Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
7k963    
Ilustrazioa: Cristina Fernandez Blanco    
     
Paper zuria

Zerbait igarri du besoan. Autobusean doa, irratia lagun, buruz dakien paisaiari begira eta erreparatu gabe. Eta tupustean zerbait sumatu du. Hasieran ez du ikusi, beix koloreko jakan mimetizatu baitzaio. Baina bertan dago, ezkerreko mahukan pausaturik, plegu askotan tolestutako papertxo zuria. Zer den ohartu denean, ez da ausartu zirkinik egiten ere. Azkartu zaizkio taupadak, kikildu urdaila, bere burua babestu beharko balu bezalako erreakzioan. Lehergai begitandu zaio, eta ez daki nola desaktibatu.

Ondorioztatu du leihoaren eta eserlekuen arteko tartetik jaurti behar izan diotela, eta saiatu da gogoratzen nor duen atzean. Perfumeagatik, bere adineko emakumea, pentsatu du. Agian laguntza behar du, otu zaio. Urrundu du ezkerreko aurikularra belarritik, eta ahalegindu da emakumearen mugimenduak ikustatzen kristalezko islan. Telefonoz ari dela konturatu da, eta entretenituta dirudi. Nor, bestela. Beharbada, ume bat jolasean. Ez du gogoratzen umerik ikusi izana, baina. Zororen bat akaso, ikaratzeko asmoz. Izerditan hasi da.

Irratian diote bonba bat bota dutela autobus baten kontra, milaka kilometrora. Ezin izan du kokatu mapan. Ehun bat pertsona hil omen ditu. Ez ditu gorpu horiek guztiak irudikatu nahi izan. Eta orduan lotsatuta sentitu da, paper zuri batek paralizaturik. Lotsak amorrua eman dio, eta amorruak, adorea: hartu du azkenik papera eskumako eskuaz, eta berehala gorde poltsikoan. Ez du atzera behatu, ez da hain urrun heldu. Begiak itxi ditu. Egokitu du bizkarra eserlekuan, deskantsatzeko jarrera aproposaren bila. Lanetik dator, eta etxera doan arren, lanera doa: ama du zain. Ordu erdiko bidaia hori da, beraz, eguneko atseden bakarretakoa. Dena den, ezin da lokartu; deseroso samar dago oraindik, urduri. Ihesbide bat bilatu du telefonoko dialean, kanta batek denbora-bidaian eraman duen arte. Abestu ditu bere artean hitz bakan batzuk, dantzan ibili da behialako gomutekin.

Eta akordatu da berriro paper zuriaz.

Eskua sartu du patrikan. Bertatik atera gabe, bueltak eman dizkio paperari ermamiekin, zabaltzen eta ixten, toles bakoitza zenbatuz. Bitartean, ahalegindu da gogoratzen ilaran pilatutako aurpegiak. Herriko pare bat salbu, beste guztiak ezezagunak egin zaizkio. Gizon batez oroitu da azkenik. Eta urduriago jarri. Agian gizon lerden hori... Bai, gizonak begiratu egin dio, behin baino gehiagotan. Papera oraindik poltsikoan, zer mezu gordetzen ote duen hasi da imajinatzen gero. Hitzordu baterako proposamena, aitorpen lotsatia, edo telefono-zenbaki bat. Bere sakelakoa begietara hurbildu du orduan, eta argazki-kameraren ikonoa ukitu erakusle izerditsuaz. Irudiari buelta emanda ispilu gisa baliatu du. Argi faltak ez dio utzi gehiegi ikusten; hala ere, ez zaio inporta izan. Begi-zuloak iluntasunean ezkutatuta, bere irribarrerik onena atera du, gaur, autobus horretako norbaitentzat erakargarria izan daitekeelako itxaropenaz. Senarra zena etorri zaio burura, alabaren deia pantailan agertzearekin batera.

Ez du hartu nahi izan. Azken batean, badaki zer esango dion, zer eskatu, zer agindu. Ez du gogorik. Nahiago du arreta gelditzeko eskaerako errotuluan jartzea. Kendu ditu aurikularrak, tentetu da eserlekuan. Azken hamar minutuko tartea falta da bere geltokira heltzeko, eta iruditu zaio zerbait argi dezakeela adi ibiliz gero. Baina oraingoz ez da ezer gertatu; aurreko aldean bidaiatu duen emakume bat jaitsi da lehen geralekuan, besterik ez.

Nahiko lukeen baino arinago doa autobusa; berehala iritsiko dira, eta erabaki beharra du. Atzazalak jaten hasi da. Dituen aukera guztiak darabiltza orain. Eta zerbait du argi: ez du koldarra izan nahi. Sarritan damutu zaio horregatik; zenbat aldiz egin dion men beldurrari bere bizitzan, zenbatetan isildu, zenbat aukerari uko. Gogaituta dago gatibu sentitzeaz. Gaur ausarta izango da, behingoz.

Heltzen ari dira. Leiho aldeko eserlekutik ondokora igaro, gelditzeko botoia sakatu eta emeki-emeki zutitu da korridore erdian kokatu arte. Kementsu sentitu denean, atzeko aterantz abiatu da eskuak bi aldeetako jarlekuetan bermatuta, oreka ez galtzeko. Ilarako gizonaren bisaia bilatu du, orain bere eskumako aldean. Ikusi bezain pronto, bihotzak salto egin dio ostera ere. Irakurtzen doa burua apur bat makurtuta, sei esertoki atzerago, autobuseko azken partean. Zalantza egin du une batez ate albora ailegatuta. Arnasa sakon hartu, listua irentsi eta bidearen azken zatiari ekin dio, entseatutako irribarrea ahoan, soa gizonarengandik aldendu gabe. Haren parera iritsi denean, eskua poltsikoan sartu, papera ukabilean bildu eta begi aurreraino luzatu dio, aurpegiko keinua batere aldatu gabe. Zerbait edo norbaiten presentzia igarrita, gizonak itzuli dio begirada azkenik, eta papera hartu behar duela ulertu, mututurik, begiak zabal-zabal.

Autobusa gelditu denean, jiratu eta atzeko atera bueltatu da. Eskailerak astiro jaitsi ditu, ez behaztopatzeko. Oinak errepidean jada, prestatu gabeko irribarre txikia labaindu zaio, eta harrotasunak ematen duen ibilera irmo eta dotoreaz abiatu da presa barik etxerantz.

Eli Carrascosa
1979an Iruñean jaio, baina Bilboaldean bizi da betidanik.
2001ean ekin zion euskara ikasteari. Egun, euskara irakasle
dihardu Bilbon. Lehen urtea du Bergarako Idazle Eskolan.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago