Gorputza ihesi
Ilustrazioa: Kristina Fernandez
Lantegi abandonatu bat: hiru solairu gris, leiho handi zeharrargiak eta egitura ugerrak. Paretetan grafiti bakanak, zelo kiribildua, pankarta zaharrak ertzetatik zintzilik. Inguruan, hesitutako orube bat, landaretza hazia eta horma-sabai puskak nonahi; fabrikaren aurrealdean, burdinazko estalpe bat, eta, gainean, gazte bat.
Sakelakoa begiratu du: hamar minutu dira kideak barrura sartu direla, eta oraindik ez dira azotean ageri. Eskailera apurtuta egongo da, edo ateren bat bota behar izango zuten; auskalo. Whatsapp batzuk erantzun ditu, eta kameraz probatu du fatxadaren ikuspegirik onena nola harrapatu. Ilunabarra freskatzen hasi da; haizea dabil eta ipurdia gogortzen ari zaio burdina hotzaren gainean. Pankarta goiko barandan azkar lotuko dutela espero du, berak nola botatzen duten grabatu eta lehenbailehen ospa egiteko.
Halako batean, burua estaltzen dion sudaderaren hegal batetik argi zuri bat sumatu du. Kaka zaharra. Ia oreka galdu du biratzerakoan, eskuekin heldu behar izan dio metal herdoilduari. Hesiaren beste aldeko zubipean agertu diren bi auto handietatik linterna batzuk irten dira; bizkor-bizkor ari dira ingurunea miatzen. Potenteegiak dira gauza onerako. Burua makurtu, eta dindilizka dituen zangoak jaso ditu.
Azkar pentsatu, azkar pentsatu, ari da dardarka. Badaki berandu baino lehen linternak lantegiaren orubera sartuko direla. Aukera bi baino ez ditu: edo arineketan jaitsi, kideengana sartu eta haiekin batera era baketsuan amore eman, edo bakar-bakarrik hanka egin. Goiko eta beheko patrikak haztatu ditu: ez dauka dokumentaziorik gainean. Ahaztuta, joder, beti berdin. Edonola ere, azoteara igotzekotan daudenek ez dute irtenbiderik sasoiz topatuko, eta guztiak bat izan ezik hartzen badituzte, gaitz erdi. Zirt edo zart. Besteek ulertuko dute.
Sakelakoa prakako poltsikoan kremaileraz itxi, eta saltorako prestatu da. Igotzerakoan laguntza izan du, baina orain bakarrik dago. Hiru metro eskas; tira, ez da hainbesterako. Habe metalikoa besarkatu du, koala batek nola. Lehenengo hanka bat askatu, gero bestea... besoetan gorputz osoaren pisua nabaritu du, baina eusteko gai behar luke, hainbeste gimnasio-eta. Hala ere, irrist egin diote atzamar leunek, eta kokotsean kolpe bat hartzearekin batera erori da hormigoitzara. Zutik, baina oin batean min hartuta: taupadak igarri ditu hezurretan. Putza. Linterna batek zuzenean argitu du sudadera beltza, eta oihu egin du. Baina bera bizkarrez dago, orube ilunean barneratzen. Korri, korri, korri.
Hats beroa aurpegian kondentsatzen zaiola, arrapaladan egin du, obra-hondakinen artetik, basora ematen duen hesira: ez da oso garaia, baina malgua da. Metalezko taket bat sugandilen gisan eskalatu, eta hankak zabalik egin du jauzi beste aldera; alanbrearen hegiek izter artean galtzak arrakalatu, eta azaleko zauri luzanga bat ireki diote.
Topatu duen lehenengo zuhaitz mardularen atzean paratu da, bizkarra enborraren kontra. Bihotz-birikak saihetsetatik irten beharrean ditu, nekez eta adrenalinaz. Bere burua lasaitzen saiatu da, txintik ez ateratzen, entzumena fintzen. Ia gautu du hariztian. Adar sarrien artean izpi gutxi igarotzen dira; artifizialak, bat ere ez.
Armiarma izan nahi luke, arbolan gora lasai igotzeko. Azkar pentsatu, azkar pentsatu. Kotxera ezin itzuli, jakina. Errepidera agertzeko beldur. Auzoan, ezagunik ez. Basoan... Sendiaren baserri zaharra, hori da! Ez da inor bizi aspaldian, eta badaki giltzarik gabe zelan sartu. Maps-en begiratu du: menditik, lerro zuzenean, kilometro bi. Egingarria!
Pantailako puntu urdinek markatutako bideari ekin dio martxa bixian, argi apurren bat dagoen artean iristeko itxaropenez. Egia esan, ez dago arbolak eta irak eta sasiak besterik puntuon azpian. Belaunak gerriraino altxatu behar, eskuak poltsikoetan babestu, arantzek arropak ajatu, metro gutxi batzuk aurrera egiteko. Egarriak jota dago: tarteka, hostoetan pilatutako tantak zurrupatzen ditu. Aldapan behera, lokatza eta orbela orkatiletan gora. Lauso ikusten du, zuri-beltzean.
Izerdiarekin bat egiten du kokotean behera besapeetaraino sartzen zaion haize kirri hezeak. Sabeleko giharrak nekatu dizkiote estresak eta goseak. Ezpainak zartatuta ditu, eta muki-tantak sudurrean behera. Oinak gero eta min handiagoa ematen dio, eta azkura izterreko urradurak. Eskuez piztia begetalak alboratzen tematzen da, lur ezegonkorretan aurrera egin nahian, puntu urdinei jarraika. Baserrira 1,85 kilometro baino ez.
Bernak eta burua nekatuta, ezinean, adarrak behetik saihestu ditu belauniko, lau hankatan jarraitzeko. Dagoeneko basazkoak dira bere jantzi guztiak. Betazalak elkarri itsatsita ditu, ilea blai, atzamarrak sustrai bustien artean kiribilduta.
Lurretik gero eta gertuago, ukondoak saihetsaldeari elkartu zaizkio, eta aldakak orpoei. Belarriek arnasa basatia baino ez dute entzuten, eta sorbaldekin bat egin dute. Muturra, adurra dariola, potxingo batean barneratu da, atzetik zentzumen itsuak eta okela zati bihurtutako gorputz-atal denak batean dituela. Basak irentsi du azkenik.
Idazleari buruz... Libe López Arandia. 26 urte. Gautegiz Arteaga. Fisikaria ikasketaz, baina egun euskara irakaslea. |