Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Ezkutuan

7k1225Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Kaka zaharra, gerturatzen ari ditun. Azkenekoa baino ezkutaleku hobea dun, baina ez zagon betiko gordetzerik. Lehenago edo geroago, denak harrapatzen ditizten. Maider eraman diten, baita Txomin ere. Maddi? Auskalo non dabilen, ziurrenik hura ere atzemango zitenan. Banan-banan ari zarete erortzen, agian heu izango haiz betikoetako azkena. Egoitz beste aldera pasa dun, nazkatuta zegonan beti galtzeaz. Ttu. Ahula. Orain bakarrik hago, hasiberri batzuk salbu...

Entzun! Oihuak, kexak, negarren bat. Beste gizagaixoren bat harrapatuko zitenan. Alferrik dun, ez zeudenan prest. Eskerrak, aukera sortu bezain pronto egin dun lasterka, bestela orain haiekin hintzen, gatibu bat gehiago, edo... Mukizu horiekin abiatzea ere... Nolatan onartu dun? Bahekinen ez zutela aukerarik, galbidera eraman ditun. Eta heuri ez zain asko falta izan atzetik joateko. Kaka, etxean gelditu behar zitenan, hau ez dun eurentzako jolasa.

Negar zotinak ez ditun isiltzen. Agian nahita utzi diten hala, beste iheslariren bat kupitzeko. Tarteka, amesten dun iheskideak askatzearekin, gauaren babesean haien lerroen atzera pasa, eta... Baina ez, ondotxo dakin zer dagoen jokoan, bazekitenan haiek ere. Orain arte iraun badun ez dun izan mundua salbatu nahi izateagatik. Ez, ez zagon heroirik.

Mugi. Ez zagon gelditzerik, ez toki berean. Izkinek azkar galtzen diten segurantza. Aurreko paretan itzalak, deiak, mehatxuak, farola baten argitan. Uzkurtu burua, egin txiki-txiki, ilunetan ikusi ez hazaten. Itzalak handitzen ari ditun, oihuak hurreratzen. Aditzen? Zaila dun bihotz taupadekin, beraiek ez entzutea ere... Ez ahal haute arnas hotsek salatuko, azkenean! Zikin horiek, ez haute harrapatuko. Ez dun hire lehen ihesa, ezta hurrik eman ere, eta ez dun azkena izango.

Farolaren argia gero eta gehiago betetzen diten itzalek, hoa beste norabait. Badun garaia. Apurka-apurka, paretari lotuta, atzera. Urrundu izkinatik, kale kantoi hori jada ez dun segurua. Kontuz ibili, badakin zer gertatzen den harrapatzen hautenean... Eta korri. Korri makurtuta, burua sorbalda artean ezkutatuta, eta itxaro ez dezala inork ikusi irudi txiki bat zeruaren kontra. Behintzat, gaur ez zagon ilargirik.

Gatazka hau ez dun inongo telebistatan aterako, jendeak bestelako kezkak ditin. Ziur lehengusu Jokin futbol kontuetan dabilela, itsu hori. Jolas bat omen dun batzuentzat, ez zakiten zer dagoen jokoan. Inoiz ez zarete protagonista izango, beti egongo dun handiagoren bat, begiradak jasoko dituena. Antzarrak ferratzera, hau ez duzue txaloengatik egiten, inork ulertu ez arren.

Horra, auto artera, bizkor! Kontuz! Hori kolpe ergela, neur ezan heure burua! Zarata ez ahal zinan beste inork entzungo... Baretu arnasestuak, ez ditun urrun-eta. Urratuak sutan zirudin. Kosk egin ezpainei, egin negar, edozer, baina eutsi minari; uzten badion, gain hartuko din, eta orduan bai, akabo. Behintzat ezkutaleku ona daukan, har dezaken atseden.

Auto arteak ditun ezkutalekurik onena ilunetan. Inork ez ditin tarte guztiak begiratzen, eta norberaren irudia erraz nahasten dun ibilgailu artean. Kapota bati itsatsi eta geldi-geldi egotean zagon koska. Eta arnasari heldu, ez dezala inork hire gorputz txikia antzeman.

Gainera, urde horiek arau guztiak urratzen ditizten. Je, arauak... Oso ondo zauden paper gainerako, baina ondotxo dakin hemen, kalean, gauzak bestelakoak direla. Utikan tratuak, hitzarmenak. Norberaren ezkutatzeko abileziak baino ez din salbatzen iheslaria. Eta zoriak, hori beti komeni dun alde izatea.

Berriro oihuak. Hemen ere lasai egoterik ez? Putza, gerrikoa estutzen ari ditun, azkenean ezingo dun ezkutuan segi. Kale edo bale, bertan segi edo hanka, oraintxe erabaki behar dun. Hobe lekuz aldatzea, hango zaborrontzien artean ez haute nabarmenduko. Kaka zaharra, nolatan hainbeste hire atzetik? Gainerako guztiak harrapatuko zitiztenan. Denbora kontua zunan, oraindik oso gazteak zitunan.

Mutilaren aurpegia, oroitzen? Bere onetik aterea zegonan, arnasestuka, malkoak begietan. Ez zunan gauza mugitzeko ere, halako izua zinan. Hi saiatu haiz azaltzen handik atera behar zenutela, berehala zenituztela bertan, baina hark buruarekin ezetz, begiak ia aterata, ez joateko erreguka... kaka zaharra, bere esku zegonan, berak nahi izan din! Egin behar huena egin dun: heu salbatu. Zorionez, ezin izan din oihurik ere egin harrapatu dutenean, ez din salatu nondik joan haizen. Babo alaena, hirekin etorri besterik ez zinan...

Ia gainean ditun; akabo, bazirudin oraingoan hireak egin duela. Putza! Ez hituen autoak utzi behar. Zertan ari hintzen pentsatzen? Kontzentrazioa galdu dun, eta ordaintzea tokatzen dun. Orain jada berandu dun, ez zagon bazterrik, ez zagon itzalik ezkutatzeko. Oin hotsak. Oin hotsak, gero eta gertuago. Hementxe ditun...

- Mirenengatik!

- Ez din balio, gaizki kontatu dun! Txutxupe!

 

Idazleari buruz...

Iñaki Dorronsoro Maioz (Ataun, 1994) euskara irakaslea da ofizioz, idazlea afizioz, eta pandero jolea, eta kontalaria, eta pirata... Orrialde artean gorde zaigu orain, eta hor ari da istorioak eratzen, han-hemenka.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago