egin dezagun denboran atzera eramango gaituen bidaia».

Buruaz baietz esatearekin batera, oroitzapenak joan eta etorrian hasi zitzaizkien Donostiaraino iritsi arte. Orduan, ximelduta zegoen amonak garai batean izan zuen gorputz gazte eta ederra ikusi zuen. Orduan gogoratu zituen baserritik Donostiara amarekin egindako bidaiak. Astean bi aldiz, San Martineko azokara, hegaztiak eta garaian garaiko fruitu eta barazki sortak donostiar etxekoandreei eskaintzera. Lan astuna huraxe, batere erosoa ez zen ate ondoko postuan. Hotza. Horregatik, hasi ziren hurbiltzen, berotasun eta atseden bila, azokatik gertu zegoen konfitegi hartara.

Urbieta kalean zegoen Ayestaran gozo eta konfite denda: dotore eta eder. Gehiegizkoa ama-alaba haientzat, gehiegizko bezain atsegin, bertako kafesne beroa zen bezala. Hantxe, trinnggg!!! Hots hura entzundako lehenengo aldia. Trinnggg!!! bezero bakoitzak ordaintzen zuenean. Trinnggg!!!! alabak sosak esku fineko andreari ematen zizkionean. trinnggg!!!! Dirua gordetzeko “National” izeneko makina haren hitza. Eta trinnggg!!!! Ametsen mundura sartzeko giltza: «Egunen batean izango dut nik ere horrelako diru kutxa nire dendan; noizbait bukatuko da kaleko salmenta», pentsatzen zuen alabak barazki artera itzultzen zen bakoitzean.

Baina trinnggg!!!! egiten zuten kutxak aproposagoak ziren, nonbait, konfitegietarako barazki dendetarako baino, zeren eta hiriaren beste muturrean ere trinnggg!!!! entzunez trukatzen baitzituzten txanponak Otaegiko bezero eta nagusiek.

Otaegi gozo eta konfite denda Narrika kalean zegoen, Bretxako azokatik oso gertu. Toki dotorea eta atsegina hura ere. Hori iruditzen zitzaien, behintzat, mutil gazte hari eta bere amari. Hantxe egiten zuten gosari txikia. Han hartzen zuten lan gogorrari ekiteko pizgarria. Izan ere, Bretxako arrandegi nagusian erosten zituzten gero herrian auzoz auzo saltzen zituzten arrainak. Gozo denda hartantxe erreparatu zen gaztea trinnggg!!!! Eginez mintzatzen zen makinak “National” zuela izena. Hitz berria iruditu bazitzaion ere, gogora ekarri zion etxean nozitutako egoera zaila, eta, horregatik, nahiago zuen izenean baino hotsean erreparatu. Trinnggg!!!! Trinnggg!!!! –«Soinu polita»–, zioen bere baitan.

Tarteka kutxa-soinuarekin bat eginez, egin zuen aurrera bi neska-mutil gazteen bizitzak. Joan-etorrian, herritik hirira eta hiritik herrira, garaian garaiko produktuen garraioan beti. Garaikoak ziren, halaber, gozo dendan erosita etxekoei eguberritan eramaten zizkieten turroiak eta mazapanak ere. Eguberri garaikoak jostailuak ere. Hala zioten gozo denda bietan ohiko bezeroek. Modako jostailu denda omen zegoen hirian: «pozen eta ilusioen saltokia», etxekoandreen hitzetan.

Eta poza erosteko fantasiak eraginda, hiria arakatzen zuten kalez kale, ilusioen kutxa Elkano kalean aurkitu zuten arte. El Candado zioen erakusleiho erraldoiaren gainean. Hantxe, ezagutu zuten elkar. Inoiz jostailurik eduki ez zuten gazteak ume bihurtu ziren erakusleiho haren aurrean. Bertan ikusi zuten, panpina, lapiko, zartagin txiki, kotxe eta martxan zebiltzan trenen artean, soinu berezi hura egiten zuen diru-makinaren kopia txikia. Trinnggg!!!!, euren arteko bizi berriaren hasiera markatu zuen hitza. Izan ere, han eskaini zizkioten elkarri lehenengo begiradak, lehenengo irribarreak, lehenengo musuak akaso..., eta elkarren arteko lehenengo ametsak: «Guk ere izango dugu noizbait horrelakoa», zioten.

Tarteka ere, kutxarekin amets eginez, senar-emazte gazteak denda baten jabe egin ziren, baina ez zuten “National” izeneko diru kutxarik izan; distira handiko menbrilo kaxan gorde zituzten bezeroek emandako diruak, gozoan gozo, jakin arren esku artean ibiltzen zituzten txanponetako aurpegiak ez zuela halako tokirik merezi.

Ez ziren damu, ordea, elkarri eskuak estutu eta, konplizitate keinuz, «trinnggg», esan zuten, zoriontsu, Pariseko hoteleko kafetegi dotorean.
 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago