Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Gorroto eztia

7k1384Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Demagun erle bat dela. Erle langilea, erlauntzetik janari bila irteten den esploratzaile horietakoa. Lore-hauts bila dabil, baina oraindik ez du ez txilar, ez hirusta, ez txortalorik aurkitu. Hondakindegi berria ireki zutenetik, urriak dira loreak.

Halako batean oroilore sail oparoa agertu da zakar artean. Izartxo urdinak nonahi tapiz berdean, adreilu, komun-ontzi eta ispilu apurtuekin batera. Arrakastaren zirraraz hegan egiten hasi da lorategian barna, beste erle batekin topo egin arte. Ezaguna zaion arren, ez du ezagutzen. Beste erlauntz batekoa izango da. Berdin da, lore-hautsa sobera dago guztiontzat, pentsatu du erleak. Agur-hegaldi azkarra egin, besteak antzeratu, eta jarraian bakoitza bere erlauntzerantz abiatu da.

Erle-dantza alaiaz erakutsi die gainerakoei bere aurkikuntza lurrintsua non den, baita beste kide batekin aurkitu dela ere. Baina demagun erle nagi bat ere badela, halakoak beti eta edonon baitaude. Erlamandoak arrotzaz galdetu dio setati. Hala ere, erletxoak ez du horri buruz ezer dantzatzerik. Agurtzean ez dut bere hegal-hizkuntza ulertu, dio ezbaian oraindik, hizketan baino, ni imitatzen ari zela zirudien. Hizkuntza arrotza? Arriskutsua da hori, asaldatu da nagia, arrotzari aurre egin behar zaio!

Izan ere, nagia setatia baita, eta bizia. Bera bezalakoak ezer gutxi egin gabe bapo dabiltza, baina beldur da ez ote zaion noizbait zorion eztia akabatuko. Horregatik ditu gorroto bera ez bezalakoak, ezberdina beti baitzaio arriskutsua. Hortaz, bai beste erlauntzetako erleak, zein liztor, euli eta enparauak gorroto ditu, bere abaraskaren segurtasuna zalantzan jartzen dutenez; gorrotagarriak zaizkio erle langileak, berdin biltzaile zein zaindari zein argizarigileak, denak ezberdinak direlako; eta bereziki gorroto du erregina bera ere, neguaren inguruan entzundakoaz geroztik bederen. Antza denez, neguan nagiak egotzi egiten omen dituzte, eta hori ez dago onartzerik.

Demagun biltzaile talde bat badela, oroilore eta zakar artean lore-hautsa jasotzen, eta halako batez beste erle talde bat ikusi duela. Urduri, lanarekin jarraitu dute eta bukatu bezain pronto, agurtu gabe, badoaz erlauntzera.

Uzta ederra izan da eta pozik itzuli dira gure erleak. Bueltan, nagia hurbildu zaie kanpotarrei buruz galdezka. Zerbait egin dizuete arrotz horiek? Ez, baina zertxobait kezkatu gara, onartu dute. Eta zer itxura dute? Antzekoak ziren, batek. Ba niri handixeagoak iruditu zaizkit, besteak. Noski, horiek liztorrak ziren!

Asaldaturik, nagia beste erlamandoengana hurbildu da biltzaileekin izandako hegal-hizketaren berri ematera. Kanpotarrak dabiltza gure zelaietako lore-hautsa lapurtzen! Arrotzak dira, liztorrak ziurrenik, aurre egin behar diegu!

Arriskuaren aurrean Nagien Asanblada eratzea erabaki dute. Lehen ekintza, erlauntz guztian zehar NAren aldarriak zabaltzea. Mezuak ez du guztiz zehatza izan behar, hegal egin die nagiak kideei, inork ez du ezer egiaztatuko, gu baino alferragoak dira denak. Hala, hasi da kanpaina: Erlauntza arriskuan! Gure eztia lapurtzera datoz! Hasieran erleek ez diete kasurik egin. Nagien burutazioak, diote ardura gabe.

Halako batean erlauntzetik urrundu den erle bat ez da bueltatu, txakur aspertu baten hozkadak akabatuta. Nagiak eroak bezala hegan: Arrotzak kanpora! Gure erlekumeak arriskuan! Gutxira, biltzaile talde bat ere desagertu da pestizidaz zipriztindutako zelaian. NAren mezuak hegaldaka: Erregina arrotzen laguna! Liztorrak hiltzaileak! Azkenean, langileen artean etsaiak bilatu nahia zabaltzen doa. Biltzaile beldurtuak, zaindari aztoratuak, argizarigileak, inudeak… kide gero eta gehiagok bere egin ditu nagien doktrinak. Pozik, erlauntz-kolpea hurbilago sentitu du gure nagi bizi eta setatiak. Azkar ibili behar du baina, negua hurbiltzen ari da eta.

Demagun zaindari talde bat badela, kanpo mehatxuari aurre egin nahian. Eztia gurea da! Arrotzak kaleratuko ditugu! Eta gure erlearengana datoz, liztorren zelaira eraman ditzan. Berak ez du liztorrik oroitzen, baina zaindari oldarkor horien aurrean hobe isilik. Horrela abiatu da gudaroste txikia, nagi setati eta biziak txoko ezkututik agurtzen dituela.

Zaindariak oroilore artean dabiltza hegan, etsaiaren bila. Pozik doaz, nor gorrotatu badutelako. Azkenean, aurpegi txarreko erle saldoa ikusi dute aurrez aurre. Ez dira liztorrak, baina itxura onik ez dute behintzat. Haiek dira, beraz, arrotz arriskutsuak, etsaiak. Erasorako prestatzen daudela, besteak ere formazioan ikusi dituzte. Berdin zaie, aurre egingo diete, egingo duten azkena bada ere. Erlauntza ala hil! Hegada azkartzen doaz etsaiaren aurka, eztenak prest, inork atzera egin ez, eta talka! Eztenak kristalaren kontra gogor kolpatu eta oroilore artean desagertu dira denak.

Demagun erlerik ez dela, gure erletxoa eta bere kidea salbu, sarraskiaren ondoren bata besteari so. Aldrebeskeria galanta, hegan egin dio lagunari. Agur-hegaldi azkarra egin, antzeratu besteak, eta euren erlauntzetara doaz biak, oroiloreen artean lagatako ispilu apurtua atzean utzi ondoren.

 

Idazleari buruz...

Unai Gastaka naiz, 45 urte ditut, laudioarra. Bigarren Hezkuntzako irakaslea, idazten ikasi nahian nabil oraindik ere. Inoiz ez omen da berandu.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago