Errautsak
Sudur zuloak gora begira dituela ikusten dut goizero, ezpain artetik kea botatzen. Pentsamendua non duen ezin jakin, baina ez du, itxuraz, kezka handirik. Ez eta ere, itxuraz, arerio handirik. Garbitzaileek eguzkiaren lehen printzak argitu baino lehen egiten dituzte beraien bulegoko lanak. Distiratsu uzten dute banketxeko nagusiaren balkoia, kristala zein baranda beltza.
Behin eta berriz ezkerreko eskua harro erakutsiko dio bere buruari, gorputza barandaren kontra luze jarrita duen bitartean. Ipurdia gogortuta nabariko zaio, takoidun zapata finak eta gona motza estua soinean dituela. Zupada luze bakoitzaren ondoren, gorriz margotutako azazkalez eragingo dio zigarro muturrari. Eta dagoeneko xurgatu duen tabako errautsak balkoitik behera erortzen utziko ditu, banketxearen atarian eguna egingo duen eskalearen gainean.
Azkenaldian goizero ikusten dudan errituala bada ere, ez dut garbi elkarren berri ote duten. Atetik joan-etorrian dabiltzanei erreparatzen die eskaleak, pinportadun potea eskuan duela besoa luzatuta. Atseden orduari dagokion kea arnasteari, banketxeko nagusiak.
Etxetik lanean hasi naizenetik ikasi ditudan auzokideen kontuak besterik ez dira. Ordura arte ezezagun zitzaizkidan jendarte misteriotsuak.
Eguna argitzear dela eskolara doazenen hotsak entzuten ditut. Ozen batzuetan, barre algaraka tarteka. Aurpegia lotsati ezkutatzen duenik ere bada. Gaztetasuna borborka gailentzen da autobus geltokian egiten dituzte lauzpabost minutuetan. Ordurako eskalea inguruan izaten da; banketxearen ate aurrean ez bada, aurrerago dagoen aulkian eserita. Gazteek ez diote beldurrik. Minutu gutxi horietan kuadrillan hartzen dutela dirudi. Horrelakoetan ziur naiz bere begi urdinek dir-dir egiten diotela.
Itsasoaren kolorekoak ditu begiak. Iluntze hotz baten aitzakian salda potea esku artean jarri nionean, harrapatu egin ninduten. Eguneroko jertse zatar berbera zuen jantzita; azalaren kolorea ez zitzaion ia nabari galtzen behealdean, inoiz zuriak izango ziren galtzerdiekin nahasian. Ile horixka nekez ikusten zitzaion, bizarrarekin korapilatuta zuen. Baina itsasoaren urdintasun sakona zuen begietan.
Anbulantzia bila etorri zenekoa ere gogoan dut. Egun osoa bere alfonbra txikiaren gainean hankak gurutzatuta egin ondoren, ez zen zutitzeko gai. Oin bat lurrean jartzea lortzen zuenerako, gorputza beste alderantz erortzen zitzaion. Mozkorraldiaren ahuldadea edo ahuleziaren mozkorra. Ez dakit zerk eragozten zion zutik jartzea, baina anbulantzian sartuta eraman zuten.
Handik sei egunera itzuli zen. Arropa garbiak, zapatila zuriak eta ile horia ikusten zitzaizkion. Bizar egin berriak azalaren zuritasuna erakusten zuen. Leihotik begira, xaboi usainaren lurruna antzeman nion. Kostata eseri bazen ere, alfonbra eta potea bere tokian ongi jarri arte gora eta behera ibili zen. Nire harridurarako, han ikusteak lasaitu egin ninduen.
Orduan ere goialdetik zetozkion errautsak gainera erori zitzaizkion. Takoidun sudur luzea ez zen, ziurrenik, azken sei egunetan gizonak utzitako hutsuneaz jabetu. Errautsek egiten zuten bideari ez zion inoiz begiratu, nonbait.
Baina azkenaldiko goizeroko errituala amaitzear da, etxetik lan egiteko azken eguna izan baitzen atzo. Horregatik, arretaz begiratu nien leihoaren bestaldean hiru hilabetez izan nituen bizilagun berriei. Sudur zuloak gora begira zituela ikusi nuen berriro ere harro nagusia. Bitartean, emakume zahar makur batek ekarri zion gosaria eskaleari; eguerdian plastikozko ontzi batean jakiren bat utzi ziotela iruditu zitzaidan; eta arratsaldean, sos batzuk bilduta edo, alboko kaleko supermerkatuan topatu nuen. Aurrez aurre ginela, bere itsasoan murgildu ninduen irribarre batez begikeinua egin zidanean.
Gauean metalezko atea kolpatzen ari zirela esnatu naiz. Danbateko zaratatsuek gaueko isiltasuna hautsi dute. Begiak ezin ireki ohetik jaiki naizenean, ez naiz berehalakoan ohartu gertatzen ari zenaz. Leihotik begiratzean mugitzen ikusi ditut banketxeko pertsianak. Orduan bestaldean egon zitekeena irudikatu dut. «Nola sartu ote da?».
Ordubete igaro da segurtasuneko kotxea argi urdinez hurbildu denerako. Beltzez jantzitako gizon mardul armatua barrura sartu da. Bost minutu eskas behar izan ditu hitz egin beharrekoak hitz egiteko. Espero bezala, pauso laburrak emanez atera da eskalea banketxetik. Lagunkiro agurtu du segurtasuneko gizona, handik atera izanagatik eskertuta edo, kotxean sartu eta alde egin duenean. Orduan, mugimendu azkar batez zigarro bat hartu du ezpain artean, eta patrikatik txiskero distiratsua atera du. Suak aurpegia argitu dio, eta itzali aurretik zupada luzea emanez gora begiratu du. Oraingoan ere irribarretsu.
Goizeko zazpiak badira gosaltzera jaiki naizenerako. Ez da inor ageri balkoian. Banketxearen pertsianak itxita daude. Eta kale garbitzailea ate aurrean dauden alfonbra, pote pinportaduna eta errautsak garbitzen sumatu dut.
Idazleari buruz... Arrate Arozena Mujika (Errenteria-Orereta / 1969). Idazle Eskolako ikasle ohia. Egun, idaztea pentsamenduak jasotzeko edo begirada berriak gorpuzteko baliatzen dut. |