Ortzadarra
Hautatu. Berriro iritsiko naiz etxera, nire burua zakarrontzira botatzeko prest. Ontzi guztien artean organikoa hautatuko dut. Estalpe egokia irudituko zait gorputz astun honentzat. Baina hanka zakarrontzian sartu orduko korrika egitera joatea otuko zait, ia kasualitatez, eta gorputzari tiraka irtengo naiz mundura. Korrikalditik bueltan, kiratsez blai, zabor organiko perfektua izango naiz. Hanka bat kuboan sartzear dudala, ordea, katuak harramazka egingo dit beste hankan, eta, odoljarioa eteteko norabidea aldatuz, dutxa batekin birziklatuko naiz.
Zazpi. Bizitza batekin –luzea izanda ere– ez dit balio. Ez naiz kabitzen bizitza bakarrean. Nahi nituzke izan, nik ere, katuek beste bizitza. Eta hala, izan, bizitza bakoitzeko lanbide bat. Eta bizitza bakoitzean lagun bat hautatu bidaide (edo inor ez), eta haurra(k) izan bakoitzarekin (edo inorekin ez), eta bizitza bakoitzean hainbat bidaia egin, eta landu, bizitza bakoitzean, zaletasun berri bat. Eta katuek adina bizitza izanda ere, ez nuke nire ez-katu bizitzarako zein aukeratu jakingo.
Kolore. Dena errazagoa izango zen hasieratik kafea gustuko duzun galdetu izan banizu. Garratz eta mingotsaren arteko distantzia definitzen saiatuko ginen, nor bere argudioetan lerratuta, elkarrengandik aldenduz. Galderarik egin gabe kiribildu ginen, ordea, huntzak bezala sustraiak errotuz bestearen azalean. Ordurako katilu bilduma bat osatua nuen egongelako apalategian: ondo antolatuta neuzkan katilu luzeak, zabalak, karratuak, biribilak, koloretakoak, abstraktuak, koilaratxodunak, perretxiko zein igel formakoak. Amets gehiegi edana nintzen, ordea, haietan, eta ordura arte arrunta zen egun hartan, galderari ezetz erantzun zenionean, arrapaladan erori ziren katiluak apaletatik. Hamaika kolore eta forma txikituta. Orain noraezean dabiltza nire huntz-besoak airea besarkatzen, sustraiak kafea gustuko duen hodei batean noiz errotuko.
Bizi. Gure amaren ama gure aitaren ama baino egun bat beranduago jaio zen. Eta gure amaren aita, gure aitaren aita baino egun bat lehenago. Gure amaren ahizpak gure aitaren egun berean betetzen ditu urteak. Gure lehengusina nire ahizparen egunean jaio zen (baina bi urte beranduago), eta handik urtebetera egun horretantxe jaio nintzen ni. Nire lehen maitaleak gure aitaren heriotzaren urteurrenean ospatzen du bere urtemuga, eta nire azken mutil-laguna gure aitona hil zen egunean jaio zen. Gure lehengusuaren alaba bere aitaren urtemugan munduratu zen, eta nire ahizparen alaba gure lehengusinaren urtebetetze-egunean. Orain haurdun nago ni. Haurra abuztuko azken egunaren bueltan jaioko dela esan dit ginekologoak, eta haurraren aitagaiak abuztu bukaeran beteko ditu 36 urte. Bakoitza bere zoriak bizi omen du...
Eta ondoren. Hasieran, ezin nuen muskuilurik jan: praktiketan jardun nuen laborategian gonadak erauzten nizkien. Geroago, xerrak jateari utzi nion: tesi garaiko laborategian muskulu-biopsiak aztertu nituen. Ondoren, arraina ere baztertu nuen: atzerrian egindako egonaldi batean zebra- arrainekin egin nuen lan. Duela gutxi “postdoc”bat eskaini zidaten tomateen karotenoak aztertzeko. Ezezkoa eman nuen... Ez dut kasualitateetan sinisten.
Ispiluan. Txikitako lagunarekin egin duzu topo tren geltokian, kasualitatez. Zenbat urte elkar ikusi gabe? Orduan bezain lirain, orduan bezain panpox. Baina kopetan zimurrak antzeman dizkiozu, eta zure baitarako kontatu dituzu. Zahartu egin dela pentsatu duzu, zu baino gehiago, agian, zu ez bezala, dagoeneko ama izan delako. Gauean hortzak garbitzen ari zarela ispiluak zure kopeta erakutsi dizu: zimurrak ditu, lagunari kontatu dizkiozunak adina, eta baten bat gehiago.
Margotu... Marraztu nahi nuke zure sorbaldaren angelu zuzena kartaboi eta eskuairaz, eta lepotik besora doakizun maldan behera irristaka jaitsiz zure gorputzean bakarrik topatu dudan hezur misteriotsu hori arakatu, azalaren gainetik laztanduz azalaren azpian ezkutatzen dena. Nire eskuahurra zure garezurrean ahokatu, ileen artetik hatz bakoitzak bere bidea egiten duelarik, eskua kentzean desagertuko diren bidezidorrak marraztuz. Zure zilborrean konpasa kokatu, eta zirkulu txiki bat marraztuko nuke, ondoren pittin bat handiagoa den beste bat, eta beste bat, aldiro diametroa handituz, zure erdigunea den zulo ñimiñoa nire ituaren jomuga bihurtzeko. Eta jolasaren jolasaz, zure ipurdi magala igo eta harago doan haranean zehar oin puntetaraino iritsi, eta koloretako arkatzen laguntzaz, azazkal bakoitza kolore batez margotu, halaxe sortuz, ezkerreko behatz txikitik eskuineko behatz txikiraino, nire bihotzean lehertzen den ortzadarra.
|