Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Karraska

7K1119Ilustrazioa: Kristina Fernandez

Sarrailaren asotsak iratzarri nau; zuzi batez argiztatuta zenbait jende sartu ziegan eta nire aitzinean gelditu da. Ahul izanagatik, oharkabeko intziri bat atera zait barren-barrendik, defentsa-mekanismo erreflexu gisara. Indarra banu ere, ezin izanen nituzke begiak ireki, hagitz hanpatuak ditut-eta.

-Kapitain, ez dugu astirik. Epaiketa bi asteren buruan martxan paratu beharra dago.

-Deus ez dakiela bertzerik ez du erraten. Denetik probatu dugu, baina ezta hitzik ere konortea galtzen duen arte. Beldur gara hilko ote zaigun, Avellaneda jauna.

-Heriotza sumatzea mihi-askatzaile bikaina da. Geroz, hurbil gara. Bortxatu, bortxatu gehiago. Aitortza, hutsik egin gabe, behar dut biharko!

Amesgaizto batean bezala aditu dut bi gizonen arteko solasbidea. Ez dakit zenbat denbora daramadan hemen, ez dakit zein herritan nagoen ere. Ziega hotza eta hezea da. Bakarrik nago. Konorterik gabe egon naiz, ez dakit zenbat denboraz, ordea. Ez daiteke atzeman eguna edo gaua den. Egunean otordu bat ekartzen didate. Ur hotza eta ogi idorra. Otorduak kontatuta, konta banitzake, zenbat egun daramadan jakin nezake. Baina, etengabeko torturek nahasi dizkidate barrena eta gogoa, borreroen menean arras utzi arte. Ez naiz jadanik izaki bat, zirpil bat baizik. Hautsitako jostailu bat nire kartzelarien eskuetan. Ezpain ertzetan sumatzen dut nire odolaren zaporea. Begitartean eta gorputz osoan, baditut sakailak, zauriak, ubeldurak, hauntuak, harramaskak. Paretari kateatua nago; eskuak buruaren gainetik lotuta, halako moldez non ez naitekeen zolan etzan; eta, abailduraren ondorioz, denbora gehiena eskumuturretatik, odoleztatuak eta haragitan, zintzilik egoten naiz. Zangoak, aldiz, paretaren beheitiko aldean estekatuta. Atorra arras orakatua eta urratua. Galtzetatik gernua eta kakaren kirats okaztagarria ezinbertzez sudurrean barrena buru-muineraino sartzen zait.

-Aditu duk, Joanes? Ez dik balio ez dakiala errateak. Izenak, tokiak, egintzak behar ditiagu. Salatu haute; zergatik izan behar duk hik leiala? Hondarrean, kukua bezala, denak kantari hasten dituk. Horregatik hago hemen.

Ez izan ergela, dena galdua duk, bizia izan ezik. Ez duk eskaporik: aitortu edo, bizirik erraiak aterata, hilen haiz.

-Egia erran diat,..... ez zekiat zer nahi duzuen. Galdetu herrian,...edozeini, denek ezagutzen naitek, arotza nauk. Erregutzen diat, arren, galdetu apezari, galdetu edozeini.

-Hau temati ustela! Eraman soto itsura!

Burdinazko mahai baten gainean jarri naute. Gaina metalezko sare bat da, hotza. Bi soinen parean dauden xafletan kokatu dizkidate besoak, gurutziltzatua gisara. Sarea zaurietan iltzatzen zait, oinazea jasanezina da. Mahaiari estuki lotuta nago: hiru uhal hanka bakoitzean; besoetan, bina; aldaketan, sabelean eta bularrean bana, eta buruan, azkena. Begiak bertzerik ezin dut mugitu. Su baten zartak sumatzen ditut, eta garren argia ere bai. Argiak sabaian sortzen ditu jendearen itzal dardartiak, infernuko dantzariak balira bezala. Borreroak marmarrean aditzen ditut, eta, tarteka, garrasi sarkor batzuk, motzak, aldizkakoak, sakonak. Hotza egonagatik, izerdia sumatzen dut gorputzean; bihotza lauhazka doakit bularrean kabitu ezinik. Orain ikara gailendu zaio oinazeari. Gorputzak duen indar apurra entzumenean kontzentratua dago. Matxardaren hotsa suaren txingarrekin jostetan igarri dezaket; hauspoa, ufaka eta garrak bizten dituen haizea, uluka, ere bai. Eta burdinaren kontrako karraska batzuk bertze hotsen gainetik gailentzen dira noiz edo noiz.

Ekarri kaiola! -aditzen diot kapitainari; eta zolaren kontrako bere urratsen asotsa sumatzen dut gero eta hurbilago. Nire eskuineko besoaren ondoan gelditzen da niri begira, eta mugimendu bizi batez goratzen du kaiola nik ikus dezadan.

-Joanes, hemen dituk ahoa askatu edo gorputza zulatuko dizutenak.

Kaiolaren gaineko aldean barrengo aldera sartzen den burdinazko tunturro bat dago. Azpiko aldean, zola gisako burdinazko xafla bat gider batekin. Eta barrenean bi arratoi ilun-ilunak, kaiolaren burdinan karraska amorratua eginez. Eztarritik itzurtzen zait intziri urratu eta desesperatua, eta begiak, bere zuloetatik atera beharrean, bi arratoietan iltzatzen zaizkit.

-Joanes, arratoi hauek gosetuak dituk. Gaineko tunturro honetan txingarrak sartuz geroz, burdina gori-goria paratuko da; uhalez estekatuko zioagu kaiola zure sabelari eta kenduko diagu zolako xafla. Arratoiak hire sabel gurigurian pausatuko dituk eta, berotasunetik ihes egite aldera, zulatuko dizkiate hire tripa, hire erraiak eta barrena guzia irtenbide bat aurkitu arte.

Sabelean ipintzen didaten kaiola hertsiki lotzen diote burdinazko sareari. Mugitzen saiatzen naiz, baina ezin dut ezta izpirik ere. Begiak, zabal-zabalik eta atereak, bular aldera zuzentzen ditut kaiola ikusteko. Arratoiak, berotasunak ikaratuta, bizkor mugitzen dira kaiolaren barrenean; itzulinguruka, usnaka, ihesbiderik atzeman nahiz; batzuetan, gibeleko zangoetan bermatuta, zutik paratzen dira kaiolako paretaren kontra eta bere ebakortz luze eta zorrotzak agerian gelditzen dira, niri begira. Ezer egin ezean, istanteko nire azala marruskatzen eta karraskatzen hasiko dira, eta deabru beltz horiek nire gorputzaren barrengoa xehatuko dute odolaren gozotasunak akuilatuta. Ezin dut jasan, ezin dut jasan. Zer dut galtzekorik? Azkenean, denok aitortzen dugu. Bertzeak edo ni, hor dago koska. Alajainkoa, bizirik jan behar naute!

Eta, finean, nire ahotsa ez balitz bezala, estomakaren erdi-erditik ihes egiten zait garrasi erdiragarria,

-Eeeez, eeeez!....... Nire emaztea ere baiiiii!

-Geldi! Ez kendu zola! -kapitainak. Segi, Joanes.

-Maria, Iuretegiko Maria, nire emaztea, ere bai. Eta Goiburuko Miguel, eta Sansingo Juan, eta Barrenetxeko Garazi,.....eta Zozaiako Maria......Denak, denak sorginak dituk!

 
Juan Jose Pellejero Goñi
(Iruñea, 1959). Ikasketaz eta lanbidez ez dut lotura zuzenik izan idazketaren munduarekin, nekazaritza ingeniari teknikoa bainaiz. Bai, aldiz, nekazaritzamundu euskaldunarekin; honek areagotu zuen nire baitan euskararekiko interesa eta euskaraz komunikazio osoa eta zabala erabiltzeko behar sendoa. Beraz, euskaraz idazten dut inolako espektatibarik gabe, hizkuntzarekin atsegina hartzeko gogo hutsez.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago