Ovidioren begiak
Ilustrazioa: Cristina Fernandez Blanco | ||
Zerua urdin lotsagabe ageri da uztailaren amaiera honetan; lainorik ez da ausartzen bertaratzera. Autoa alokatu dugu hegoaldeko kostara joateko, merkea iruditu zitzaizun eskapada eta ez genuen birritan pentsatu.
Kantari goaz, elkarri erakutsitako taldeen abestiak ozen jarraituz, tarteka batak besteari eskua estutuz, abiadurapalanka libre geratzen den aldiro ia. Sinestezina iruditzen zait duela bost hilabete elkarren berririk ez genuela pentsatzea. Biok arrotz ginen hiri batean ikaskide izatea egokitu zitzaigulako topo egin izana, kasualitate hutsez.
Orain, berriz, txandaka gidatzen dugu, adosteko beharrik gabe. Eskuetara so egiten dizut bolantean zaudenean; patxada darie zure mugimenduei. Lasaigarria da. Zeharkako begiradak dituzu soilik biziak, berde eta zorrotz, azal beltzaran leunean. Hotzikara etorri zait bizkarrezurretik behera.
Heldu gara herrira. Ez dago bertan-bertan itsasoa uste bezala, baina minutu eskasetan gara hondartzan autoarekin eta jende gutxi bizi da hemen. Etxetxo zaharra da alokatu duguna; sukaldea eta bainugela behean, logela goian. Sarrera, pasilloa eta egongela gauza bera dira. Irribarrea eskaini diogu elkarri, jabearen azalpenei jaramonik egin gabe: gustuko dugu. Autoan ekarritako ogia xigortu eta tomatea birrintzeari ekin diozu. Gosari berantiarrak eman dio hasiera oporraldiari. Harrikoa egiten hasi naiz gela atontzera igo zaren bitartean. Autoan entzuten gentozen abestia oraindik hortz artean darabilt. Zure pausoen egur hotsak gorantz begirarazi dit, txorrotaren marmarra nagusi bada ere.
Begiak ostera platerera itzuli aurreko une horretan ikusi dut.
Sukalde-gainean dabil, patxadaz, nigandik gertu, fruterotik are hurbilago. Kolore nabar distiratsua du, biguna dirudi azal pikortsuak. Ezin zenbatuzko oinei eragiteari utzi eta niri begira geratu da, aran koloreko begi distiratsuekin: bi argi berde sukalde-gain beltzean.
Pinportak atera zaizkit larruan. Metal zaporea sumatu dut urdaila uzkurtzen zaidan bitartean, harraskaren aurrean iltzaturik, begiak zer hartatik aldendu ezinik.
–Zer gertatu da? –Bortitza egin zait zure ahotsa. Etendako arnasa berreskuratzean ikusi dut mila zatitxotan datzala platera lurrean. Txorrotaren jarioak dirau guztia blaituz. Ez dut erantzuten asmatu. Nire begien norabideari jarraitu behar izan diozu, eta ozta-ozta ikusi diozu ipurdia ezkutatu aurretik.
–Zu? –Ahotsa leundu zaizu, burlati– Labezomorroen beldur? Horixe bai ez nuela espero!
Neuk ere ez. Neuk ere ez nuen espero inondik inora.
–Seguru zaude labezomorro bat zela hori? – begiez, azalaz, mugimendu pausatuaz, hitz egitera ausartu gabe.
–Kar-kar-kar
Ez dut enegarrenez entzun nahi labezomorro artean hazi zinela, zure amonarenean ia maskotatzat zenituztela. Ez dut gehiago galdetu. Atarira joateko esan didazu, zuk egingo dituzula nire artxizomorroarekikoak. Apur bat inozo sentitu naiz, baina on egin dit haize freskoak. Bi kolpe lehor heldu zaizkit berehala sukaldeko leihotik.
Akabo.
Gorputzeko dardarizo bitxi hau, baina, ezin izango dut goiz osoan soinetik astindu. Ukitzen nauzun bakoitzean milimetro batzuk zimurtzen zait azala. Eskuetara egiten dizut so, eta haiekin zomorro hori akabatu duzula bakarrik pentsa dezaket.
Eguerdia pasatxo izanik ere, ez naiz gose. Etxetik atera gara taberna bateko terrazan esertzeko, baina ez naiz ezer irensteko gai. Entsalada jaten ikusten zaitut, letxuga arrastoak geratzen zaizkizularik horitzen ari zaizkizun letaginen artean. Mahaitik altxatu eta autorako bidean ezpainak ondo hertsi ditut musu eman didazunean.
Musika utzi didazu hondartzarako, ez omen duzu behar, gure udako etxeko liburutegian aurkituriko liburua daramazu: Ovidioren “Ars Amandi” eta “Metamorfosiak”; ez duzu ireki ere egin. Ez dut konbentzitzen nauen bildumarik topatzen zure mp4-an, ezta toallan jarrera egokirik ere. Bigarrenez eman didazu krema bizkarrean, esku beltzaran lakarrez, nire azal zuriegia erre ez dadin.
–Hotz al zara? Oilo-ipurdia duzu.
Etxera bueltatzea proposatu dizut. Goragalea sentitzen dut, klimara ohitze kontua izango da, tentsio baxuari egotzi diogu errua.
–Utzidazu gidatzen, ez zorabiatzeko.
Isilik egin dugu bueltako bidea, nire eskua ez da behin ere abiadura-palankatik aldendu.
Etxera sartzean “La cucaracha” txistukatu duzu barre txikiz, giroa lasaitu nahian edo. Irribarrea itzultzen saiatu naiz. Fruta apur bat afaldu eta ohera joan gara berehala, ez gaude oso hizlari. Urduritasuna jabetu da nitaz eranzten ari nintzen bitartean eta bizkor sartu naiz izarapean. Bero egiten du, baita maindire fin honentzat ere. Sargoriaren likitsak ematen duen distira hori duzu azal beltzaranean, luze nire ondoan etzanda. Ukondoaren gainean bermatu zara, barne argia duten begi berdexka horiek tinko, irria ezpainetan zintzilik. Metal zaporea datorkit aho-sabaira berriz.
Nire bularrak laztantzen ari zara arreta handiz, ia automatikoki bizkarretik pasatu dizut eskua. Hezea duzu azala, labainkorra, biguna. Hondoratu egiten dira nire atzamarrak zure haragian, pantanoetako zoru lohituetan bezala, gero bere lekura bueltatzeko. Korapilatu egin zait sabela, baina ezin diot zure larrua sakatu eta askatzeari utzi.
– Zertan ari zara? Ondo zaude?
Argia itzali dut erantzun gisa. Zure biloak sumatu ditut nire zangoetan, gorantz, patxadaz igotzen ari balira bezala.
1988, Lasarte-Oria. Artearen Historia ikasi zuen eta hainbat kultur espazio eta proiektutan egin du lan. |