Liliren liliak
–Lasai, ardoa ere mindu egiten da batzuetan –xuxurlatu diozu, goxo, argazkiko haurrari.
Eta alkohol botila bat husten duzun bakoitzean bezala, etxe ondoko basora jaitsi zara lore bila. Ilea txukun bildu eta loredun soinekoa janzten duzu horrelakoetan. Baina gaurkoan, ilea lotu gabe eta oinutsik jaitsi zara, presaka, hitzordu berezia duzula eta. Top secret, antza.
Belardian eseri eta zigarro bat piztu duzu, poltsikotik argazki zimurtua atera eta hari begira zauden bitartean; lore artetik, oroitzapenak.
–Politak dira basoak, ezta txiki? –oihukatu diozu haurrari oraingoan.
Argazkiko neskatilak bost urte inguru izango ditu eta zure begiak. Gizon baten magalean dago eserita, baserriko ate nagusiaren egur mardularen kontra. Beti izan zara polita Lili, familiako poxpolina.
Gogoratzen? Aitonarekin baratzean aritzea gogoko zenuen txikitan, zure loredun soinekoa jantzi eta masailak gorri-gorri zenituela, izerditan. Amonak ere behin eta berriz esaten zizun, polita zinela eta ausarta, begiak itxi eta beldurrik gabe lokartzen zinenean. Baina tira, munstroen berri izan ondoren ez zenuen sekula ohe azpian begiratu, badaezpada. Beti izan zara polita guztiontzat, Lili, eta osabarentzat. Bai, osabarentzat, batez ere.
Baina gaurkoan, hasperen artean erre duzu bigarren zigarroa. Hitzak barruan mantendu nahiko bazenitu bezala hasieran, gogoari ihes egiten utziko bazenio bezala ondoren.
Beste bi pospolo piztu eta lurrera bota dituzu berehala, ilunegi dago gaua eta logelara bueltatu zara argazkiari begira.
–Politak dira basoak, ezta txiki? –oihukatu duzu berriz– Adarrak atzera eta aurrera, zerua laztanduz. Gora eta behera zerumuga urratuz. Eta inork ezin du ezer egin horren aurka, ezta txiki?
Logelara iritsi orduko ispilu ondoko argitxoa piztu eta itzal ahul batek erantzun dizu. Orduak konta ditzakezu zure saihetsetan. Hori esaten dizu behintzat zure psikiatrak; baraurik jarraitzea zeure buruaz beste egitea dela.
Baina azkenaldian, ez omen duzu gosearentzat tokirik pentsamenduz betetako hartan. Eta basoan bildutako loreez bete duzu hutsik zegoen azken alkohol botila, mahai gainetik beste bi pilula hartu bitartean.
–Zer ospatzen dugu gaur? –galdetu dizut barrez, zure aldare inprobisatuari begira.
–Loratzea –erantzun didazu dardarka– loratzea.
Eta nik berriro ere, barre, suhiltzaileen sirena hotsak gerturatzen entzun ditudan arte.
Basoa erretzen ari da eta zuk bitartean inoiz baino lasaiago dirudizu, poltsikotik atera berri duzun argazki zuribeltzak dakarzkizun oroitzapenetan murgilduta.
–Politak dira besoak, ezta txiki? –xuxurlatu duzu– hatzak atzera eta aurrera, zurea laztanduz. Gora eta behera zure muga urratuz. Eta inork ezin du ezer egin horren aurka, ezta txiki? Loratu besterik ez. Zoratu besterik ez.
Eta logelaren izkina honetan, goragalez, oka egin arren ezin bota uka ezinak, bakardadea husteko azken saiakera honetan.
Baina gaurkoan bai,
gaurkoan gerria estutu zaizu,
ohartuz,
zure gose greba
bizitza saihesteko era bat zela.
Eta bitartean zuk, beste lau pilula irentsi, loredun soinekoa erantzi eta gainean jarri duzu, izaren moduan.
–Lasai, gibela ere goibeldu egiten da batzuetan –jarraitu duzu bakarrizketan, sabel barruko zauriak heldu nahianleihotik jaurtitako loreontziaren erorketa askea ote non erori erabakitzea? Aspaldi zimeldu zitzaizkidan sabeleko tximeletak.
Eta zure bila dabiltzan sirenen doinuaz, gauak itzali egin zaitu, poxpolin.
Eta lurrean etzanda, zu-loak irenstear zaudela, ohe azpira begiratu duzu lehen aldiz, badaezpada.
Baina bagenekien, ezta txiki?
Munstroak ohe gainean azaltzen dira.
|