Ez dut marraztu nahi!
Azkenean, bazkaltzeko ordua!
Bazen ateratzeko garaia! Andereñoa beti agintzen: “Marraztu hau”, “Geldi hor!”, “Idatzi hori”, “Eseri aulkian!”, “Jarri hau egutegian”, “Gaur zu zara arduraduna”, puUuuffff. Ma- haiz mahai saltoka joan eta ieup! Salto egingo nuke leihotik.
Eta a ze eguzkia! Hara! Paper bat ari da hegaldatzen usoen artean. Markelek esan dit gure basoko txokoan adar bat gorde duela. Ea ez duen beste inork topatu, hartara gudue- tara jolastuko gara.
TTtttrrriiiinn! Bazkal garaiko txirrina, bazen garaia! “Txukun jarri aulkiak mahaietan!”, “Ez joan korrika”, “Xuban, gorde margoak bere lekuan”. Joe! Beti agintzen! Aitak amagatik esaten duen bezala, hau da metraileta! “Tira, jarri denak errenkan”,“Utzi mantalak zuen kakoetan”,“Borrokarik gabe, denontzako dago bazkaria”.
Eskailerak jaisterakoan ere: “Barandari helduta”, “Aurreratu gabe”, “Ez egin builarik”, “Ez bultza”. Patiora iritsi garenean, berriz, ez digute jolasten utzi. Jangelako Kontxi segituan hasi zaigu builaka: “Jangelara”, “Eseri”, “Hartu zopa”, “Ez bota ogia”. Zopa beroa dago, eta txarra, ile antzekoak dauzka igerian, eta a ze kiratsa! Agg! Eta orain arraina! Bola egiten zait ahoan! Gainera, patiora atera beharra daukagu, ea Markelek utzitako makila han dagoen. Hura izango da nire metraileta, eta beste taldekoei gudua egingo diegu, eta...
“Tira!”, “Joan ateratzen!”, “Hurrengo txandak bazkaldu behar du!”, “Baina Xuban, a zer lardaska egin duzuna! Berriz ere egongo zara iharra!” – Txarra zegoen, bola egiten zait– “Bai, bai, zopa txarra, arraina txarra, ez dakit zer ematen dizuten etxean”, “Tira, segi patiora Mirenekin, eguraldi ederra egiten du eta”.
“Kaixo, politak, bazkaria goxoa al zegoen? Bai?” “Ba al duzue jarduerarik gaur?”, “Ea (zerrendari begiratuz): Markel, Xuban, Irati, zuek joan ate ondora, marrazketa daukazue eta”. Marrazketa! Ez! Ez! Ez! Kaka!
Banoa korrika gure txokora, ea Markelek utzitako metraileta han dagoen begiraleen kontra gudua egiteko. Gure basoko zuhaitzaren atzean gordeko naiz, eta rratatata egingo diet! “Xuban, goazen, ez duzu, ba, nahiko ni haserretzerik?”, “Arrastaka eraman behar al zaitut marrazketara? Tira, goazen”. —Marrazketara ez!— Seguru bitartean besteren batek topatuko duela metraileta! Eta beste nonbait gordeko du! Edo agian zaintzaile bati eman eta zaborretara botako du! Ezin dut marrazketara joan!
“Tira Xuban, horrela tiraka eta borrokan eraman behar bazaitut, zure gurasoei deitu beharko diet gaizki portatu zarela esateko”, “Goazen, gainontzekoak Itziarrekin zain daude margolaritza gelara joateko”. Aitak ondo portatzeko esan zidan, margolaritzara joaten banintzen sakelakoarekin Pokemonak ehizatuko genituela. Joe! Metraileta lapurtuko digute.
“Kaixo, gazteak! Zer moduz? Tira, goazen gure gelara, eta gaur mantalak jantziko ditugu”. Joe! Berriro mantalak! “Gaur akrilikoekin egingo dugu marrazkia”, “Hemen daukazue orri zuri bana, eta mahaietan potoak pintzelekin. Kontuz, irauli gabe, badakizue ura daukatela. Pintzelak erabiltzen ari ez bazarete, beti uretan egon behar dute”. A! Metraileta bat margotuko dut! Beltzarekin!
“Beno, eta orain, formak lantzen hasiko gara”, “Badakizue, etxe bat egiteko, lauki handi bat gorputza egiteko, eta iruki bat teilatuarentzako”, “Zein koloretan egingo dugu?”.
Tok, tok, tok. (Atea jo dute.) “Jarraitu ari zaretenarekin”. (Irakaslea ikasgelatik atera da.)
— Kaixo.
— Kaixo. Xubanen aita naiz; joan den asteko emailaren eta telefono deiaren ondoren, hona etorri eta zurekin hitz egitea erabaki dut.
— Ba, barkatu, baina orain ezin dut zurekin hitz egin; haurrak marrazten ari dira, eta ezin ditut bakarrik utzi.
— Zer esan nahi duzu? Lanetik atera eta honaino etorri, eta ez daukazula nirekin hitz egiteko tartetxo bat? Bost urteko haur batzuk, marrazten, eta ezin dituzu bakarrik utzi?
— Ba, ez zenidan sinetsiko emailez azaldu nizunean, ezta telefono dei zakar hartan ere, baina benetako arazoak dauzkat bost urteko zure semea eta bere laguna gobernatzeko. Ez dute jardueran egon nahi, garbi esaten dute, eta gainontzekoen jarduna oztopatzen dute.
— Ba, oso ideia ona iruditu zitzaidan eskola orduz kanpoko jarduerak antolatzea ikastetxean. Merkeak ez izan arren! Emaztea bileraren batera joan ere egin zen. Hasieratik egon ginen alde. Horrenbeste ordu libre eduki beha- rrean, probetxuzko zerbait egitea ideia bikaina iruditu zitzaigun. Baina: “Zuen semea arazoak ematen ari da klasean, eta jarraitzen badu, kanporatu egingo dugu”, edo antzeko zerbait esan zenidanean, zer erantzun ez nekiela gelditu nintzen.
(Ikasgelatik garrasi bat entzuten da) — AAaa! Soinekoa zikindu didazu! Andereñoooo!— (Irakaslea eta aita gelara sartzen dira elkarren atzetik.)
— Rratatatata — (Entzuten da alde batetik, Markel, ikas-mahai bat etzan eta trintxera bihurturik, erasoan ari da.)
— BBUUMMM! — (entzuten da beste aldetik, Xubanek bi helduei pintzelentzat ur eta margoz betetako poto bat jaurtitzen dien bitartean.)
Idazleari buruz... Juan Luis Eizmendi Arsuaga, 1970eko abenduaren 4an Lasarte-Orian jaioa. Az- ken bi urteetan Bergarako Idazle Eskolan ari naiz buruan dabilzkidanak paperean jartzen, ingurukoa nire ikuskerarekin kontatzen. |