Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
munarriz_bazkaria.gif   
 
BAZKARIA PREST DAGO! 
Haizezko-garbigailua sakatu dut. Euria gogor ari du eta, berehala, kalea hustu da. Ospitalera iritsi naiz eta, bestetan ez bezala, sarreraren bertze aldean aparkatzeko lekua aurkitu dut. Autoan geratu naiz euri jasa noiz amaituko. Alferrik dela erabaki dut eta aitaren batean atariraino egin dut korrika. 

Amaia bere gelara ekarri dutenerako ni han nengoen. Agurtu ditut, bai emaztea, bai zaindaria.

- Egunon Amaia- erran diot musu bat eman diodan bitartean- egin dituzu gaurko ariketak?

- Gaur mutur dago- ihardetsi dit Pellok, bere zaindariak, bi besoetan hartu eta ohean sartu duen bitartean. - Beno, Amaia, bihar arte. Konpainia onean uzten zaitut.

- Esker mila, Pello, bihar arte- erantzun diot nik.

- Aio, Mikel, ea bihar beste aldarterik dugun!

Zaindaria gelatik joan bezain pronto, Amaiak, zuzen- zuzenean, erran dit

- Eraman nazazu etxera!
 
Deigarria izan da bere eskaria, ez hainbeste bere esanguragatik nola bere irmotasunagatik. Ez dago inolako zalantzarik: erabakia aldez aurretik hartuta du

- Oraintxe bertan joanen naiz medikuarengana eta alta boluntarioa eskatuko dugu - erran diot bi aldiz pentsatu gabe.

Etxabe doktorearen kontsultara joan naiz. Ordu erdi bat izan naiz esperoan, baina azkenean, erizainak deitu dit kontsultan sartzeko. Adeitasunez, Etxabe jaunak agurtu nau eta espedienteari begirada bat eman ondoren...

-     Amaia ongi dago..., erran nahi dut...

- Barkatu, Etxabe jauna, kontsultaren helburua beste bat da...Amaia etxeratzea da; beraz, alta boluntarioa hartzera etorri naiz.

- Um!...Ez dakit erabaki ona izanen den...Onartu behar dut Amaia egoera egonkorrean dagoela, horrexegatik, hasieran, erran dizut ongi dagoela. Baina, kezkatzen nauena zera da: urte bat igaro da auto-istripua gertatu zenetik eta errehabilitazioan ez du aurrerapausorik ematen...; lehenengo urtea tetraplegiako kasu guztietan oso gogorra izaten da, depresio-postraumak jota, psikikoki larri ibiltzen baitira. Amaia, aldiz, setati samar ikusten dut...

-  Bai, hala da. Aspaldi konturatu naiz horretaz. Izan ere, bera izan da etxera eramateko eskatu didana. Amaia nolakoa den ezagututa, badakit erabakia tinkoa dela.

-  Eta hori kontuan izanen dugu!... Baina, susmoa dut hori onartuz gero, atzerakada handi bat izanen dugula.

- Amaia erabat aldatuta dagoela erran daiteke, lehen oso alaia zen; lagunarteko alaiena, bera zen taldea bultzatzen zuena. Baina, nik uste, logika bera erabiltzen ari dela oraindik ere. Istripu aurretik, segundoz segundo bizi nahi zuen dena, detaile xumeenak ere, disfrutatzen. Gaur, ordea, ez dago segundorik bere bizitzan, bizia gelditu egin zaio...

- Horixe da! Amaiak  ez du ahaleginik egiten errehabilitazioan, ez du  ez ilusiorik, ez kemenik.

Bertze aldetik, ez dut ukatuko giro-aldaketa ona izaten ahal denik eta etxeko giroa hoberena denik, baina etxeak ez daude ongi prestatuak honelako gaixoentzat eta, nahiz eta laguntza asko izan, ez dut uste ideia ona izanen denik.

- Eskertzen ditut zure aholkuak, benetan eskertzen ditut. Baina erabakia hartuta dago... eta...

- Ongi da! Kontsulta egin ondoren paperak beteko ditut. Zuek, bitartean, harreran zuenak bete beharko dituzue

- Esker mila. Etxabe jauna.

Amaiarengana joan naiz eta azken berriak eman dizkiot. Ez dit ezer erran, baina bere aurpegian nabaritu dut eskerra.

Arratsaldeko zazpietarako etxean gaude. Dena erraza izan da. Bi zaindarik ohatilan eraman dute gure logelaraino. Ohean sartuta, begiak itxi eta arnasa sakon hartu du, gozatzen ari dela ematen du.

- Amaia, zer nahi duzu afaltzeko?

- Ezer ez. Hona etorri baino lehen merienda eman didate eta ez naiz gose. Lasaigarria bakarrik hartuko dut.

- Beno, nahi duzun bezala, baina, zer edo zer nahi duzunean, eskatu.

- Eskerrik asko. A, Mikel, etxe honetan otorduak sukaldean egiten dira! Ez ahaztu! Ohean, botikak baino ez ditut hartuko!

Azken ohar hauek harritu naute. Hala ere, ez diet garrantzirik eman nahi. Egoera berri honi aurre egin behar diodala pentsatu dut.

Gaueko bederatzietan, ospitalean bezala, lasaigarria eman diot eta segituan pixoihala aldatu diot. Gabonak eman eta argia itzali ondoren, bakarrik utzi dut.

Gauean, nire ohean bueltaka ibili naiz “A, Mikel, etxe honetan otorduak sukaldean egiten dira! Ez ahaztu!” behin eta berriz entzuten. Eta esaldi enigmatiko horri beste hauek gehitu dizkiot: “Uste dudana bada, zer egin behar dut?”... “Berak ez du bizitzeko gogorik!”...”Nor naiz ni bera aldatzeko!”... itzuli eskuin, itzuli ezker. Azkenean, oroitu naiz nola, Amaiak, herriko ferietan txurroak ekartzen zituenean, “gosaria  prest dago, azkar ez bazatoz txurrorik gabe geratuko zara”  sukaldetik oihuka deitzen zidan eta esaldi horrekin loak hartu nau.

Goizeko zazpi eta erdietan esnatu naiz. Amaiarengana joan naiz eta iratzarrita zegoela ikusita, musu bat eman diot. Ia konturatu gabe galdetu diot: zer nahi duzu gosaltzeko?

- Jaus ez! Lasaigarria baino ez dut hartuko!

Gustura edan du ur baso osorik. Gero, garbiketari ekin diot. Mehar-meharra dago. Dodotis kenduta, belakiarekin igurtzi dut bere gorputz osoa suabe-suabe. Begiak itxi ditu. Ez du begiratu nahi. Beste gauza izan da aurpegia garbitu diodanean edo ilea orraztu diodanean, orduan bai, aurpegian ederki antzematen diot bere esker ona.

Hamarretan, erosketak egin eta gero paseietara joan naiz. Itzultzean bazterretan zeuden lorerik politenak hartu eta etxera  eraman ditut. Amaiari erakutsi ondoren, komodan dagoen lorontzian jarri ditut.

Ordu bietarako bazkaria prestatuta daukat. Sukaldeko mahaian bi platerak bete ondoren atetik deitu diot:

-“Amaia! Bazkaria prest dago!...Bazkaltzera!
                                                  

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago