Hotz ala bero
baina kafesnea nahi zuen berak.
Berandu iritsi da, beranduegj da. Zain dauzka senideak gela hotzaren sarreran. Zu ere bere zain zaude. Orain gorpua besterik ez zara, baina bere zain zaude. Ez daki une honetan zer den egokiena, agian besarkatu beharko lituzke, beharbada negarrez hasi, edo akaso keinu samur isilaz agurtu. Urduritasunak hanka-gora jarri ditu bere asmoak eta hitz txoroak atera dira bere ahotik, hitz txoroak besterik ez, hitz txoroak noraezean. "Berandu iritsi naiz! Noiz hil da?" Ez duzu bisitarik jaso hil zarenetik, hilzorian lagundu zaituzte, eskutik hartu zaituzte, baina hor bukatu da dena. Orain, beldurrak estali zaitu zu eta bere hartu du giroa. Ausarta izan da gelara sartzean, edo agian koldarregia. Bizirik zeundela ez zintuen gaixo ikusi nahi izan, ez zituen azken egunak zure alboan igaro nahi izan. Beldur zen, hura zen beretzat benetako beldurra. Bihotzeraino sartzen zitzaion beldurra zen hura. Zuri begirada eustearen beldur zen, zuri eskua leun laztantzearen beldur zen, zuri agurra ematearen beldur zen. Beste aldera begiratu zuen orduan, orain ausartaren plantak egiten dituen arren.
Orain dena da suposizio. Entzun ditu kontu batzuk zuri buruz, anaiak kontatzen zizkion. Egunero jasotzen zuen anaiaren deia. Bera lanez lepo omen zebilen, ezin omen zituen ardurak alde batera utzi. Azken egunetan kafesnea nahi omen zenuen, ero moduan eskatzen zenien erizainei orduro, minuturo, segundoro. Konturatu zinen arte zure eskaria neurriz kanpokoa zela. Orduan damutu zinen, orduan hasi zinen barkamen eske. Harrigarria iruditzen zaio heriotza, harrigarria gizakiaren jarrera honen aurrean. Kafesne batek hartu dezakeen garrantziaz herioaren aurrean. Zuri begira jarraitu nahi du, baina ezingo du denbora luzez jarraitu begira, gela uzteko agindua jaso baitu. Matrailezurra Iekuz kanpo duzu okerturik, beldurra sumatzen zaizu begiradan, hori zaude, kontsumiturik. Badirudi heriotzak ezustean harrapatu zaituela, ez zenuela espero. Badirudi sufritu duzula. Lo zeunden baina. Morfinak kentzen zizun mina, lotan jarraitzea bezala izango zela uste zuen, baina ez da hala izan antza denez. Ohearen alde guztietatik paseatu da zu aztertuz. Buruan mila galdera. Mila galdera heriotzari buruz. Eskua luzatu du zalantzati. Behatzaz ukitu dizu kopeta. Ukitu azkarra izan da, ez du denborarik izan bero ala hotz zauden jakiteko. Ez dizu musurik eman. Mugituko zarelakoan, ezusteak oraingoan bera harrapatuko duelakoan.
Zuri begira jarraitu nahi du eta hala izango da. Badu gaueko hamarrak arte nahikoa denbora. Prestatu zaituzte, apaindu, moldatu eta izozkailuan sartu zaituzte. Reterik dituzu masailak, hori jarraitzen duzu, baina aurpegia ez duzu argal. Ahoa josi dizutela dirudi.
Matrailezurra bere lekuan dago. Itxirik dituzu begiak, jada ez dago beldurraren arrastorik zure begiradan. Hotz ala bero ote zaude oraingoan? Tenperaturaren markagailuak esan dio 4 gradutara zaudela hor barnean. Itxituraren barnean zaude, bera kanpoan dago. Gela goxoagoa da, salatxo bat eta guzti egokitu dute senideak bertan geratzeko, baina zu ez zaude goxo. Preso dute zure gorpua, kristalak markatzen du orain egoera. Zu hilda zaude, eta bera bizirik zuri begira. Hitz egiten dizu orain, nahi dituen kontu guztiak esaten dizkizu. Maitasuna ere adierazi dizu. Alferrikakoa ordea. Ez duzu entzuten, ez dituzu hitzok eskertzen.
Jada ez zaitu ikusten, kutxaren barnean zaude. Zure errausketaz arduratuko denak esan dio aulkian esertzeko. Hirugarren eguna zu agurtzen, luze jo du guztiak. Zoko batean sartu dute zure zerraldoa. jendearen negarrak bete du giroa. Film triste bat ikusi berri dutela dirudi, denak aurrera begira, ikuskizun negargarri baten pare. Dardara hotsek adierazi dute zorua jaisten hasiko dela, ateak esten hasi dira, bazoaz, badoa zure gorpua . Bukatzera doa guztia, badaki deskantsua faltsua izango dela. Bete du protokoloa, baina barnean geratu zaizkio zauriak. Zuzen jokatu du jendaurrean, baina ez da zuzena izan zurekin. Ezingo du bukatu beharreko lana bukatu sekula. Amaiera emango dio honi, parafernalia guzti honi. Eta azken xuxurla egingo du: '"Agur aita, agur'", Agur Jauna, agur agur...