Argazki artetik
Irudia: Kristina Fernandez | ||
Atea zeharkatu baino lehen, betiko zalantza, aterkia hartu edo ez. Leihotik begiratu dut eta tantatxo batzuk besterik ez. Bai, ez… Ba ez, ez dut hartuko. Etxeko atetik hogei pauso aldendu orduko inguruko guztiak aterkiak zabaltzen hasi dira, tantatxoak tanta bihurtu dira eta korrika hasi naiz, ekaitzak harrapatuko ez ninduelakoan eta blai-blai eginda liburutegian sartzea erabaki dut, etsita, total, minutu bateko kontua izango delakoan.
Pare-parean egokitu zait erakusketa handi bat eta, tira, atertu bitartean begiradatxo bat botatzea pentsatu dut. Ez naiz oso erakusketa zalea, baina herriko argazkiak direlako edo txuri-beltzean daudelako edo ikusi beharrekoak izango direlakoan hurbildu naiz lehenengo argazkira.
Pabiloi handi batean eseritako emakume gazte batek tiratu nau, zer bizi izan duen irudikatzeko irrikaz eta bera nintzela amestu dut begiak zabal-zabalik. Baina ez dut ikusten, non dago eliza? Non liburutegia? Badirudi errezatu egin behar dela eta nik ez dakit kantu bakar bat ere. Larritu naiz, baina playback pixkarekin disimulatu eta dena bukatuta zegoelakoan, argazkiaren eskuinaldeko gela batera sartua nintzen gantxiloa, puntua… Denek ekarria zuten izararen bat, eta nik ez. Keba! Ai ama! Ez dakit nola egiten den hau! Bueno, egun txarra dudala esan dut eta errezatzera bidali nau moja batek. Baina ez dakidanez, berriro atera naiz atakatik, oraingoan, Fredy Mercuryren “I want to break free” ahopean abestuz, ezpainak mugituz. Ave Maria dirudi, libratu naiz, jainkoak baleki! Moja eta gantxilo artean, atzerago iritsi naiz konturatu gabe, gehiketak, kenketak, biderketak eta zatiketak ikasi ondoren, neska handiak garela esaten ziguten egunetara, zorionak!
Saltoka eta jolasean ibiltzen ginen egunetan murgilduta, konturatu orduko egin dut salto, nahiz eta beste argazki batera. Nekatuta dirudi hango emakumeak, etxeko kristalezko leihoaren aurrean eserita. Bazkaltzeko ordua dela esango nuke, mahaian beraiekin esertzen nintzela amestuz. Ura, ogia eta ardoa izango ditugu. Ardoa bai behintzat, etxeko gizonarentzat, eta gaur, baita arraina ere ibaian arrantzatua. Ikasi beharko nuke neuk ere pentsatu dut, arrandegian baino ez baitut arrantzan egiten. Amuarrainak ez dit aurpegi onez begiratzen, niretzako ere egun arraroa dela antzemana izango da dagoeneko, lagun!
Hurrengoan, hara ama bat da, bere alabari leihotik agurka. Neure amari ari zaiola amestu dut eta bere ametsak amestu nitzakeela imajinatu dut, eskolatik irten orduko txoko batetik bestera jolastuko nuela pote-potera lagunekin eta gero oraindik eguneko onena geratzen zela, merienda eta txokolate ontza bat jango dugula hiru ahizpen artean eta gainak ogi-artean.
Baina nola…Jendeak narama ilaran. Sotoan pilatutako jendartearen erdi-erdian neska gazte bat. Hura izatea erabaki dut eta sotora joan aurretiko momentuak irudikatu ditut. Ui! Soinu bortitz bat kalean, musika, ala? Baina, zergatik hasi zarete denok korrika? Ni ere inertziaz abiatu naiz korrika eskaileretan behera. Hemen ez dago leihorik, klaustrofobikoa iruditu zait, baina atea ireki eta sotoan sartu behar. Manta bat eman didate, egia esan ez dakit zertarako den. Aaa, bale! Mozorrotzeko! Antzezlanak egiten ari dira bizilagunak, baina zergatik? Gora igo gara berriro, denbora pila bat egon gara hor barruan, ez dut ezer ulertzen. Leihoak zabaldu orduko ikusi dut haur bat bonba batek lehertuta. Bihotzeko taupadak azkartu zaizkit eta nire begiek hurrengo argazkira gidatu naute. Bihotza lehertuko ez bazait nahiago bosgarren argazkiari begiratzea, eta minutu batzuetan beste emakume hura izan.
Haurdun dagoen emakumea. Izan ere, esan zidaten matematikak ikasi orduko handitu egingo nintzela eta baita tripa berehala hazi ere! Eskerrak! Behin eta berriz esan didate umerik ez izatea bekatua dela eta nola biziko naiz bekatuan, ba? Dodotisak erostera joatea erabaki ezin zuen emakume hura izatea amestea zaila da. Kalean gora eta kalean behera abiatzean jabetzen naiz ez dela amesgaizto bat, oraindik etortzekoak direla bigarren umea, hirugarrena, laugarrena. Aiii ba ez dakit gaur bazkaria egiteko denbora emango didan... Ea, zer ordu da? Eskuak eraman ditut sakelara, baina ez dut mugikorra aurkitzen. Nire ahizpa nagusiak utzi zizkidan praketan ez dago poltsikorik. Mugikorraren bila joan naizenean bizilagunak erotu naizela esan dit, ba agian erotu naiz Virginia Woolf erotu zen bezala. Nahi badut Telefonica bat dagoela esan dit, bai, herri osoarentzat, Telefonica zer? Nik ordua besterik ez dut nahi!
Seigarren argazkirako, leihoko atea jo du norbaitek, gure bila etorri dira, lana eskaini digute giltzak kaxetan gordetzeko. Nire ahizpak lan egin nahi du, bueno bale, umeak nik zainduko dizkiodala. Nireak, bereak … Eman kumeenak! Eta mantak egingo ditudala, arropak, bazkaria… Total, ez dakidala oraindik zahartzen naizenean ez dudala xentimo bakar bat ere kobratuko eta ez dudala zazpigarren argazkiko autobusera igotzeko dirurik izango, agian.
Zazpigarren argazkia, autobuseko leihotik agurka ari den emakumea. Autobuseko eserlekuan eseri baino lehenagoko emozioetan galdu naiz. Gaur bidaia dugu, bai ondo! Azkenean autobusak jarri dizkigute Sardinerora joateko. Noizbait hartu dut Maltzagatik Gasteizera doan trena eta bidaiatu dut Bergarara, treneko leihoak handiak dira, politak, ezberdinak. Urduri xamar nago, eztei bidaia hori egin genuenetik ez bainaiz etxetik ia irten. Donostiara joan ginen, a ze zortea izan genuen! Nire urduritasuna lasaitu nahian ur hotza hartzera joan naiz frigorifikora. Non dago, ba? Lekuz mugitu al dute? A, ikusi! Hor dago balkoian freskera bat. Joe, dutxa ere ez dut aurkitzen, ba ur balde bat berotu eta garbituko naiz. Eta arropa? Zein arropa eramango dut bihar? Aste bat behar dut hau sikatzeko!
Baina ez, eztei bidaiaz geroztik etxetik atera zen emakume hura ez da errepidean aurrera doan autobusean eserita geratu dena. Zortzigarren argazkia delako ote da, ala emakumea galduta dagoelako norabait doan autobusean. Aurrera egin ahala herri asko ikusten dira autobuseko leihoetatik. Emakumeak kalean hara eta hona ikusi ditut. Emakume batek arreta eman dit autobusaren erritmoa moteldu denean eta lanera bidean harrapatu dut. Polita zen, praka estuak zituen, alkandora zuria eta ilea beltz-beltza. Agian berak ikasteko aukera izan du eta kazetaria da. Bi ume izango ditu, gehiago ez, bestela ezingo dio bere lanari heldu. Bere soldatarekin bidaiatuko du trenez, hegazkinez, itsasontziz … gaztelaniaz gain, ingelesa ere hitz egiteko gai izango da eta bere lagunekin kafea hartuko du irakurritako liburuei buruz solasaldia izango duten bitartean. Margolari itxura du eta ziurrenera jakingo du bere margolanetan leiho koloretsuak marrazten. Gaurkoa egun luzea izan delakoan nago, eta iruditu zait izara artean emakume hura gogoratu dudala eta erizain nintzela amestu dudala begiak zabal-zabalik nituela eta gela bat nuela, neure gela.
Barkatu –esan dit emakume batek–. Erakusketa bost minututan itxiko da. Pentsakor gelditu naiz, argazkietako emakumeek izango zituzten amets guztietan pentsatuz, lapurtu diren amets guztietan. Liburutegitik irten naiz, ezkerrean emakume batzuk margolanak saltzen ari dira, eskuinean neska-mutilak futbolean jolasten, hor atzean kotxea gidatzen ari den emakumea eta erdian nire amama lagunekin kafea hartzen. Argazki bat atera diet, koloretan.
Arrasate (1986), Lehen Hezkuntza eta Gorputz Hezkuntzako Minorrean graduatu berria da. Zuzendari Idazkaritzan diplomatua da. Idazle Eskolako graduondokoa egiten ari da. Poesia eta haur literatura idaztea ditu pasio, baina testu honetan ez dugu ez bata ez bestea aurkituko. Argazki txuri-beltzak ekartzen dizkigu, emakumeek bizitakoari buruz hausnarketa koloretsuak egin ditzagun. |