Irudia: Kristina Fernandez |
HABI-OHEA
Ilun irakurri ninduzun azken gutunean, badakit. Gaur ere banator negar malkoz idatziriko papera eskuartean dudala. Gaur ere nire txanda da, entzun! Ez didazu hitz egin nahi, beraz, entzun. Ilun usaindu ninduzun utzi nizun azken argazkian, badakit: irribarre isila, begirada galdua, buru makurra, hezur estuak eta azal zimurra antzeman zenizkidan. Eta bihotza? Eskerrak, eskerrak hura ikusterik ez zenuen izan.
Maldan gora nekez, karriketan zehar hotz, bizikleta zaharra suma zitekeen nire atzean, argazkiaren eskuinaldean. Non atera genuen argazki hura? Zuk egin al zenuen? Bai, hala uste dut. Zenbat bizipen kale haietan, oroitzen? Istorio ugari dituzte gurpil horiek, istorio gehiegi ditu txirrin ugertuak. Barre egiten genuen atarian lehertuak. Eta han zinen zu ere: euripean makurtua, iskinan makurtua, ezkutuan makurtua, beldurrez makurtua, belaunak hartuta, han zinen. Baina, esan: nork egin zizkigun erretratuak?
Hutsik nago barrutik, baina ez zait ezer gehiago sartzen, ez dago miseria gehiagorentzat lekurik, ez dago odol uholde hau jasango duen kupelik, ez dago barmanik aho beroak hozteko koktel izoztuak egin ahal dituenik, ez dago, ez dago. Nor da inor zure bizimodua epaitzeko? Nor da inor zure epitafioa baimenik gabe zuri-beltzean jartzeko? Nor da inor ezagutu zintuela esateko?
Baduzu gogoan Esoporen istorioa? Astoarena? Ba omen zen behin asto trebe eta ausart bat. Egun eguzkitsu batez, astoa izerditan blai eginda zegoen, leher eginda. Alboetan saski bi zeramatzan: gatzez bete-beteak, bata zein bestea. Ibai bat gurutzatzen ari zela, irrist egin eta uretara erori zen asto gaixoa, gure asto nekatua. Gatz gehiena urarekin disolbatu egin zen; eta astoa, bizkarra arin-arin zuela, txistuka
irten zen ibaitik, lasai, fresko, deskantsatuta. Baina, beste egun batez, hura ere eguzkitsua, beroa, uda-udakoa, belakiz beterik hurbildu zen ibaira, eta, irrist egin baino lehen, uretara salto egin zuen nahita. Gure asto alferra konturatu zenerako, belakiek ibaiko ura xurgatu zuten; eta, pisuaren pisuz, ibaian hondoratu eta ito egin zen.
Ni ere hala nago, hondoan, itota. Belakiek ezin dezakete malko gehiago xurga. Eta nire bizkarrak ez du zama hau gehiago jasan nahi. Ibaira bota nahi dut neure burua eta ez ditut kontuan hartuko ez malko gaziak ez belaki bustiak. Astoa baino astoagoa izan nahi dut, eta hondoan egon, bertan loak hartuko nauen esperoan, inork aterako ote nauen esperoan, ibai ertzean zure isla noiz ikusiko zain. Malko gabe zain.
Beltz dastatu zenituen bart nire negar anpuluak, eta beltz suma dezakezun larrosarekin natorkizu bisitan orain. Hemendik entzun zaitzaket, hemendik senti zaitzaket, hotz baino hotzago, hil baino hilago. Zelai hezean moilatua nago. Zer gertatu zaizu? Zer egin dizute?
Gure gotorlekua zen ohea, zure erresuma eta nire konkisten agertoki zena, hutsik aurkitzen dut gau eta egun. Argi nahiz ilun, hotz nahiz bero, ez dago lurrunik, ez dago irririk, ez dago zetarik, ez dago deus. Kaosa da: osotasun hutsa eta ezereza. Ez zaude. Lur, zizare eta harrez eraiki dizuten habi-ohea eragitera etorri naiz faltan zauzkadalako. Ez zauzkadalako.
Ontzigalera baten ostean bezala nago, gidatzen ninduen naoa itsasoak eraman du. Ohe azpian gordetzen zenuen kutxari eutsi natzaio buia bat balitz bezala. Irudi eta letren bilduma hau igurzten dut uneoro, atera ditut soinekoak, atera ditut armairutik bakero eta kamisetak, zapatak ere, kendu ditut apaletik. Irakurriko ez ditudan liburuak ere utzi dizkizut alfabetikoki gordeak, itzultzen zarenerako, behar dituzunerako, esnatzen zarenerako, berpizten zarenerako, berraragiratzen zatzaizkidanerako.
Agian neu ere ilun nagoelako, ke usaina hartzen dizut. Morez jantzita ikusi zaitut sukaldeko atean, horregatik etorri naiz hona, nire albotik guztiz joan ez zarela jakiteko. Nahi dudanean ikus zaitzakedala ziurtatzeko. Betiko lora eraman zaituena aurkitu arte ez dut etsiko, eta bitartean, zure loa zainduko dut.
Estalkiak ihes egin dio bihotzeko zuloetan ilun eta sakonenari: Pandoraren kutxa ireki da, eta nire erraietako sehaska hotzenean ezkutatu naiz: amets gaiztoenen kutxan hartzen dut lo gauero, beldur latzenen saskian esnatzen naiz egunero, laztan arrotzenen ohean lortzen dut kontsolamendua, malko lehorrenen baoan egiten diot min neure buruari, eta zu ez zaude hemen.