Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 
INOZENTZIA LAPURTUA 

Aspalditik ez zuten elkar ikusten Marinak eta Jonek. Arratsalde hartan topo egitean, presaka ziren biak; hala ere, segundo batean eta hantxe bertan, zera erabaki zuten: kafetxo bat hartzeko hitzordua adostuko zutela, bestela... jakin bazekiten asmo onak, azkenerako, saio hutsal bilakatzen zirela beti.

inozentzia_lapurtua1.gif  
pdf  
Horrelaxe, ba, hurrengo asteazkenerako jarri zuten zita, arratsaldeko seietarako Joneren etxe aurrean.

Arratsaldeko seiak hamar gutxitan kalera abiatu zen Jone. Irail bukaerako arratsalde epel eta eguzkitsua zen, umeen jolasak sortutako algarek betetzen zuten herriko plazako giroa eta, seiak izan arren, eguzkiak berotzen zituen bazterrak, giroa gozatzen.

Eta seiak puntuan ailegatu zen Marina. Plaza aldeko taberna batean eseri ziren. Kafeak eskatu eta batak besteari eguneroko kontuak esan eta gero, Marinak naturaltasun osoz bere kontaketari ekin zion.

Haurtzaroan abusu sexualak jasandako talde batean zebilela esplikatu zion Joneri. Hasieran Jonek ez zuen ongi ulertu zer egiten zuen Marinak hor, baina Marinak berehala argitu zion kontua; izan ere,Marinak berak txikitan jasan zituen familiako kide baten abusuak. Jonek, aspalditik ezagutzen zuen arren, ez zekien ezer eta berriak ustekabean harrapatu zuen.                                         
  inozentzia_lapurtua.gif

Jonek harriduraz begiratu zion,  baina ez zen galderak egiten ausartu. Iruditu zitzaion ez zela momentu egokiena eta, gainera, ez zuen uneko intimitatea puskatu nahi, ez zuen berarengan jarritako konfiantza hura apurtu nahi eta, horregatik, isilik aditu zuen bere lagunaren kontakizuna. Marinak, bitartean, narrazioaren haria galdu gabe, berean jarraitu zuen, lasaitasunez, baina gehiegi pausatu gabe, oroimenari denbora zehatza eman nahi balio bezala. Akaso kontatzeko modua bera terapeutikoa izango zitzaion, batek daki...

Marinak aipatu zion sei urte inguru izango zituela bere osabaren abusuak hasi zirenean. Neguko otso gosetiaren antzera, osaba zain egoten zen eskola orduak bukatu artean eta orduan, maltzurkeriaz hasieran, mehatxuekin beranduago, bere etxera eramaten zuen; beraz, sei urteko neskatxoaren mundu perfektua erruz betetzen joan zen, maitasunaren eta gorrotoaren arteko eremuak konplexutasunez betetzen, haurtzaroaren inozentzia erabat puskatzen.

Jone kontakizunak hunkituta zegoen, hain zen gordina gertatutakoa. Marinak, ordea, jarraitzeko gogoa zuen, kontatzeak zama hori zer edo zer kanporatzen lagunduko balio bezala.

Marinaren gurasoak gertatzen ari zenaz jabetu bitartean, urtebete inguru pasa zen. Garai hartan, Marina jaunartzea egitera zihoala eta, osabak emandako mila pezetako billetearekin azaldu zen etxean egun batean. Gurasoak harritu egin ziren eta, hari hartatik tira eginez, gertatutako guztia deskubritu zuten. Eta hortik etorri zen familiaren katarsia, hor suertatu zen ordura arte orekan mantendutako harremanen galbidea eta orduantxe ohartu zen Marina gertatutakoaren garrantziaz. Bide batez Jakin zuen ordura arte isilean gordetako gauza ilun hura, errealitatearen eta amesgaiztoen eremuetan zegoen hura, bere intimitatearen gotorlekuan babestutako sekretu hura, agerian geldituko zela.

Momentu hartako bizipenak oso gogoan zituela esan zuen Marinak: hasieran beldurra gailendu zitzaion, gero lotsa, eta ondoren, bere barruko munduarekiko haustura, bere zazpi urteko mundua hamaika zatitan sakabanaturik, barreiaturik.

Ondorioak, ordea, ez ziren horretara mugatu, familia gunea gainditu baitzuten; izan ere, gurasoek salaketa jartzea erabaki zuten eta, herri txiki batean bizi zirela kontuan hartuta, guztiek gertatukoaren berri izan zuten berehala, eta okerrena, guztien ahotan bolo-bolo zabaltzen hasi zen notizia.

