Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 Sutan
   
Ilustrazioa: Kristina Fernandez    
     

Ze eternitate eta ze demonio! Orain –nahi eta nahi ez– popako zulotik bada ere, teknologia berriak sartuko dizkigute. Kontratuan jartzen ez zuen arren. Azkenaldi honetan nahasten joan dira kontuak. Konplikatu egin da merezimenduak lortzeko merituen neurria.

Eternitatea eta enparauok... aspertuta naukate! Ez zidaten kontatu infernurako oposizioak gaindituta ere, gerora, zikloak aldatzen doazela, eta birziklatzen joan beharko nuenik. Inork ez zidan abisatu.

Mundu aldakor hau ez dut inondik inora ere ulertzen. Lidia ere, berari baino Whatsapp-ari kasu gehiago egiten diodala-eta, haserre dago nirekin. Ikusi dudan orduko, neuk banu legez kontu honen erru guztia, bere bostean hasi, eta, azkenean, nirekin jarri da sutan. Ni ere berarekin berotu naiz, eta Vulkanorengana bidali dut bakean utz nazan. Nobedadea.

Baina lehengora itzuliz: kontuak ateraz, sasoi batetik hona, ikaragarri zaildu dira hemen toki bat irabazi ahal izateko lortu beharrekoak. Zaildu ere zaildu.

Askoz errazagoa zen, bai, lehen. Neuk ere, hemen tokia hartzeko, ez nuen gainditu beharrik izan halako trabarik. Txikitan jada oilaskoari lepoa bihurritu nionean, «ume hau, deabrua bera baino okerragoa duk!», esan zidaten. Gaztaroan, nahikoa izan nuen gurutzearen ordez ezkur bat zintzilikatzea eskapulariotik gure artean halako esamesak sorrarazteko. Gero, kobetako festetan errege izendatu nuen neure burua, eta «infernuan erreko ahal haiz!», entzuten hasi nintzen. Hitz horiek entzutetik eta sutan bertan erretzera, ezer gutxi egin behar izan nuen. Egia esan: egonean egon, ez besterik. Hori ere; egonean egotea, galbidea omen zen, eta zirkinik ere ez nuen egin, egia esan.

Ni bezalakoak asko daude hemen. Ezer gutxi eginagatik hona bidalitakoak. Meritu gutxikoak.

Hamaika ikusteko jaioak bagina ere! Atzo arratsaldean, han, ezkerreko sutearen kantoian, Bukowski bera Janis Joplinekin gorritu nahian ikusi nuen kale erdian bero. Oraintxe bertan, berriz, begi bistaren paretik nor igaroko eta Omar, Amy Winehousen gerriari helduta. Ikusi nauenean, paretik pasaeran, keinua egin eta haren ipurdian eskua ipiniz, aldendu dira pozarren, biak. Sutsu dator aurten udaberria.

Ondo egoten da bat hemen. Txarrena egoera ez egonkor honek sortzen dituen kezkak dira. Atzo balio zuena, gaurko, zahartuta dago honezkero. Ez da bidezkoa. Niri hala balioetsi zidaten: «Jo eta betiko bertan erreko ahal haiz!». Orain, baina, konbalidazio kontuekin datoz hona. Ez da justua.

Pentsa ezazue Isaac Rabin eta Yassef Arafati gertatutakoaz. Gogoratzen? Kontu handiarekin ibili behar da bat gurean. Eurek ere, Rabinek eta Arafatek, ondo irabazia zuten infernu hau. Akordatzen haiek eginiko merituez?

Bakearen Nobela eman eta bat-batean bizia aldatu zitzaien. Bizia edo ad eternum den egoera hau. Ezustekoan egun batetik bestera, hainbat eta hainbatentzat ikur bihurtu eta, egindako hainbeste lan, alferrik! Guztia popatik hartzera! Oharkabean, zinemaren ordez beste bat irudikatzen hasi eta, zarena urdintzen dute. Jada beste bat zara.

Marylin bera ere, non dago bada Marylin? Hain arrosa al da? Eta Gilda?

Metodoa jarri zutenetik zelan joan diren konplikatzen kontuak! Lagungarria izan behar zuenak, Hautaketa Batzordea dela, eta sailkapenak direla, eta puntuak gora puntuak behera... paperetan galtzen gara. Iaz, jasangarritasunaren bermea hausnartzeari ekin zioten. Han eduki gintuzten urte erdi eurak ulertu ezinik. Gaurko ahaztuta daukate dena. Ez dago eskubiderik. Hilaren hemeretzian Osasun Azterketa. Zoratuko gaituzte, bai!

Eta Snowden? Nora bidaliko dute orain Snowden?

Kontu handiz ibili behar dut. Eskerrak pilatutako puntuei! Eskarmentuari esker, Instituzioan ditudan puntuek ematen didate segurtasuna.

Kontu handiz ibili behar dut. Zuriagoa izan behar da bat gaur egun. Lehenagoko inkisiziokoak modukoagoa. Iluna eta gordea.

Oposizioen kontua dela eta, eskolan nabil berriro On Line. Ikaskide batzuek sinetsita dute nahikoa dela sexu zirikatzailea izatearekin; ez dute errebalida hau pasatuko. Ez. Buztangorri bat baino gehiago bilakatu izan da, kontrakoa pentsatu arren, zeruko aingeru. Eta berehala, telebistako izar. Eredu.

Lidia bera ere arrisku berean ikusten dut. Horietan dabiltzan guztiak kenduko omen dituzte hemendik. Horiek denak zerura. Ziur.

Interneten dago etorkizuna. Interneten, teknologian eta metodoan. Hala dio Instituzioak. Horretan aritzean datza merezimenduak lortzeko merituen balioa.

Informatikaren kristoan, hor non dagoen sutan jartzen nauen infernua: Hackerra izan ala ez izan, horra hor gakoa.

 Lauri Urkiza Lekue

Hasieran ura zegoen eta etxeko Axal ekarri nuen goitizentzat. Oraingoan, Lauri, aitaren izena da hezurra. Arakistain da lurrari lotzen nauen sustrairik sendoena. Amamarena. Hazia, amarenaz batera, Urkiza daroat odolean.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago