Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Ezustekoa!

7k1021Ilustrazioa: Cristina Fernandez

Igandean motxila utzi nuen herriko autobus geltokian ahaztuta, eta problemaz mukuru beteta; motxila barruan, biharamuneko azterketarako tresneria: nortasun agiria, betaurrekoak, erlojua, boligrafoa, kalkulagailua, pendrivea… Bilbora iristean ohartu nintzen haren faltaz; etxekoei dei bat eta, geltokira bela bete haizerekin joan ziren arren, ez zuten aurkitu; baten batek lekuz aldatu zuen. Tripak jaten pasatu nuen gaua, pentsamendu beltzen burrundara etengabean …

Biharamunean, autobus geltokitik deitu zieten udaltzainei telazko zorro bat agertu zela esanez, problemaz betea, eta gazte baten nortasun agiriarekin. Udaltzainen deia jaso nuen: pasatzeko haren bila komisaldegitik.

Zorroa koloretsua zen, atentzioa ematekomodukoa; barruan, agenda eta apunteak. Agendan nortasun agiria eta, serieen konbergentzia uniformeaz ziharduen orriari atxikita, gutun bat, eskuz idatzia, letra larriz.

Kaixo Maialen, bart etxera nindoala motxila bat ikusi nuen dzanga egiten dzingo gutxiko putzu batera. Basaz zipriztindu ninduen. Jaso eta etxera eraman nuen. Motxila eranzten nenbilela ohartu nintzen zein izan zitekeen bere buruaz beste egiteko motxilaren arrazoi nagusia: ebatzi gabeko problema multzoa. Zelan utzi zenuen bakarrik, problemaz zamatuta, zure arrimuan ibiltzen ohituta zegoen motxilatxoa? Noiz eta domeka euritsu batean? Non eta autobus geltoki tristean? Ez zuen ulertu abandonuaren zergatia. Problemen zama arindu nion, eta guztiz biluzita baineran utzi beratzen, ur epeletan. Xaboiarekin igurtziz garbitu nuen. Kremailerazko begiekin poza eta esker ona adierazi zizkidan. Irabazia nuen haren estimua.

Barruan zetorrena aztertzen ibili naiz eta gauza batzuk aprobetxa ditzakedala uste dut. Betaurrekoek, adibidez, ez didate irakurtzeko balio, baina halako intelektual itxura emateko bai. Kalkulagailua ere ez datorkit gaizki, atzamarrak kontatzen nekatuta bainabil azkenaldian. Pendrive-a diru-zorroan sartu dut, txanponak dendako mahai gainera botatzen ditudanean zerbait ordaintzeko pendrive-a txanponekin batera atera dadin, bilin-balanka, mahai gainera, horrela jakingo baitute ilaran daudenek eta dendariak zeinen modernoa naizen …

Ezertarako balio ez didatenak kalkuluko problemak dira; ez dute balio ez eta itxurakerietan aritzeko ere. Nori zaio axola serieen konbergentzia uniformea? Aizan! Ez daukazue ezer garrantzitsuagorik lantzeko? Hara bururatzen zaizkidan hiru problema xume: zelan banandu lana langabeziarik ez egoteko, edota janaria planetatik gosea desagerrarazteko, edota irabaziak pobrezia ezereztatzeko. Ebazteko baino errazagoak direla planteatzeko? Agian bai … baina horretarako zaudete matematikariak ezta? Bestela zertarako?

Harira! Zure apunteek ez didatenez ezertarako balio, tori zuretzako, zure nortasun agiriarekin batera, zeren horrek ere ez dit niri deusetarako balio eta zuk berritu behar bazenu, denbora piloa galdu beharko zenuke ilara amaigabean, neu madarikatzen.

Telazko zorro polit batean sartuko dizkizut gauzak eta geltokian utziko, errefusen edukiontzia geltokia baino hurbilago daukadan arren.

Zorte on azterketekin.

Gutuna irakurri ondoren, motxila lapurrari eskerrak ematea besterik ez zitzaidan geratzen, zeren apunteak errefusen edukiontzira bota izan balitu, orduan bai ez zirena inorentzat probetxugarri izango.

Baina zelan egiten da hori?

Pasealekuan dauden farola guztietan oharra jartzea bururatu zitzaidan: «Ebasle jauna, eskerrik asko nortasun agiria eta apunteak itzultzeagatik!».

Biharamunean, nire oharrari zeloz itsatsita honakoa agertu zen, farola guztietan hau ere: «Putzu batetik basaz betetako motxila jasotzen duena noiztik da lapurra?».

Hurrengo goizean, «Barkatu jauna, arrazoia duzu» idatzi beharrean aurkitu nuen neure burua.

Haren gaueko erantzuna: «Zelan dakizu jauna naizela eta ez anderea?»

Horretan ere arrazoi!

Derrigor ezagutu behar nuen pertsonaia. Lapur kultua izan baietz! Antiojodun guztiei aurpegira begiratzen hasi nintzaien, motxiladunei lepora, mundu guztiari eskumuturrera … Dendetako ilaretan adi egoten ikasi nuen, pendrivea noiz agertuko ... Alferrik!

Gaur, hark apunteekin utzitako zorro koloretsua lepotik dindilizka atera naiz lagunekin kalera. Portutik pasatzean, neska batek ileetatik tenkada ikaragarria egin dit, zorroa berea dela eta… lapurtu egin diodala… Lotsaz gorrituta eman diot zorroa, eta motxilaren afera kontatzen hasi natzaienean berari eta espektakuluaren lekuko izan diren lagunei, denek eman didate bizkarra.

Lur jota geratu naiz, bakarrik, estutasun itogarrian, abandonatua, portuko ur azpian ezkutatu nahian, baina hori egin aurretik ohorea garbitu behar dut, irainengatik salaketa jarriz udaltzainen komisaldegian. Ziur nago zorroa berreskuratu duena dela motxila-lapurra. Salaketa bikoitza jarriko diot: irainengatik eta motxila lapurtzeagatik, ea horrela kanposantuko hormaren kontra fusilatzen duten udaltzainek. Bulegora iristean, ezustekoa: kristalaren beste aldeko aguazila nire betaurrekoak jantzita aurkitu dut.

Fernando Garate

Lekeitio. Erretiratua.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago