Egongelako bonbilla errea
Arreba familiako zentzudunena da, nahiz eta tximeleta mozorro horrekin inork ez lukeen esango.
—Kia! Orain burutik eginda dabil festaren ideia txoro horrekin —diot, ingurua arakatzeko haren radar gogaikarriarekin apur bat ernegatuta.
Egun batzuk daramatzat amarekin hitz egin nahian. Ezinezkoa da, ordea. Burutik eginda dabil dibortzioaren urteurrena delako ideia babo horrekin. Eta aita gonbidatzearekin.
Lehenengoz entzun nionean, pentsatu nuen: “Pitzatuta dago”. Gero, gonbidatuen zerrenda erakutsi zidan, eta ezin nuen sinetsi.
—Ama, benetan gonbidatuko duzu aita festara? —diot, nahigabetuta. Beste guztiak zentzurik balu bezala.
—Ai, ze txepela zaren, mutil! Nola ez dut, ba, aita gonbidatuko? Gure urteurrena da eta! —astindu du adats tindatu berria, keinu jostalari batekin.
Gorrotagarria, benetan.
Egongelan gaude. Ni sofan botata, bera atearen markoaren kontra, zutik.
—Bide batez esanda, bonbilla hori aldatu behar da.
Nire egitekoa balitz bezala.
Gelatik irten da. Etxeko praka zabal arinak eta lumadun zapatilak, tarra-tarra.
Betikoa: norbaitek berriren bat badu, ona zein txarra, gertaera biziago batekin agertzen da bera, eta inguruko guztia histu egiten du. Aitarekin berdin egiten zuen. Horregatik egin zuen alde, nahiz eta amak nahiago duen esatea “elkarren arteko akordioa” izan zela, “aukera berriak irekitzeko beharra sentitu zutela”... Txorakeriak!
Kili-kili borrokan ari gara sofan arreba eta biok, gorputzen kontaktuak eragiten duen barreari ezin eutsirik, akituta etzaten garen arte.
—Bonbilla hori aldatu egin behar da — diot, amaren ahotsa imitatuz.
Eta barre-algaraka lehertzen gara berriro.
Telefonoa dardarka sumatu dut. Arrebari bizkarra emanda, belarrira hurbildu eta aldendu egin naiz mezuak entzuteko. Begi ertzetik gogaituta ikusi dut. Ba! Pasatuko zaio. Telefonoaren elkarrizketara itzuli naiz erantzunak idazteko kontu handia hartuta, inork niregana antenak luza ez ditzan.
—Ez diot esan. Orain aztoratuta dabil. —Eta noiz ez?!
—Bueno, lasai. Neuk aukeratuko dut momentua, ezta?
—Baleeeee. 15 minututan betiko lekuan.
Txamarra jantzi eta giltzak sartu ditut poltsikoan. Irten baino lehen hozkailua arakatu dut moldeko ogia eta eskura daukadan lehenengo hestekia hartzeko. Harritu egin nau bizkarrean arrebaren begirada iltzatuta sentitzeak. Bonbillarena gogorarazi dit.
—Egizu zeuk!—bota diot purrustan, eta damu naiz. Baina tira! Erretxinduta nauka nire kontuetan sartzeko ohitura horrekin.
Burua biratu eta burumakur ikusi dut. Bera ere, bizkarra emanda, egongelara itzuli da. Sorbaldak goratu eta ogitartekoa prestatzeari ekin diot, disimuluan behatu badiot ere. Txateatzen ari da; pasatuko zaio haserrea.
Ama sartu da, desordutan, beti bezala. Harritu egiten nau bat etortze horrek.
—Nora zoaz?
—Kalera.
Eta supituki ulertu dut arrebaren garaipen-keinu higuingarria.
—Ezta pentsatu ere! Gaur nire eguna da.
Eta zeu arduratzen zara arrebaz, akordatzen?
Keinu bat egin diot, bera ere nire aldeko argudioak ematera animatzeko. Alferrik, ordea. Ez du jaramonik egin. Benetan narritagarria da umemoko hau!
—Pare bat ordu eta banator. Orain banoa, hitzordua daukat —diot sandwichari mokadu bat emanda.
Arrebak ekin eta ekin.
Ezin dut sinetsi! Uneren batean zentzuduna dela esan badut, orain damu naiz. Suminduta behatu diot; eta berak eutsi, temati.
—Nahikoa! Utzi neba bakean —ama nire alde, behingoz—. Neska lagunarekin geratuko zen... Aizu, gonbida ezazu festara!
Bera, bera eta bera.
—Bueno, ama, horretaz hitz egin nahinuen...
—Ai, seme! Ez zaitez aitarekin kezkatu.
Deitu diot, eta pentsatuko duela dio. Etorri egingo da, seguruenik.
Barre histrionikoa, beste behin. Mundu honetan inor egongo ez balitz legez bere ideia gogaikarriak maite ez dituena. Supituki, begiak sabaira zuzendu ditu.
—Norbaitek alda dezake bonbilla hori, mesedez? —erreguaren tonu sumindua, agindu bilakatuta.
—Hainbeste kezkatzen bazaitu, alda ezazu zeuk!
Amak eta arrebak elkarri so egin diote. —Seme, zergatik hitz egiten didazu horrela?
—Nazkatuta nagoelako. Ezin da zurekin hitz egin, ama! Ez diozu inori entzuten! Ez zenion aitari ere entzuten. Zure txorakerietan buru-belarri... Bonbilla aldatzea nahi duzu? Bale. Aldatuko dut. Erraza da. Ikusten?
Ibilera zakarrarekin abiatu naiz komodara, bonbilla aukeratu eta, aulki baten gainean paratuta, lanparari heldu diot. Handik goitik ikusten ditut biak, bata bestearen ondoan, egongelaren erdian, gora adi. Barregarria, irudia. Halaxe, sabelaren korapiloa nasaitzeko baliatu dut urteetan gordeta izan dudan sekretuari bide emateko.
—Ez daukat neska lagunik. Mutil laguna daukat. Kito!
Bonbillak egongela argiztatu du.
Idazleari buruz... Gotzone Butron Kamiruaga (Urduliz, 1965), Filosofian lizentziaduna eta liburuzaina lanbidez. Hainbat idazleren arteko liburuetan idatzi dut: “Uribe Kosta Mungialdea Ipuinak-cuentos”, “Relatos para el andén”, “Microrrelatari per l’erradicació de la violència de gènere”, “101 relatos bibliotecarios”, etab. 2021ean “Sardinerak” ipuina idatzi nuen, Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratua eta 2022an “Nire Sarajevo” BizkaIdatz lehiaketari hasiera eman zion narrazioa. |