Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
etxeberria_altxorra.gif  
ALTXORRAREN UHARTEA  

Eguna lainoturik zegoen eta itsasoa bare-bare. Fionek arraunari ekin zion ahalik eta azkarren. Aititea itsasora irteten ez zen asteko momentu bakarra aprobetxatu beharra zeukan. Igande goizean gaixo plantak egin zizkion amamari, mezetara joan beharrean etxean gelditzen utz ziezaion.

Bakarrik gelditzean presaz ibili zen, jakin baitzekien hiru ordu eskas baino ez zituela izango. Haraino heltzeko ordu erdirekin nahikoa izango zuela pentsatuz askatu zuen txalupa portuan lotzen zuen soka. Eta arraunari ekin zion. Uisceri ez zion ezer kontatu. Dena beti elkarrekin egiten zuten arren; edo horregatik akaso. Behingoz zerbait bakarrik egiteko gogoak zituen, eta hobe zen harik eta jende gutxienak jakitea aititeren txaluparekin abiatua zela.

“Altxorraren uhartea” irakurri zuenetik horrelako abentura bat asmatzeko gogoak sortu zitzaizkion. Altxor bat ezkutatuko zuen. Alabaina, ezkutatu beharrekoa aukeratzeko hamaika buruhauste izan zituen. Hasiera batean, amamak oparitutako itsulapikoa eramatea otu zitzaion. Baina bertan gordeta zituen hamar txanponek, ez zuen uste inorentzako balio handiko altxorra suposatuko zutenik. Gainera, dirua amu berriak erosteko behar zuen. Hortaz, ezkutatzea benetan pena mereziko zuenaz pentsatzen ibili ostean, amamaren gau mahaian aurkitu zuen bilatzen zebilena: amamaren perlak ezkutatuko zituen. Amamaren lepoko eta belarritakoak.

Uste izan zuenaren bikoitza tardatu zuen Fionek Izaroraino heltzen. Ordubete luzez arraunean ibili ostean, txalupa uharteko arroken artetik igo, eta uhartearen magaleko berdegunean gora igo zen, bi eskutxoekin perlak gordetzen zituen kutxa sostengatzen zuela.

Lehendabiziko betebeharra, uhartean ezkutaleku on bat bilatzea izango zen.

Fion, iparraldera ematen zuen aurpegira urreratuz zihoan, ahotsak entzun zituenean!
 
Fion ez zegoen uhartean bakarrik eta kezkatu egin zen erabat: inork ezin zuen bera ikusi, bestela altxorra ezkutatzera etorria zela jakingo baitzuten.

Arroken artean ezkutaturik, arrastaka uhartearen iparraldeko bazterrean gertatzen ari zena ikustera hurbildu zen, kontu handienaz.

Ez zuen Fionek inoiz ikusi hango harribitxiek sortzen zuten distiraren modukorik. Hiru gizon zeuden ulertzen ez zuen hizkuntza batean eztabaidan, eta haien pare-pare, eguzki errainuen adinako distira botatzen zituen harribitxidun zakua. Itsasertzean, bi ontzi zeuden paraturik, eta haietako batean, laugarren gizon bat.

“Piratak!” pentsatu zuen umeak. Baina begira jarraitu zuen kikildu gabe.

“Bomb!”. Bat-batean, danbateko bat entzun zen eta Fionek, ontzitik ke zerrenda fin bat igotzen ikusi zuen. Hurrena, hiru gizonetako bat lurrera jauzten zela, bigarren batek bere alboan zegoenari bizkarretik heldu eta labana lepoan jarri zion, ontzikoari oihu egiten zion bitartean.

“Bomb! Bomb!”, beste bi danbatekok itzali zituzten haien oihuak. Bi gizonak lurrera erori ziren, haien alkandorak odolaz gorriz tindatzen hasiak zirenean. Ontziko gizonak hil egin zituen... Orduan, gizon berberak, ontzitik arroka batera salto egin zuen. Ezustean baina, txirrista egin, eta Fionek gizona atzerantz nola jausten zen ikusi zuen, buruarekin arrokaren kontra ematen zuela.

Momentu hartan, uhartea mutu geratu zen. Olatu txikiek area miazkatzean sortutako hotsa eta ontzien egurrek mugitzean sortutako kirrika baino ez ziren entzuten.
 
Fion esperoan gelditu zen. Baina minutuak aurrera zihoazela, han ez zen inor mugitzen.

Harribitxizko zakua, hondarraren erdian zetzan. Eta joan etorriko olatuek ukitzea lortzen zuten, baina goibeldurik egiten zuten berriz ere atzera, altxorra eraman ezinik
.
Arrokaren gainean zegoen gizonak aldiz, eroritako leku berean jarraitzen zuen. Keinurik egin gabe.

Fion zutitu eta gutxika hondartzara hurbiltzen joan zen. Erortzen lehenengoa izan zen gizonarengana urreratu zen. Gizonak begiak zabalik zituen, odol eta arez zikindutako aurpegian bi zulo zuri ziruditela. Gazteak zaku hartan zeuden harribitxiak ikusi zituenean, ez zen ausartu begiak kliskatzera ere. Eskumako eskua zorro hartan murgildu. eta eskukada bat hartuta handik ateratzen ikusi zituen esmeralda, errubi, urrezko txanpon eta haien izena zein zen ere ez zekien milaka koloretako harribitxi.

Zakutik hiru bat metrotara, zulo handi bat zegoen arean. Antza zenez, hantxe sartu behar zuten zakutzarra.

Fionek ontzi alboko arrokara begiratu zuen. Baina han... ez zegoen inor. Lehentxeago etzanda zegoen gizona, baita ere hilik zela uste zuena jadanik ez zegoen han. Fion alde guztietara begiratzen hasi zen urduritasunez. Non ote zegoen pirata? Non ote zen? Fionek alde batera eta bestera zuzendu zuen begirada, hiltzaile hura inguruan izan zezakeela pentsatze hutsagatik aurpegia zurbiltzen hasia zuenean. Jiraka hasi zen, bat-batean estropezu egin zuen arte.

–“Aaaaaaaaa!” - Fionek ozen egin zuen oihu: aurpegitik hamar zentimetrotara laugarren gizonaren begiak begira-begira zituen. Arineketan zutitu eta metro bat egin zuen atzerantz, baina... piratak lurrean etzanda jarraitzen zuen. Hilik zegoela antzeman zuen... olaturen batek arrokatik bota eta gorpua arera bultzatu zuen.

Momentu hartan, Fion orduaz akordatu zen... aitite-amamak itzuliak izango ziren jadanik akaso, eta kezkatzen hasiak baita ere. Arineketan, piratek egindako zulora hurbildu, amamaren perlen kutxatxoa bertan laga eta zuloa estaltzeari ekin zion.

Sustoen erdian, pozteko arrazoiren bat behintzat bazuen: piratek zuloa egiteko lana aurreztu zioten.

Bukatu zuenean, uhartearen beste alderantz abiatu, txalupara igo eta ahal bezain azkar ekin zion arraunari.

Etxera itzuli zenean ia bazkalordua zen eta kezka handiz igo zituen etxeko eskailerak... amamak oihukatuko zizkionak buruan...

Etxera heltzean baina, lasaitu ederra hartu zuen, eta denborarik galdu gabe, ohera sartu zen.
Arratsaldean bertan, amamari gau mahaian altxorraren uharteko mapa berria utziko zion.

Andoni Etxeberria

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago