Ilustrazioa: Cristina Fernandez Blanco | ||
Itzulera
«Volví, por el camino de la derrota, con un ejército de sombras»
Ernesto Che Guevara
Nekez zebilen haizea. Bazkalordua eta itzal laburrak; beste egun sargori bat Kubako hiriburuan. Egarri eguna Chekjovek esango lukeen eran, edo amona Celiak biboteko izerdia eskumuturrarekin lehortzen zuenean zioen bezala: “un calor de carajo”.
Kamila etxean zegoen bere lau seme-alabekin. Harrikoa amaitzen ari zen, bazkaldutako Ajiacoaren orbanak plateretatik kendu berri, haurrek, zalaparta artean, limonada batekin beroari aurre egiten zioten bitartean.
Ibilgailu baten motorra gelditu zen etxe atarian eta segituan, kolpe bakar bat entzun zen atean. Roman zegoen bestaldean, etxe barruan zeudenak bezain egonarri, urrunetik datorrenaren ajea ia sentitu gabe. Bero itogarriarekin zerikusirik ez zuen izerdi hotz batek zeharkatzen zuen goitik behera. Kamilak, aldez aurretik leihotik begiratu gabe ireki zuen atea. Mototsetik kopetan behera ihes egiten zion ile xerloa atzeraka bota zuen eta lastozko txano baten azpian ezkutatzen zen gizon burusoila ezagutzen saiatu zen.
Haurrak! – dei egin zien – hurbildu zaitezte. Hau Roman duzue, aitaren lagun on bat.
Romanen begiak bustirik, nahi bezala laztandu ezin zituen umeak aurrean izan zituenean. Gizon kontularia zen Roman, geroago ederki jakingo zuten, hala ere, une hartan eztarria busti behar izan zuen lehenengo hitzak lehor irten ez zitezen.
Ez dira zuen aitaren hitzak labur gelditzen zuei buruz hitz egiten duenean. Azkar hazten ari zarete gero. – Euren buruak laztantzen zituen begirada Kamilari zuzentzen zion bitartean. Honek eskertu zuen ohi baino lausoagoa zen ahots ezagun hura.
Kamila besarkatu zuen ondoren, nahiz eta ezin izan zuen sinpatia besterik adieraziko zuen besarkada hura luzatu.
Zumezko aulkietan eseri eta Romanek aitaren partez ekarritako opariak atera zituen sorbaldatik zintzilik zekarren poltsatik: ipuinak, argazki kamera bat eta salto egiteko sokak. Haurrak etxeko patiora korrika atera ziren sokak probatzeko irrikaz. Kamila eta Roman apalik hurbildu ziren aterpera; isilik hasiera batean, denborak lapurtutako isiluneak berreskuratu nahian. Gero, eguraldiaz hitz egin zuten, Nerudaren poemez eta tartean irabazitako kiloez, azkenik bien arteko hutsuneari zintzoki bide eginez.
Ikusten zaituztedanean ezin dut galtzen ari naizena burutik kendu. – Jaurti zuen Romanek, misil baten modura, Kamilarengan erreakzioren bat bilatu nahian. Kamilaren aurpegiak, ordea, ohiko baretasuna mantendu zuen.
Eta zer da galtzen ari zarena?
Bizitzaren erdia.
Fernando, zuk bi bizitza dituzu eta irabazteko zeozer galdu beharra dagoela badakizu.
Baina bietako bat bide bazterretik bizitzen ari naiz. Eta barne iraultza ere borrokatu egin behar da. – Isilik geratu zen une batez. - Latzak izaten dira gauak.
Jakina, nireak ere bai. Latzak gauak eta latzak egunak, batez ere, umeek noiz itzuliko zaren galdetzen didatenean.
– Kamilaren begiradak Romanena zeharkatu eta haratago joan zen, hitz bakoitza kontzientzia blindatu horretan iltzatu nahian.
Ordu luze igaro zuten hizketan. Umeei buruz, batez ere. Romanek dena jakin nahi zuen, Fernandok jakin nahiko lukeen adina. Halako batean, negar algara batek itzartu zituen; Linnet txikiak mahaiaren ertzarekin kolpatu zuen burua eta Roman arrapaladan abiatu zen bere negarrak baretzera, ia erori aurretiko instintu bati segika. Aitzakiaz baliatua, bere magalera hurbildu zuen eta izotz puska bat igurtzi zion garondoan. Romanek bere bularrean senti zezakeen Linnet txikiaren arnas-lasterra.
Badakizu, Roman; txirristatik erori nintzen batean nire aitak ere izotz puska bat jarri zidan kopetan?
Jakina bazekiela.
Nork uste duzu erakutsi zidala kolpeak eta zauriak sendatzen?
Linnet txikiari aurpegia argiztatu zitzaion:
Nire aitak?
Noski.
Linnetek lasaialdia hartu zuen Roman eta bere aita aparteko lurralde horietan zauriak sendatzen ibiltzen zirela jakindakoan. Gustura bere altzoan, Romanek minik ba ote zuen galdetzen zion bakoitzean baiezkoa erantzuten zion. Utikan jolasa, aitaren istorioak entzuterik bazuen, Roman baitzen aitaz ama baino gehiago zekien bakarra.
Arratsaldea ohartu gabe igaro zen eta Romanek ekarritako kamerarekin aitari igorriko zioten argazkia egin zuten. Umeek aitarentzako marrazki eta maitasun hitzez bete zuten aurretik hustutako poltsa, eta Kamilak, luzaroan hutsunearen zaporea utziko zion besarkada batez agurtu zuen.
Tori, gaueko hausnarketa batzuk – Romanek paper bat luzatu zion Kamilari, beso-artean berriz ere biltzen zuen bitartean.
Hurrengoan ekar ezazu Fernando, haurrek merezi dute. – Agindu zion Kamilak.
Zin dagizut. Baina orain arriskutsuegia da.
Berriz ere jantzi zuen lastozko txanoa. Azken hitz horien oihartzunak hainbat kilometrotan jarraituko zuela jakin gabe zeharkatu zuen etxe hartako atea. Pausuak lerratu zituen bere boten pisuari erreparatu gabe, gainean zeraman pisua askoz astunagoa zelako. Urrunetik bistaratu zuen etxea, dagoeneko eszena hura kanpotik behatzen ari zela sentituz eta bere itzala, habanoaren kea bezala, asfaltoan desagertu zen.
Iruñea (1991). Haur Hezkuntzan graduatua. Aurten Idazle Eskolako graduondoko lehenengo maila egin berri du. |