Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 Hitzetan bizi
   
Ilustrazioa: Kristina Fernandez    
     

Igor doktoreak Vojnik erietxean egiten zuen lan, Ljubljanako ospitale nagusian. Bera zen psikologiaz arduratzen zen bosgarren pabiloiko zuzendaria. Bere zereginak lasaiak ziren 1995eko sutearen aurretik. Ezbeharrak portu ondoko auzo osoa kiskali zuela jakina den arren, gutxik dakite sua Villete izeneko eroetxean hasi zenik. Milaka gaixo desagertu ziren, hiriburuko kale ilunenetan eta Ljubljanako haurren amesgaiztoetan soilik agertuz. Sutearen ondorengo txikizioan bizirik aurkitu zituzten beste ehunka gaixo Vojnik ospitalera mugitu zituzten, Igor doktorearen pabiloira. Horrela ezagutu zuen Eduard.

Gau luze askotan oroituko zuen elkar ezagutu zuten martxoko egun hura. Hotzikara batek astindu zuen Igor doktorearen gorputz osoa, gelan sartu bezain pronto. Eduard lurrean eserita zegoen hainbat koadernoren artean, leihotik ikus zitekeen errealitateari bizkarra emanda. Orriaren gainean bolalumak eginiko soinuak besterik ez zuen isiltasuna urratzen. Erizainak azaldu zionaren arabera, sutearen ondoren hogeita bosten bat libururi besarkatuta aurkitu zuten gaixoa; gero jakin zuten bere egunerokoak zirela. Ezer gutxi zekiten bere gaixotasunari buruz, ez baitzion inori jaramonik egiten, egun osoa igarotzen zuen egunerokoan idazten. Izena ere ezezaguna zitzaien, horregatik deitzen zioten Eduard (garai hartan Eslovenian ezaguna zen eguneroko moduko liburuko protagonista da Eduard). Igor doktorea gehien izutu zuena ez zen izan bere jatorriaz ezer ez jakitea, edota lurrean horrenbeste koadernoren artean ikustea. Beldurgarriena bere idazteko modua zen. Gogor heldutako boligrafoak abiadura handiz idazten zuen bitartean, bere hartatik ateratzeko zorian zeuden begiek eskuaren dantza zoro sutsua jarraitzen zuten. Bere begirada, ordea, orri zuritik haragoko mundu batean galduta zegoen.

Gaixoarekin hitz egiten saiatu zenean erizainaren erantzuna jaso zuen. «Ez ahalegindu, ez du batere hitz egiten. Ez dakigu entzun ere egiten duen. Egun osoan gauza bakarra egiten du. Idatzi». Igor doktoreak kemena bildu behar izan zuen Eduardengana hurbiltzeko, baina honen eskuetatik egunerokoa kentzerakoan ez zuen inongo eragozpenik jaso. Koadernoa lehen orritik ireki eta irakurtzeari ekin zion. «Otsailaren 16a. Nire hogeita bosgarren urtebetetzea. Veronika agertu da gosariarekin. Kanpoan Celje guztia elurtua ageri den arren, Veronikaren irribarreak berotzen du gela».

Eduarden aurpegiari erreparatu zion Igor doktoreak; bistakoa zen gutxienez berrogei urte izango zituela. Hurrengo egunetan ulertu zuen bere gazte garaiko gertaerak idazten zituela gaixoak egunerokoan. Esnatu eta bazkalaurrean, urte batzuk lehenago goiz hartan egin zuena idazten zuen detaile handiz. Gauza bera arratsaldean, bai eta afalondoren ere. Benetan kezkagarria zen Eduarden jokamolde hura. Gau txarra izan zuela idazten zuenean, lokarturik ibiltzen zen egun osoan zehar. Neskarekin izandako errietaren bat esplikatzerakoan, haserre. Ez zituen pasatako gertaerak soilik idazten, berriz ere bizitzen zituen.

Egunak aurrera joan ahala denbora gehiago pasatzen zuen Igor doktoreak gaixoa behatuz. Orduak igarotzen zituen liburu artean gaixotasunari buruz ikertzen, edota Eduarden errutinaz idazten. Gauez ezin zuen lorik egin, eta egunez gaixoa besterik ez zeukan buruan; obsesionatuta bizi zen. Konturatu zenerako mediku eta gaixoaren zoritxarra berbera zen; biak bizi ziren koaderno horien esklabo.

Sendabidea aurkitzea premiazkoa zitzaion, Eduard zoramenera eraman zuen bide berberean galdu aurretik. Udazken hasierako egun eguzkitsu batean, ospitaleko soto ilunean zegoela, amnesia kasuetan egunerokoak erabiltzen zituztela irakurri zuen Igor doktoreak. Villete eroetxeko medikuek bidali bazioten egunerokoa Eduardi han sartu zenean, zergatia aurkituko zuen egun horretaz egunerokoan idazten zuenean. Gaitz guztien arrazoia izateaz gain, esperantza bakarra ere bazen egunerokoa.

Eduardek ospitalean pasa zuen azken egunean mantu zuri batek estaltzen zuen Ljubljana. Garrasi hotz batekin esnatu zen bosgarren pabiloia. «Beste koaderno bat! Beste koaderno bat!». Errutinatik kanpo egiten zuen lehen gauza izanda, itxaropentsu egin zuen Igor doktoreak Eduarden logelarako bidea. Koaderno berri bat eskaini zionean, ezer esan gabe hartu eta idazteari ekin zion. Eduard bere hitzetan murgiltzen zen bitartean, Igor doktoreak gaixoak bukatu berri zuen liburuxka jaso zuen. Azken sarrerako datari erreparatu zion; otsailaren 15a. Eduarden armairura jo eta bertan ahaztutako eguneroko zaharrak atera zituen. Lehen orritik ireki eta ezaguna zuen gertaera irakurri zuen. Bihotza gelditu egin zitzaion bigarren bat hartu eta bere susmo ilunenak bete zirenean. Egunerokoak pilatik banan-banan hartu eta irakurri egin zituen koaderno guztien lehen orriak, antsietatez hasieran, etsipenez gero. Poliki, Eduardengana jiratu eta erabiltzen ari zen eguneroko berria kendu zion eskuetatik. Ozen hasi zen esaten, irakurtzeko beharrik gabe: «Otsailaren 16a. Nire hogeita bosgarren urtebetetzea. Veronika agertu da gosariarekin. Kanpoan Celje guztia elurtua ageri den arren, Veronikaren irribarreak berotzen du gela».

Alexander Martinez Iturria

26 urteko irundarra, arkitektura planoen arteko bidea ibiltzen ari da hitzekin dantzan.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago