Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 Ehiztaria 

7K1074Ilustrazioa: Cristina Fernandez

Margaret Brown tenientea autotik herrenka irten da. Ospitaleko atari nagusian zain dauka Jonathan White forentsea. Ezarian-ezarian hurbildu zaio oina arrastaka, eta goxoki-kutxa bat eman dio.
 
–Hartu, John, beignetak dira.
–Eskerrik asko, Margaret! Ederki ezagutzen du Big Georgek zein den nire galbidea, alajaina!
–John, esadazu, zer dela-eta atera duzu Luisianako polizia akitu hau ohetik. Ez esan berriro ere zorretan zaudela Saint Louise kaleko maritxu horiekin?
–Zoaz popatik hartzera! Bart gauean balaz zulatutako gorpu bat ekarri ziguten. Horregatik atera zaitut Georgen hankartetik! Foolish woman! –ilundu zaio kopeta forentseari, eta zabarki egin du aurrera ospitaleko korridorean–. Porlanezko eraikinean sartu orduko, aitaren heriotza abaildu zaio Margaret Brown tenienteari. «Ehizatu ala ehizatua izan, Margie», esan zion ahapeka behin alaba txikiari, zalantzati ikusi baitzuen eskopetarekin. Tiro batez akabatu zuen orduko hartan bere lehen oreina. Piztien atzetik ari zirela, atsegin zuen oso elurretan aitak utzitako lorratzetan oinak sartzea. «Margie, otsoek beldurra usaintzen dute urrutitik, gogoko dute gu ikaratzea, ez haiei plazer hori eman», esan ohi zion. Gaztaroa haren atzetik eman zuen Margaretek Alaskako basamortu hotzetan, minbiziak hura desegin zuen arte.
 
Orain, New Orleanseko Ospitale Nagusian bidea urratzen Jonathan White forentsea dauka. Beheko solairuraino iritsi dira, eta gorpu-biltegira hurbildu ahala, larridura okagarria igotzen hasi zaio Margaret Brown tenienteari. Ezinezkoa da nahi ditugun irudiak gogotik ezabatzea. Horiek uxatzeko nahia deiadar bihurtuko zaigu nahitaez. Tenienteak zigarreta piztu du. Bere aurrean Jonathan White forentseak menda-belar krema zabaldu du sudur azpian, eta, jarraian, apenas txintik atera gabe plastikozko eskularru urdinak jantzi ditu, hozkailuko heldutokiari atzera eragin dio eta hilotza atera du.
 
–Robert Mountain; lagunartean, Red. Metro eta laurogei zentimetro, argala, gihartsua, azal zurikoa, ile gorri eskasa eta begi marroiak. Hogeita bost urte inguru. Gurutze bat tatuatuta dauka eskuin besoan eta bost zentimetroko orbain bat alderik alde ezker masailean. Hurbileko tiro batek burezurra erabat desegin zion orain bost bat egun. 38koa, antza. Begira, eskumuturrak markaz beteta dauzka!
 
Atzera egin du forentseak eta leihoak banan-banan zabaltzen hasi da urduritasun handiz. Parean dagoen eraikinerantz luzatu du begirada. Iluntasuna nagusitzen ari da kanpoaldean, plastikozko poltsak biraka ari dira sorgin-biribilak eginez. Bat-batean auto baten alarma jotzen hasi da bortitz. Supituan Jonathan Whitek Brown tenienteari ozen esan dio:
 
Dammed! Puzzlea osatzen ari naiz. Bukatzear daukat, inork piezaren bat lapurtu ez badu, jakina. Hildakoaren iragana ikertu dut, eta fitxategiko informazioak bat egiten du zure alaba eraman zuen gizasemearen datuekin!
 
Zigarrokina coca-cola lata batean erortzen utzi du tenienteak. Hozkailuen dar-dar urduriak dena hartu du. Mendekua bizirik irauteko arrazoi bat izan daiteke, baina zerbait gehiago behar dugu gizakiok epe luzera, otu zaio oinetan hotza sentitzen hasi den unean. White forentsea gorpua plastikozko poltsa batez estaltzen hasi da trakets.
 
–Utzi hori bere horretan eta ipini hauek, Jonathan. Ez al zizuten eskolan ohartarazi ez dela komeni behar baino gehiago jakitea?–. Eskuburdinak luzatu dizkio ezker eskuarekin tenienteak White forentseari, eskuinez pistola irmo duela.
–Jaitsi hori! Eraikina tiratzailez inguratuta dago, ez duzu ezer egiterik! Ez egin inolako tontakeriarik!
–Ehizatu ala ehizatua izan, John! Infernuan, behintzat, hemen baino epelago egongo zara!

Iban Ruiz de Gauna

Gasteiz (1976). Euskara irakaslea. Iragana antolatzeko
eta geroaldiari aurre egiteko idazten dut.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago