Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
flasha.gif  

 

FLASHA 

Flash argiak itsutu nau, bat-batean. Segundo bakoitzeko zazpi sastada gutxienez. Ia eskaileratik jausi naiz, azken maila ez baitut ikusterik izan.


Eskuinaldean, Iñaki, diskjokey-a, berera, ile artean burua balantzaka; noizbehinka, erritmoa eraman nahian dabilela ematen du. Ez da erraza: Led Zeppelin. Diska osoa, jarraian -Black Dog, Rock and Roll, Baby, I´m gonna live you-.

Bafleak gogor ari dira, lehertu beharrean, lau ertzetatik. Erdian, dozena bat dantzari. Adatsak, tximak eta bizarrak; emakume gutxi. Ezkerrean, taberna, argia –gutxi- dagoen leku bakarra. Goizeko ordu-biak dira.


Mielangel eta Arrate -ez dakit bikotea diren-, beti elkarrekin dauden arren. Homosexualak direla diote, baina niretzako, ez dutela sexurik praktikatzen, edozein izanda ere. Gimnasia dela pentsatuko dute, eta eurek gorputza gehiegi ez mugitzearen aldekoak dira.

Marihuana pixkat lortu dute, lagunen batek emandakoa, sosik ez baitaukate bien artean kafesnea hartzeko ere. Horregatik, ardo bi eskatu dituzte. Bi gorri. Lehenago bi beltz, eta hasieran, beste tabernan, bi zuri. Ahalik eta azkarren -eta merkeen-, mozkortu nahi dute, gaur ere...

Mielangelek orain hiru hilabete utzi zion lana egiteari. Ez zegoen gustura, tornu errebolberrean zortzi ordutan tente egotea luze egiten zitzaion, batez ere bigarren porrotxoaz geroztik. Enkargatuak zerbait esan zion, itxuraz, hirugarren aldiz, ordubetean, komunera zihoala ikusi zuenean. Orduan, Mielangelek, mailua hartu eta mehatxu egin zion; gero, mailu berarekin, makina-buruko engranajea apurtu zuen; taladrina bidoia hankaz gora jarri, inguru guztian barreiatuz, eta azkenik, ostikoka ekin zion arropa gordetzeko armairutxoari. Lasaitu zenean, beste porrotxoa erre eta gero, ugazabarena joan zen. Gehiago ez zetorrela adierazi zion, eta kito: ez zen gehiago joan. Orduandik, Arraterekin hasi zen ibiltzen –ibiltzen baino, jarrita egoten-, eta neskak lanik egiten ez duenez, hogeita lau orduak batera daude.

Josu sartu da atzetik bultzaka, bat-batean. Ez, ez dator bultzaka, ez, ezin eramandako mozkorraz baizik. Begiratu eta barre egin dit. Ganoragabeko irri lerdea. Gaur ere zaldi gainean dabil, ziurrenik. Joan zen hilean zaldia erosi zuen. Orain, egunero jaten eman behar dio, eta gero eta gehiago jaten du, madarikatuak. Lehenik dirua, gero osasuna, gero askatasuna, dena jaten du. Baina dena erosi behar gainean ibili ahal izateko. Dena saldu behar jarraitu ahal izateko: etxekoak, lagunak, ezagunak, ezezagunak.

Atzo harrapatu zuten erdiko kaleko taberna batean lapurretan. Ezagutzen zuen jabeak, eta ez dio ezer egin, ez salatu, aurpegikoa eman ostean. Ez zaio inporta. Ahal duenean, berriz ere, egingo dio, erraz baitauka, kale ondoko leihatilatik sartzea.

Argi gorriak hasi dira biraka. Urdinak, berdeak, txandaka. Led Zeppelinen bateria, oraindik ere, bafleak zartatu nahian.

Pello ikusten dut, zutabe atzean, neska bati musuka, elkarri muskilak jaten. Gaur bi aste hasi ziren, elkarrekin. Erabat atxurtuta ezagutu zuten elkar, eta, bi aste geroago horrela jarraitzen dute. Bata besteari eusten, bata besteari miazkatzen, aldi berean ari dira.


Pello bajan dago. Orain bi aste atzamar potoloa hautsi zuen. Nahita. Ajustadorea da, eta lanean ona dela diote, baina, noizbehinka, ezin du lana jasan. Langileen eguneko zubia zetorrela eta, hiru egun lehenago jai hartzea erabaki zuen.  Mailua hartu eta bere buruari jo zion, atzamar potoloan. Mina hartu zuen. Halere, ez behar beste. Alboko lagunari eskatu zion jo zezan. Honek, hasieran, beldurtu egin zenez, ezetz esan zion, baina Pello hainbeste tematu zen, ezen izugarrikoa eman ziola: lau aste bai, beharko ditu osatzeko. Zutabearen atzean, eta anestesiaturik, eta maitearekin jolasean, ez dauka minik oraintxe bertan.

Ez dira konturatzen, ez musika aldaketetaz, ez eta lau pikoleto sartu direnik, trikornio eta guzti dantzaleku erdiraino.

Isiltasuna bat-batean. Iluntasuna. Argi guztiak piztu dira. Argitasun osoa. Denak itsuturik gelditu gara. Gure begiak badoaz, poliki-poliki moldatzen. Karnetak eskatzen ari dira. Banan-banan atera gaituzte dantzatokitik, ertzetako txokoetatik, Pello eta neska bakarrik libratu dira. Inor ez da konturatu zutabe atzean zeudela. Beraiek ere ez.

Eskailerak zarataka eta oihuka igo ditugu. Pikoletoek ikusten ez gintuztenean, irainka eta gora-ETA-ka. Gora heltzean, ordea, berdez jantzitako beste dozena erdi zeuden. Mikel ez da konturatu eta kontsigna zatarren bat botatzen harrapatu dute. Kulatarekin eman dio hortzetan, eskuinekoak. Ezkerrekoak, ostikada izterrean. Odolez utzi dute bi segundotan. Heldu diot bizkarretik, eta buruak makurturik, txamarra bakeroa gainean jarriz, kanpora irten gara. Euria da, barra-barra. Zaparrada galanta. Mikelen odol jarioa bezain galant. Bi hortz zintzilika ditu. Lurrera erori gara biok. Prakak, jertsea, alkandora blai eginda dauzkagu; galtzontziloak ere bai. Altxatu gara, nola hala, eta anbulatoriora abiatu.

Gero jakin ahal izan dugu, tabernaren jabearekin ari zirela paisanoz jantzitakoak. Norbaitek esan omen zien ospatu egiten zuela guardia zibilen bat hiltzen zutenean. Izorratzeko aitzakia. –Orain urte batzuk pentsatzen nuen telefono deiarena eurek asmatutako aitzakia izango zela, baina, gaur egun, herrian dagoen jende bat ezagutu ostean, zalantzak dauzkat-. Txanpan botila irekiarazi zioten. Edanarazi. Botaka egin zuen. Gehiago edanarazi.

Botila batzuk apurtu zizkioten atzeko paretara platerak boteaz; edalontziak ere lurrera bota. Joan ziren arte inor ez zen sartzen ausartu.

Ugazaba ez zuten anbulatoriora eraman. Han geratu zen, ondoezik. Ordu-erdi eta gero, erratza hartu eta apurtutakoak jasotzen hasi zen. Ondoren, flash argiak itzaltzera joan zen beheko txokora: sastaka-sastaka, oraindik piztuta zeuden guztion begietan.
 

Iñaki Odriozola 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago