Zapata estuak
Inoiz baino gehiago eta sakonago egin dut lo. Gainera, gaurko hitzaldia, prestatuta bakarrik ez, buruz ikasia ere badut hitzez hitz. Behin hizketan hasi orduko, bat-batean nahi adina aldaketa egiteko ausardia ere izan dezaket. Gaia niri, berez sortua balitzait bezala bizi dut.
Joan zen hilabetean Londresen erositako zapata berriak jantziko ditut gaur. Dotore janztea tokatzen denerako erosiak. Gaur da, beraz, horiek estreinatzeko aukerarik aproposena. Ea zenbatek opatzen didaten “osasunarekin urratu”. Ederrak dira gero! Bakarrik nagoelako; bestela, gure amak esango luke berriz ere, oraindik umetatik ez naizela atera zenbait gauzatan. Neronek antzematen diot eta, neure buruari, halako irribarre mozoloa, “umeak zapata berriekin” esaera egiaztatzen duena!
Kosta zaizkit sartzea; sokak lotzen lanik hartu gabe ere ez dizkidate hauek oinetatik alde egingo… Boo, eserita, artean hor nonbait, hauek ez dira inondik ere, nire neurrikoak! Probatu ere, ez dakit nire oinentzako horren txikiak probatu nituen, kaxan sartu eta eman zizkidana deskuidatu izateko ere. Luzeran motz bakarrik ez; gainera, zabaleran ere erabateko estuak dira hauek. Behatz lodiak berehala okertu zaizkit lur-zorura begira, baina, gainontzeko behatzak ez ditut erosoago bata bestearen gainean edo azpian edo tartean, zer dakit nik, pilatuta!
Honezkero noan behintzat, ibilian ez naiz asko ibiliko behintzat-eta; zutik denbora dezente, hori bai, hori tokatzen zait gaur. Atrilearen gainean izango ditut paperak eta gaurkoan ni neu eusteko ere balioko al dit…
Eskaileretan behera noalako izango al da min hau! Sekula ez nuen esango eskailera maila bakoitza jaisteak horretarainoko atentzioa eskatuko zidanik. Binaka salto txikitan jaitsi izan ditut nik 5 solairuak garajeraino. Hemen noa orain, solairu batetik besterako 18 mailak banan-banan zenbatuz eta sekula heldu ez diodan ezkerreko barandan eskua txirristan. Barandari helduz nahikoa ez eta, eskuineko paretera besoa luzatu eta eskuaz garbituz ere banoa, ohartzerako. Ez dakit; gainera, patioko komunetako leihoetako batean, Anttonirenean norbait zegoela ez ote zaidan iruditu; bera bazen, honezkero telefonoz ari da Ramonarekin, ni zeharo berdinduta ikusi nauela esanez!
Ez naiz nahi orduko jaitsi garajeraino. Kotxean eseri eta lasaituko ahal zaizkit oinak. Oinak lasaitu edo zapatak laxatu, sikiera. Enbrage-pedalari horrenbeste zapaldu behar al zitzaion orain artean ere?! Hotzean izango da horren elkorra… Hanka batekin azeleragailua zapaldu eta bestearekin enbrageari bere lekura etortzen uztea zapaten larrua nire oinetara egokitzeko erarik egokienetan egokiena ere izan zitekeela pentsatuz animatu naiz kotxean esertzearekin batera. Baina ez dakit hiru kilometro eskas egiteko bada ere, gutxienez dozena erdi bat aldiz zapaldu beharko dudan enbrage-pedala mugitu ere egiteko gai izango naizen. Honenbestez, laugarren martxan ere eramango dut kotxea! Ez naiz gai beste bi aldiz enbrage-pedalari indar hori egiteko; eta gainera, azeleragailuaren ukimenik ere ez dut antzematen! Eskuaz belaun-gainari behera eutsiz noalako doa nonbait, oina bere lekuan, pedala erdi-bidean edo mantenduz. Ez dakit dagoeneko, nire oina den pedala zapaltzen doana, ala pedala doakidan oina estutuz, berealdiko presioa nabari dut eta, behatzetako haragi eskasak larrutu eta hezurrak elkarrekin igurtziz ari balitzaizkit bezala!
Esku-frenorik ez balu, kotxea espaloiak ez, baizik eta Unibertsitatearen pareta nagusiak geratuko zuen! Une batez ez ditut oinak sentitu ere egiten; eta aldi berean, hasten zaizkit garrasiari nola eusten diodan ez dakidan arren, inoiz nozitu dudan adinako oinazez! Kotxetik atera eta ziplo lurrera erori naizenean, estropezua egin dudala esan behar izan diot laguntzera etorri zaidan agureari. Nola helduko naiz ordea, “oinez”, eraikinaren barne-patioraino ere, gero igogailua badudan arren? Eta, zorua lehorra zegoenean, hor nonbait! Hala ere, trajearen jakan eta praketan, bietan geratu zait lurrean ibili izanaren arrastoa.
Hau komeria! Erdiz erdi, gandorra zutik egin ohi dut aparkalekutik sarrera nagusirainoko 27 eskailera-mailetan zehar igoera, eta orain, alde bietan dituen baranden laguntzaz ere ez nintzateke gai, bakarrik igotzeko! Ondoeza gertatu izanaren aitzakian, inguruan kontutan zeuden bi ikasleri erregutu diet Unibertsitatera eramango al nauten; eta, eseritako posturan baina airean eraman naute, igogailuen ateetaraino. Ipurdi gainean arrastaka sartu dut neure burua igogailuetako batean, dagoneko begira zein izan dezakedan ere pentsatzeko gaitasunik gabe. Igogailuko zenbakietaraino eskuko hatz bat ailegatzea Jainkoak eman didan oparitzat baizik ezin dut ulertu. Igogailutik, sartu naizen bezalaxe atera naiz, gerritik behera gorputz-atalik ez banu baino ere okerrago: intxaur-hauskailuak intxaurrari egiten dion bezalaxe, nire oinak txiki-txiki egiten ari zaidan erraldoi bat irudikatu dut.
Lehen oinetara bakarrik mugatzen zen mina; dagoeneko, ordea, belaunetatik gora ipurmasailetaraino igoa zait eta herioa ahaztu nahian, hitzaldia errezitatzen saiatzen naiz nire baitan.
Ez dakit nola lortu dudan atrilearen atzean neure burua zutik jartzea baina hemen nago, aretoa bete jende niri begira dudala. Atrilean ditudan bi eskuekin neure gorputzari nola eusten diodan, zeharo harrituta nago: lur-azpitik neure oinetara igo den tximistatzar bat irudikatzen dut, oinak altzairu-galdaz betetako pertzean desegiten ari zaizkidalarik! Oinazpitik hasi eta gora eta gora salda gorriak hankak desagertzen dizkidan heinean nabari dut su-ufada dagoeneko behe-partetaraino datorkidala!
Entzuleei, “moztu ni izterretatik, moztu ni izterretatik” oihuka esnatu eta izerdi patsetan ohetik saltoka nindoala koartoko ate-ertza jo eta ezkerreko oineko behatz txikia hautsi dut.
“Larrialdietarako erizainak inongo tajurik ez zuen; hark behatza lotzen, nik hausten baino min handiagoa eman dit. Zuei, entzuleoi dizuedan errespetuarengatik moldatu naiz nola ahala hitzaldi hau ematera etortzeko. Zuek behintzat, Unibertsitate honetatik gizartea zerbitzatzera laster ateratzekoak zaretenok, Osakidetzako funtzionario horiek bezala kexaka negarrez aritu ez zaitezten. Eta, dagokizuen lana alde batera utz ez dezazuen, ondoezaren bat duzuenean ere.
Eta…”