Mendian oinez eta lasai
Azkenaldian herri hau pairatzen ari den egoera jasanezina dela eta, aldarrikatu nahi dugu boikota egin behar zaiela mendi lasterketei, kilometro bertikalei eta mendian korrika ibiltzen diren guztiei. Oso modan jarri da gure mendietan lasterka ibiltzea, mundua bukatzear balego bezala. Mendian Oinez eta Lasai elkartekook honako galdera hau egiten dugu: Ze nezesidade? Zentzugabekeria izugarria iruditzen zaigu, eta mendiarekiko errespetu falta itzela, tontorrera iritsi eta gelditu gabe aurrera jarraitzea, bidoi txiki batetik, edo are okerrago, motxilatik ateratzen den plastikozko hodi nazkagarri batetik, urari edo auskalo zeri tragotxo eskas bat eman ondoren. Gehienez ere, barratxo kutre horietako bat irentsi eta beherantz abiatuko dira; eta badira jan ahala jaitsiko direnak ere, minutu erdia galtzeko beldurrez. Eskainiezue ipurterre horiei txorizo muturra edo Idiazabalgo gazta pusketa, pasaiezue zahatoa, Errioxako ardo onduarekin... Laster uko egingo dizuete, eskua altxatu eta keinu arraroa eginez; ezta pozoia eskainiko bazeniete ere! Erreparatu al diozue nola agurtzen duten aldapan gora aurreratzean? Burua okertuz, erdi gupida, erdi “izorra hadi” begirada jarri eta «epa...» esango dizuete, bizia barkatzen bezala. Hori ez da mendizaletasun jatorraren izpiritua!
Bestalde, ez gaude ados, lasterketek uzten dituzten arrastoekin ere. Motel elkartetik gogor salatu nahi dugu, korrikalariek mendietan utzitako zikinkeria: Barratxoen plastikoak, ur botilak, gelen hondakinak, eta abar. Hainbeste kostatzen al da horiek zaborretara eramatea? Era berean, antolatzaileek ere jaso egin behar lituzkete bidea markatzeko zuhaitzetatik zintzilikatutako plastikotxo nazkagarri horiek. Ehiztariek baino txerrikeria gehiago uzten dute!
Hori guztia gutxi balitz bezala, ugaritzen ari dira mendi lasterketei buruzko telebista saioak, ETB1eko Gailurra Xtrem da horren adibiderik garbiena. Denak gora eta behera korrika, taldeka gainera, oinak apurtu eta ipurdia galdu beharrean. Batak babak hankazpian, besteak zaintiratua izterrean, orkatila bihurritu hirugarrenak... Normala! Zer uste dute ba haitzartean saltoka ibilita? Akabatzen ez direnean! Esan beharrik ez dago gu programa honen aurka gaudela zeharo. Horregatik ETBri eskatzen diogu parrilatik ken dezala, eta Andoni Aizpuruk aurkezten zuen Gailurra saio bikaina indartu. Hura bai hura, ederra: Omenaldiak mendizale ezagunei, trikitixa, kantuak... eta batez ere: erritmo lasaia.
Izan ere, sinetsita gaude kapitalismoaren logika basatitik soilik uler daitekeela mendian lasterka ibiltzearena. Zenbat eta azkarrago, orduan eta hobeto, Hiru Handiak gutxitxo, eta Ehun Milak egin behar. Beti denborari begira, Beti erlojuaren esklabo!
Motel-en uste dugu mendia lasai eta patxadaz ibiltzeko dela, eta ez erlojuari begira, lan egunetan bezala. Horregatik bost puntuko bide-orria osatu dugu boikota nola gauzatu adierazten duena:
Mendian korrika egitea debekatzea zail ikusten dugunez, korrikalariei ahalik eta traba gehien egiten saiatuko gara:
1) Talde handia bagara, bidearen zabalera osoa hartuko dugu beti, besterik ez bada, korrikalariak segundo batzuk gal ditzan.
2) Mendietara igo eta zuhaitzak botako ditugu bidera, lasterketen aurreko egunetan.
3) Egunean bertan korrikalariak desanimatzera joango gara, eta gogoraraziko diegu mendia trankil ibiltzeko dela. Horretarako sortu ditugu lelo egokiak: “Bai, bai bai, mendian lasai”! “Txorizorik gabe, mendirik ez”, eta horrelakoak. «Txorizorik gabe» esan beharrean, posible da «zahatorik gabe» esatea; talde irekia da gurea.
4) Norbait korrika ikusten dugun bakoitzean, geldiarazi eta galdera inozoren bat egingo diogu: «Non hartzen da tontorrerako bide alternatiboa?», adibidez. Komeni da galderaren bat aurretik buruan eramatea, korrikalariak nabaritu ez dezan unean bertan asmatzen ari garela.
5) Utzi egingo diogu enpresa babesleen arropa markak erabiltzeari, lasterketa horiek diruz lagundu ez ezik, antolatu ere egiten dituztelako.
Gure ideiekin bat egiten baduzue, sinatu manifestua eta eman izena www.motel.eus helbide elektronikoan. Bertan ikusiko duzue nor garen, zer egiten dugun, eta are garrantzitsuagoa, zeintzuk diren gure planak. Era berean, gustura jasoko ditugu zuen ekarpen berriak ere.
Mendian lasai ibiltzeko eskubidearen alde. Mendi lasterketei boikota! Mendian korrika ibiltzen direnei boikota!
MOTEL (MENDIAN OINEZ ETA LASAI)
1974an iritsi nintzen mundura eta Eibarren lur hartu nuen. Bertan pasatu nituen 2012ra arteko urte gehienak. Orduan, ezkondu eta Ermura joan nintzen bizitzera. Leioan kazetaritza ikasi, eta hainbat urtez notizia ehizan aritu ostean, bide hura utzi eta Eibarko AEKn hasi nintzen euskara irakasten 2003an. Irakurtzea eta idaztea betidanik izan ditut zaletasun handi. |