Espirala
¡Se morirá usted, sí, se morirá, aunque no lo quiera;
se morirá usted y se morirán todos los que lean mi
historia, todos, todos, todos sin quedar uno! ¡Entes
de ficción como yo…
Miguel Unamuno
Irudia: Kristina Fernandez | ||
Aspergarrirantz jotzen duen arratsalde tarte honetan, kafetegira sartu da gizona. Gabana kendu eta pertxa batetan izeiz, hotzetik babesten duen berokia erantziz, barrara abitu da.
- Hutsa mesedez.
Bitartean gizonak erlojuari begiratu dio. Egunkaria hartu, azalari gainbegiratua eman eta atzera toki berean utzi du. Berriro ordulariari begiratzean, hogeita hamar segundo iragan dira arratsaldearen ordu tarte honetan, dirudienez, luze eginda dagoen gizonarentzat.
Badakar tabernariak kafea. Utzi du kikara mostradore gainean eta gizonak ordaindu bezain bat ekarri dizkio itzulerako txanponak ere.
Kafetegira sartu aurretik, gizona, arratsaldearen tarte hau bizitu zezakeen izenen bateren bila ibili da hor kanpoan, hotzetan. Edonorena izan zitekeena eta oraindik jaberik ez duenaren izena topatzen.
- Juan Jose Garaita Onanetxe, etorri al da? – Tabernariak sorbaldak altxa eta buruari eraginez, adierazi dio ez duela berak horrela deitzen den inor ezagutzen.
Bertan zeuden elkarrekin geratuta. Juanjoren esanetan bere etxea bezalakoa duen taberna honetan. Bera; azukrerik gabeko kafe hutsari kutxarilarekin eragiten ari dena, Antonio Barranda Garika da eta, ea ez den norbait etorri beregatik galdetzen ba, zuzendu da. Inork ez dio entzun. Gure gizonari hala ere, ez dirudi erantzun ezak axola zaionik. Kafetxoa bertara urreratuz, mahaitxo baten aurrean eseri da.
Itxoiten dago orain gizona. Juan Jose Garaita Onanetxe Jauna noiz azalduko. Orain berak ere badauka han egoteko motiborik, zain baitago; eta, nor ez?
Ez da batere kontu erosoa zain egotea. Asmatutako izenaren jabea agertuko zaiolakoan, oraindik esperoan, beste hiru ordu laurden igaro dira gizona mahaitxo aurrean eseri denetik. Haren zain baitago bera, horretan, egonean.
Juan Jose Garaita Onanetxe izenari lotzen zaion gorputza, zer nolakoa izango ote den hasi da gizona pentsatzen. Pizten doakio eduki behar duen piuraren jakin gura. Ahaleginak eta bi eginda ere ezin izan du izenari aurpegirik jarri. Jarkera bai; izen horren jabeak bere gain daroan jokaera, lortu du irudikatzea. Nolanahi ere gauza guztien gainetik, Anttonek, begiak nahi dizkio ikusi.
Kafetegira sartu berri den gizonak be berokia erantzi du. Astrakanezko jantzi urdindua soinetik kendu eta, azukrerik bako kafe hutsa eskatu dio honek ere tabernariari. Antonio Barranda Garikarengatik galdetu dionean, hura bai, hura hango mahai hartan dagoenari seinalatuz, bidali du barmanak berarengana. Zer gertatu jakin minez edo, Far West-eko pelikuletako bakeroa balitz moduan, ukalondoak barra gainean jarrita eurei begira, han geratu dena. Edonola ere arin aspertu denez, postura aldatu, mugikorrarekin jolasean hasi eta harexeri ipini dio geratzen zitzaion arreta guztia. Oso osoa bilduta ere, apurra dena.
“ Atsalde on Antton” Ezpain hegaletan dakarren gorako keinuari ezin eutsirik jarri zaio Juan Jose Onanetxe aurrez aurre.
Ez du Antonio Barranda Garikak sortu berri den egoera surrealista hau ulertzen. Uste txarreko unean harrapatuta, bere burua non ezkutatu ez dakielarik, lotsatuta dago. Bere asmakizun hutsa izanda, berak sortutakoa, kontua hain muturrera zelatan joan zaion ba, damutzen hasia da.
“ Ni, zure asmakizun? Ja! Baten bati otuko zitzaion galduta nenbilela, eta ibili be ibiliko nintzen apurren bat, baina hortik eta hainbeste esatera…”
Eroen mundura daroan jolasari, edo mugak gainditu duen jokoari ez deritzo jada brometako kontua denik. Geroz eta zurrunbilo itxura handiagoa dauka. Antton hortaz behintzat jabetu denez, inoiz hasi ere egin behar ez zuen txorakeria, motz motzean moztu beharrean aurkitzen da.
“ Erratuta, bai ibiliko nintzen Antton.
Horrexegatik bada be behingoz, beharko nuen ba, izenen bateren bat”
Juanjoren begiak ikusteaz batera, zutitu eta jarri da Antonio Barranda Garika, urdinduta. Aurrean Juan Jose Garaita Onanetxe irri luzez karenka daukalarik, behingoz Anttonek, espiralaren harian duen kokapenaz ohartu da eta, horixkara jo du. Azkenean ere onartu du bere tokia.
Juan Jose Garaita Onanetxek bitartean, betaurrekoak kendu, bibotea atzaparrekin orraztu eta, sortu berri duen Anttoni benetan be eskertu dio izenen eta berben alegiazko mundurako hain dotore bataiatu izana. Hain zuzen ere izenen asmatzaileari.
Antza, tabernariak bazituen belarriak kontu guztian jarriak. Anttonek duen aurpegira zuzen zuzenean begiratu orduko, lehertu da barre algaraka.
Gorritu nahi ezean hango lanak behin amaituta, gabana jantzi eta atera da Antton kale gordinera. Azkenean ere, hainbeste espero ostean bada eta sortzaile baten izenaren jabea. Badoa erregistrora.
NOR DA Ez denborarik galdu paperetan bilatzen; ez naiz agertzen.
Interneten eta erregistroan ere ez nago. Axal ipini diot neure buruari goitizena.
Arakistain, nire etxeari lotzen nauen sustraia da.
Hori naiz, Axal Arakistain; naizena naizenean.
|