Autorretratua
Itxura ederreko utzi naute!». Astelehena bitartean aurpegitzat nueneko zirrikitu guztiak berdindu dizkit makillajeak. Txukun nago. Alde ederra atzo nuenarekin, zoko hartatik atera berritan! Hogeita bost metro? Be- rrogeita hamar? Distantzia kontuei ez nien sekula arretarik eskaini. Agian ehun ere izango dira Aiako Harriko magaleko behatoki naturalak, balkoia deitzen nuen horrek, azpiko erreka arroilaraino dituenak.
Askotan hurreratua nintzen erlaitzeraino, muga edertzen duten harkaitz baxuetaraino.
Tentazioak heltzen ninduen hor, zorigaitzaren alabak, gorputza arrozteraino.
Makina bat argazki ateratakoa naiz bertan nire buruari; hiruzpalau enkoadraketa eta argia egokitzeko; eta bakarra, ederra nahiz zatarra izan, unea harrapatzeko.
Hangoak dira hodei-itsasoaren gaineko ibiltari-artista irudikatzen nauten autorretratuak; beti kamerari bizkarra edo saihetsak erakutsita, eta pentsakor, naturari erreguka.
Hamar segundoko tartea izaten nuen kameran klik egin, erlaitzerainoko ez-dakit-zenbat metroak korrika batean irentsi eta paratze antzeztua iltzatzeko, oinen bat erdi-zintzilik beti.
«Itxura ederreko utzi ditek!»
Begira-begira ditut Mikel eta Iñaki. Ez dute malkorik isuri hurbildu direnean. Tanatopraxia lanaz ari direla entzun dezaket, makilatzailearen manerak dituzte hizpide. Haren teknikak eta lan moldeak elkarri azalduz dabiltza. Ontzat ematen dute haren lana, gorpuaren berreraiketa maisulan hutsa dela diote. Matrailezurrarekin egindakoa, artelana. Hain daude ados, kosta egiten zait bereiztea nork egin duen baieztapena eta nork erantzun baiezkoa.
«Itxura ederreko henbilen, ba!»
Bestelako burutazioak ditu Anek, kristal bazterra ausarki zipriztindu dute haren malkoek. Barruan dagoena ni naizela sinetsi ezinean da. «Nola da posible? Zorigaitzarekin bakeak eginak zituen eta!».
Nitaz ari da, noski.
Berak deitu zuen larrialdi zerbitzuetara, jarritako hitzordura azaldu ez eta bi egunean seinalerik eman ez nuela ikusita. Mikel eta Iñaki gorritu egin ditu kontakizunak, beraiekin nuen hitzordura agertu ez izana «‘Ikerkeriatan’ arituko duk» soil batekin likidatu zuten haiek eta.
Nire buruaz beste egin ote nuen galdetu die Anek. Mikel isilik geratu da. Iñakik ez dakiela esan dio. Ez duela uste. Ez.
«Itxura ederreko autorretratuak ateratakoa zuan balkoi hartan, ba!»
«Iker beti izan da harroa, txulo bat. Ziur jolasean aritu zela erlaitzean. Ez ninduke harrituko hura bere asmoetara makurtzeko ahaleginean ari zela jausi izanak».
Joxe Marik beti estimatu izan zituen nire argazkiak. Guapoak ateratzen omen nituen.
Azken argazkia kameran egon daitekeela esan die, betiere, gainean bazeraman. «Agian kamerak zerbait erregistratuko zuen». Estropezua ziurrenik. Jauzia akaso. Edo natura hila.
«Autorretratuak»
Ionek ez du beilatokiko gelara sartu nahi. Berak esan zidan balkoi hori salto egiteko erabiltzen zuela jendeak.
«Bere buruaz beste egiteko, Iker». Burlati aritu zitzaidan. Ez zidan orduan onartu, eta ez du sekula santan egingo, baina badakit aipu horiek inbidiak jota egin zituela balkoiko autorretratuei magia kentzeko.
Itxura txarreko dago, eta nire buruaz beste egin nuela konbentzituta. Whatsappeko harreman-irudia bertan ateratako askotariko autorretratuekin bete izan dudala errepikatzen du, abisua ematen ari nintzela eta inork ez zuela behar bezala ulertu. Berak orain bai, noski, berak ulertu duela zer gertatu zen; emaztea joan zitzaidaneko urteurren eguna markatuta neukala argi dauka.
Balkoiaren madarikazioaz berak hitz egin zidala aitortzen ari zaie Mikel, Iñaki eta Joxe Mariri; bai, berak, eta ez beste inork. Gizajoa. Ion.
«Azken erretratua»
Motxila bat eskuetan duela sartu da udaltzain bikotea beilatokira. Anerengana hurbildu dira, mendizale batzuk bulegoan entregatu zietela esanez. Motxila azpian eta harkaitz huts batzuei zuzenduta zegoela kamera esan, eta «zenbat buru hainbat artaburu» esanda barre egin omen zuten denek.
Goizean lotu omen dituzte, beilatokiko ateak ireki dituztenean, nire gorpua eta motxila. Kostata, ostegunean eman baitzien Anek nire desagerpenaren berri.
Iñakik hartu du poltsa, eseri egin da irekitzeko; Mikel du alboan. Ane negarrari eusteko ahaleginean ari da. Joxe Mari kanuto bat erretzera atera da eta Ion agurreko bideo bat grabatu nuela ozenduta joan zaio atzetik. Beldur da bideoan eskerrak emango ote dizkiodan. Inozoa.
Zorro txikietan arakatzen ari da Iñaki. «Poltsa ona zian, ez duk uste?». Mikel ados dago. Denetarik gordetzeko balio duten txokoak dituela erantzun dio konbentzituta. Horretan ere ados.
Kamera «on» dago, baina pantaila itzalita du.
Zorro batetik bigarren bateria bat atera eta kameran sartu du. Parametro guztiak ikus daitezke pantaila piztu berrian; azken lantxoarenak, esan nahi dut. Artxiboetarako botoia sakatu du Iñakik, eta irudian balkoia azaldu da berehala. Hostoz jantzitako adarrak ageri dira eskuinaldean, harkaitz txikiak zoruan, horietatik haratago hutsune zabala, eta zuhaitzez jositako mendixkak urrunean. Besterik ez.
Dagoeneko konturatuko zinen, distantzia oso garrantzitsua zen.
Idazleari buruz... Mikel Artola: Zein egoeratan dagoen asmatzeko ahaleginean dihardu, bestalde. Kosta behar zaio zerbait ondorioztatzea. |