Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Amerikanua

7K1283Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Otsaileko igande honetan betiko martxan ari da Ester. Ohetik jaiki bezain laster, sukaldeko leihatilak ireki ditu. Joxek ez bezala, berak argia behar du sukaldean aritzeko. Zoparako lapikoa hartu, beratzen zituen txitxirioak bota eta erdiraino bete du urez, berotzen hasia den sukalde ekonomikoaren gainean jarri aurretik.

Gaur, behintzat, ez dago kerik sukaldean. George gazteak amonari sorpresa ematea otu eta, inor jaiki aurretik eta tiroa ireki gabe, sua pizten saiatu zenean bezala. Neke ederra emakumearentzat azulejuak, armairuak, gortinak, sabaia eta beltz geratu zen guztia garbitzen! Oraindik ez da usaina erabat joan!

Ukuiluan entzuten ditu aitona-bilobak txakurrari sukaldetik ateratzeko atea irekitzean.

—Herrian ostatu berria ireki dute.

—Nola jakin duzu, grandpa? Egunkarian irakurri duzu? —eta barre algarak.

Ester gelarako bidean:

—Gazte hauek! Asko ikasiko dute, baina errespetuaz... ezer gutxi dakite!

Goiz izoztuaren isiltasuna gelaz jabetu da Esterrek leihoa itxi duenerako, eta argitasun apurra desagertu da leihatilak erabat itxi dituenean. Ez die mendian heldutako hodei ilunei erreparatu. Ohe gainean dena prest utzi du, eta makil zuria ate-zangoan bermatuta. Hasperenka doa sukalderantz. Hainbeste geratzen zaio oraindik ere egiteko!

Georgek atea ireki du eta amonari pertza eman dio esne apartsu jetzi berriarekin.

—Non geratu da aitona?

—Ganadu-janak amaitzen ari da.

—Ba, galdetu, mesedez, ea non utzi zuen atzo hil eta zoparako lumatu zuen oiloa. Eta azkar etorri, gosaria berehala egongo da-eta.

Ester kanpora atera da. Txoko batetik perrexil sorta hartu du. Sukaldera bueltan, lepoan daraman hariarekin bildu eta lapikoan bota du mordoxkatxoa. Ura irakiten ari da. Halako jacuzzian, txitxirioak zein gozo mugitzen ari diren ikusi gabe, atzera tapa jarri du.

Esnea, kafea eta baserriko ogia mahai gainean prestatuta dauzka, txakurra sartu denerako. Atzetik, Joxe:

—Ostatu berria ezagutu nahi dut. Eta algara behartuegi artean, «Eta zer? Begiratu bat eman?», orpoz orpo datorkion Georgek. «Jo, granny, berriro ogia? Ez al dago opilik edo zerealik? Ezta galletarik ere?».

—Hau gehiegi da, Jorge, eta horiek jatea ez da osasuntsua gainera—erantzun dio Esterrek—. Gaur esne-gainarekin “Pan-de-Pla- ta” egingo dut. Beraz, ez kexatu gehiago!

Senarrak eten dio:

—Esaten nion yanki honi egunen batean ostatu berrian bazkaldu behar dugula.

Dagoeneko gosaldu duen Esterrek «Ez txorakeriarik esan, ez dut horietarako astirik» botaz, oilategira joan da. Soliri deitu dio baina txakurrak ez dio jarraitu. Oilategiko atea ireki du hegaztiak atera daitezen. Gauean berriro itxiko du, azeria agertu eta, baten bat hil, oilalokak aztoratu eta dena hankaz gora jar ez diezaion. Arrautzak bildu, edalontziak bete eta arto aleak barreiatu besterik ez du egin behar purra-purra ari zaien bitartean. Ia denak joan zaizkio. Hala ere, ez ditu lurrean mokoka ikusi, ez ale beragatik borrokan ezta harro-harro ospa egiten ere, behin lortuz gero. Hurrengo egitekoetan pentsatzen ari da, eta gerokoetan, eta geroagokoetan. Baita aurten hegazkinez etorri zaien biloba horrengan ere. «Etorri zen azken alditik hainbeste aldatu da! Guztiaz kexu eta umore ulertezin hori! Alde eginez gero, bake ederra!». Eta errudun sentitu da. Sukaldera sartu eta bertan da.

—Granny, sorpresa bat: zoparako oiloa egosten jarri dut.

Eta txakurra buztana astintzen, zopa eltzetik begirada aldendu gabe zegoela konturatuta, amonak bota du:

—Eta txakur hori? Zein “latoso” dagoen Soli gaur, sukaldeko zulotik ezin aterarazi! —eta han jarri da katiluarekin, azukrearekin, arrautzekin, irinarekin...—. Eskerrik asko, seme. Aitonak esan dizu oiloa non zegoen.

—Zer ari zara nitaz? Zergatik ez dugu deitzen eta galdetzen ea lekurik dagoen ostatu horretan?

—Ez al duzu nahikoa leku etxeko sukaldean? —erantzun dio Esterrek, sutara egur bat sartu duen bitartean. Eta katilukoa irabiatzera bueltatu da—. Joxe, mezatarako arropa garbia ohe gainean utzi dizut, betiko tokian, eta betaurreko ilunak ere bai.

—Ez zara bera janztera joango, granny?

—Begirune apur bat gehiago izan behar zenuke aitonarekin, Jorge. Zer egiten du zakur honek etengabe lapikoari begira? Aitona primeran moldatzen da bere kasa.

—Utzi, Ester, oraindik ere banaiz nire burua defendatzeko gauza.

Eta ilobari:

—Zer egin duzu oiloarekin?

—“Itxi begiak” esan diot, eta igerilekura bota dut! Ho, ho!!

—Ai, Ester, ikusten ari naiz! —Joxe okerrenaren beldur da.

Eta George barrez lehertzen:

—Ikusten ari da, miraria!

—Bai, Jorge, ikusten ari naiz... Txakurrari berea eman al diozu?

—Zer eman behar nion, ba? —Georgeri algara moztu zaio—. Oiloa baino ez zegoen esan didazun erretiluan, grandpa. Esker Oneko indioilarra zirudien, baina txikiagoa.

Esterrek ezin du sinetsi tapa altxatu eta «Barrukiak?» mehe batek alde egin dio.

Joxek ezin du aguantatu:

—Itsu zahar honek ondo ikusi du, bere biloba nerabe txotxoloak oilo bat egosten sartu duela... tripaki, heste eta zikinez beteta! Banengoen, ba, gaur ostatuan bazkaltzeko deitu behar genuela!

 

Idazleari buruz...

Arantzazu Lopez de Alda Martinez, 1967. Herria, familia eta lagun artean, hainbeste lan, ikasketa eta zeregin, hainbeste bide, bizipen eta dimentsio berrietarako grinetan murgilduta, bere muinaren bila dabilen noragabeko arima.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago