Linterna eraman izan balu…
Irudia: Kristina Fernandez | ||
Aspaldi-aspaldian, hemendik oso urrun ez zegoen bailara nafar batean, hariztiz eta gaztainondoz jositako baso berde bezain lasaian, bizi zen Ibarra sendia. Beren baserria belaunaldiz belaunaldi jasoa zen. Herrian, hasieran; isolatuta, gero, inguruetako larre gozoenei eta zuhaiztiei etekina ateratzearren. Denbora gutxian, artez ezkutatu zuen naturak baserria, soilik zapelatz eta putre kuxkuxeroenek ikuska zezaketen. Halere, ez ziren ikusbera handienekoak zerua hegaka harat-honat zeharkatzen zutenak, baizik eta Ibarra sendiko semerik gazteena. Herrian, Antton ipurterre deitzen zioten txiki-txikia zenetik. Mutiko zinez geldiezina, jakin-min aseezinekoa.
Ibarreko soro gorabeheratsuetan, taldetan sakabanatuta zegoen azienda mendi-magaletan behiak, ardiak, behorrak eta basahuntz gutxi batzuk bazkatzen, beren zintzarri-doinuez bailarari doinua emanez eta basanimalien kantuari akordeak jarriz. Gazteari benetan gustatuko zitzaion basoetan barrena sartzea eta bere sormena martxan jartzea; halere, hantxe ibiltzen zen, herrira joan, egitekoak ekarri; eginbeharrekoak amaitu, berriekin hasi. Amaigabea zen lanen zerrenda, komaz beterik, punturik ez. Bero-sapa ala zarra-zarra ari euria, egunean bospasei aldiz egiten zuen buruz zekien basa-bidea, esne-marmitak garraiatuz, arkumeak trukerako eramanez, oiloen arrautzak zorroan. Edozein gaztek marmarrean egingo zukeen bide hori guztia, bai joanekoa, bai itzulerakoa. Zorionez, Anttonen imajinazioak aise zeharkatzen zituen bidezidorreko mugak, bitartean istorioak eta izaki magikoak sortuz.
Neguko arratsalde hotz batean, guztia alfonbra zuriaz estalirik zegoen batean, aita belazetik bueltan aurkitu zuen, sukaldean, zoletako elur-bustiaren oinatzari segitu ziola. Mutikoa blaitutako ezker-oinetakoaren lokarria askatzen ari zela, egundoko ezustekoa eman zion aitaren ahots sarkorrak.
–Antton! Zure bila ibili naiz. Oraintxe aurkitu zaitut, non ibili zara? –erantzunerako abagunerik eman gabe jarraitu zuen– Enkargua daukat zuretzat, atarian duzu!
Tximista bezain arin agertutakoak alde egin zuen etorritako bidetik, edozein kexuri nahiz erreklamaziori entzungor; Anttoni otu ere ez zitzaion egin inolako arrangurarik, alferrikakoak baitziren. Sutondoko bero goxora hurbiltzeko aukerarik eman gabe, hartu eta berriz ere jantzi zuen zapatila hotzbustia. Dardara batean egin zuen ateraino, metalezko marmita pisutsuari bi eskuez eutsi, eta herrirako bidea hartu zuen enegarrenez.
Abiatzerakoan, iluntzen ari zuela konturatu zen, eta pauso bakoitzeko ohartu egun-argia aienatzen hasia. Iluntzearen kontuak edozein larrituko zuen; Antton, ordea, jolasean hasi zen, egindako joan-etorrietan elurrean utzitako oinatzak zapalduz. Halakoan, hainbestetan zapaldutako elurra izotz bilakatu eta labain egin zuen, hankaz gora eroriz, eltze eta guzti. Lurra are zuritu zuen urrearen balioa zuenak; kopetako izerdi hotza maukaz lehortu zuen: ezer gutxi isuri zitzaion, eskerrak. Galdutako esnea disimulatzearren, izotz puska bat marmita barrura bota, eta azken metroak egin zituen herriko tabernara.
Dirua jaso, eta arraio-zaporeko freskagarri hotz-hotza eman zion tabernariak abegiz. Mutikoari eginbeharrekoa ondo egin izanaren poza azkar batean bilakatu zitzaion urduritasun, ilun-ilun baitzegoen guzti-guztia; Anttonek ezin zuen ikusi hiru metrora zuena. Halere, lasaitasun apur bat eman zion bidea buruz jakiteak; hainbeste aldiz egina zuen, non itsututa ere arazorik gabe egingo zukeen. Iluntasunera ohitzen ari zen apurka-apurka, basa-bidean aitzin. Kantu kantari zihoan mutikoa, izu-laborriak jota ala ezaxolati, batek daki. Erdia baino gehiago egina zuela, gelditu egin zen artega. Bide elurtuan pauso-hotsak entzun zituen, ez atzetik, baizik eta aurretik, norbait bere enkontrura joango bazitzaion bezala. Zurrunak bezain pisutsuak ziren begien aurrean zuenaren pauso-hotsak. Itsu-itsuan zihoakion. Zuhur, bide-bazterrera egitea otu zitzaion gazteari, harriaren plantak egiten, zetorrenarekin ez topatzearren.
Minutu luzez egon zen gihar bat bera ere mugitu gabe, esperoan. Deblauki amaitu ziren gero eta nabarmenagoak ziren hotsak; ez zen deus ere entzuten, basoko basanimaliaren bat salbu, eta, ikusi, ikusi soilik iluntasuna. Irudimenak iruzur egin ziolakoan, aurrera egin zuen; alabaina, burutik ezin zuen kendu bere bila zetorrenak Anttonen estrategia berbera erabili izana, hau da, esperoan izatea. Oinez hamarren bat minutu soilik egin behar zituenaren ideiak adorez bildu zuen. Agudo egin zuen aitzin, noizean behin burua atzera bueltatuz, norbait atzetik zuen ala ez ziurtatzeko, aurretik ez zuen-eta tutik ere aditzen. Ezbairik gabe, beldur-keinua zen hori, sortzetikoa, kontrolaezina, itsu-itsuan ari baitzen. Beldurra ugaltzen zen keinua errepikatzen zuen bakoitzeko.
Halakoan, bizkarra segurtatzeko burua atzerantz zuela, bete-betean jo zuen pareta moduko batekin, gogor-gogorra, sendoa, malgua era berean. Kolpeak eta ikarak pare bat metro bota zuten. Lurrean etzanda geratu zen, harri eta zur, zer egin ez zekiela. Bat-batean, aurpegira hurbildu zitzaiola sentitu zuen. Piztiak hats beroa eta hezea bota zion, kiratsa zeriona; usteldutako tipularen usaina etorri zitzaion gogora mutikoari. Alde egin ez egin geratu zen bospasei segundoz, izu-laborriak jota. Denbora-tarte hori nahikoa izan zen aurrez aurre zuenaren marruak ibar osoan entzuteko. Batek daki zergatik ez zion eztanda egin bihotzak Anttoni, nolatan ez zitzaion ahotik atera. Bitan pentsatu gabe, ziztu bizian altxatu, eta istant batean etxeratu zen. Egun, oraindik ere ez dakigu bietatik zeinek pasa zuen ikaraldirik handiena, behiak ala mutikoak.
San Policarpo Donostiarra ez, Donostiakoa, izatez; euskaltzalea, eta irakasle-ikasketak eginikoa. Aurrera narama sortzetiko jakin-minak, hamaika galdera erantzuteke; gaztea, ilusioz gainezka, motxila asmoz eta ametsez betea |