Marinak ongi gogoratzen zuenez, orduz geroztik bizitza guztiz aldatu zitzaion. Bestetik, herria bi taldetan banandu zen. Alde batetik, osabaren alde jarri zirenak: alkateak, apezak eta guardia zibilek «ezpal oneko gizasemea zela» esan zuten. Beste taldean, ordea, gurasoak eta beste batzuk, gutxi batzuk egia esanda, eta, biktimak izan arren, umiliatuak.

Epaiketa eguna oso gogorra izan zen Marinarentzat: gertatutakoa besteen aurrean oroitzea, berriz, bertaratutakoen begirada jasanezinak eta, batez ere, osabaren betiko begirada erasokorra, harroa oraindik, zelatan une oro, presaren zain. Eta nola ahaztu gizaseme guztien aurpegi luzeak eta zuhurrak, Auzitegiko zurezko banku handiak, non oinak ez zitzaizkion lurreraino ailegatzen, gurasoen aurpegiak, saminaren eta galdutako duintasunaren islak. Eta gauza guztien gainetik, hitzik erabili gabe besteen jarrerak epaitzen zituzten begirada zorrotzak eta astunak, epaiketa hasi baino lehen epaitu egiten zuten horiek, biktima aldez aurretik errudun bilakatzen zutenak.

Udazken aldera jakin zuten epaitza: bi hilabeteko kartzela zigorra eta hurbiltzeko debekua jarri zioten osabari, eta iruditzen zitzaion zama hura ere bere gain zetorrela, hura ere berak jasan behar zuela.

Haatik, gurasoek ikasturte berriari begira hartutako erabakiak bere bizitza are gehiago aldatu zuen. Hartutako neurria oso latza iruditu zitzaion Marinari: irailean, hiriko eskola batera bidaliko zuten barneko ikasle. Herritik urrutiratzea zigor handia egiten zitzaion, handiegia eta ulertezina: nola ez sentitu errudun maite dituzun guztiengandik apartatzen zaituztenean? Nola aurre egin bakardadeari gauza ezagunetatik hain urrun egonda? Norekin konpartitu gaueko izuak? Zergatik ez hitz egin gehiago gertatutakoaz? Nola jasan familiakoen begirada iheskor eta mutuak?

Marinak minduta oroitzen zuen aitaren jarrera itxia, hura bai jasanezina. Ordura arte, gauero joaten zitzaion ohera musu ematera, baina gertatutakoaren berri izan zuen momentutik ez zen gehiago hurbildu eta halako batean, Marinak horren arrazoiaz galdetu zionean, kopeta ilun jarri eta zera esan zion: jada emakumea zela eta ez ziola gehiago musurik emango, gero isiltasunak itxi zituen bere ezpainak. Zazpi urteko neskatoa bat-batean aitarentzat emakumetu?

Kontakizuna bukatzear zegoela, Marinak kikara ezpainetara eraman eta arnasa sakonki hartuz, Joneri egin zion so. Bazirudien une horretatik aurrera baimena eman nahi ziola nahi zuen guztia galdetzeko, bide-batez, eta akaso istant bakar batez, bere bizitzan sartzeko aukera eskaini.

Baina Jonek burua nahasturik zuen eta ez zitzaion ezer bururatu. Edozein modutan, gaineratu zuen Marinak, gertatutakoa gogoratzea, mingarria izan bazen ere, beharrezkoa zuen bere bizitzaren puzzlean faltan ziren piezak berreskuratzeko, eta era berean haurtzaroan lapurtutako bizitza-zati horietaz jabetzeko.

Kafea elkarri begira bukatu zuten, irribarrerik gabe. Eguzkiak, jada, indarra galdurik zuen mendebaldeko norabidea hartuta, umeen algarak isilduta, herriko plaza lasai zegoen, mutu, ia hutsik.

Agurtu baino lehen, Marinak Joneri Elkartearen informazio papera eman zion. Musu elkarri emanez, bakoitza bere bidetik joan zen.

Joneren buruan, Marinak kontatutakoa, sufritutakoa, bizitutakoa, galdutakoa. Irudi horiekin batera, hamaika hausnarketa, hamaika emozio, hainbat pentsamendu eta Marinak utzitako hutsune bat, lapurtutako inozentziarena.
 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago