Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Nora?
   
Irudia: Kristina Fernandez    
     

Gorroto ditut honelako uneak. Benetan. Zalantzak ez dit bizitzen uzten. Egia esan, sobera urte ditut horrelakoetarako; baina gogaikarria da, benetan. Ba ote dago ez jakitea baino gauza mingarriagorik? Umea nintzenean gurasoek hartzen zituzten erabaki guztiak. Ez nuen inoiz aukeratu beharrik izan eta, zer esango dut bada, inoiz ez zait burutik pasta ere egin erabakiren bat edo beste ezegokia izan zenik. Hura bai garaia, hura! Hala ere, aukera eman izan balidate, ziur ez nukeela egindako asko egingo; baina, aukeratzerik ez eta, erremediorik ez. Damurik ere ez dut; gaitz erdi.

Haurtzaroan hasi nintzen halako egoerak sufritzen: behin baino gehiagotan aukeratu behar izan nuen. Lehenengo erabakia ondo gogoan dut: zer musika-tresna joko nuen aukeratu behar izan nuen. Ez nuen inoiz hautatu musika-eskolan izen ematea. gurasoek egin zuten hori. Musika-tresna, berriz, nire hautua izan zen. Garai hartan esperientzia gutxikoa nintzen erabakitze-kontuetan eta, ez nuen egoki aukeratu. Saiatu nintzen hiru urtez edo, baina bai zera. Kale egin nuen. Urteekin konturatu naiz edozein musika tresna ikasten arituta ere, berdintsu litzatekeela, esku txikiegi hauek ez baitira musikari-eskuak. Kirola ere aukeratu nuen. Ez nintzen ona kiroletan, baina ondo aukeratu nuen hura, ongi pasatzen nuen behintzat.

Mutil kontuei buruzko zalantzak etorri ziren gero. Nola erabaki? Zalantza bera ere galdera-ikur zitzaigun garai hartan. Zer genekien mutil kontuez? Ezer ere ez! Eta maitasuna, bada maitasunari buruz askorik ere ez. "Sexua" eta "konpromisoa" hitzei antzik ez genien hartzen. Hain-beste zalantza eta horren jakintza eskasa. Gazteegiak ginen horrelako erabakiak zentzuz hartzeko. Gerora, ordukoek ez zuten aurrera egin. Badut lagun bat bere lehen maitearekin ezkondu zena eta hiru umeren ama dena. Bai, eta mutil berarekin jarraitzen du. Hamalau urte genituenetik. Harritu zaitezte. Hala ere, normal-normala ere ez da eta salbuespenak osatzen gaitu. Ez ote du zalantzarik izan? Inoiz ere ez? Benetako maitasuna ere, zalantza iturri maiz. Zalantza asko genituen hasieran, eta egin beharrekoari buruzko informaziorik ez, batere ez. Denborarekin, geure sexualitatea bera jarri genuen zalantzan, eta pixkanaka aurrera egin, maitasunarekiko dugun jarrera sendotu genuen. Bidea, zalantzaz betea, nola ez. Baina zer ginateke zalantzarik gabe?

Institutua bukatu eta ikasketak aukeratzeko unea gogorra izan zen. Benetako buruko minak izan nituen. Nik kaskezurrean iltzatuta nituen bi ikasketen artean erabaki behar nuenez, ez nuen hain erabaki gogorra hartu behar izan. Hala ere, kostatu zitzaidan, bai, eta lehena bukatuta, bestea ikasi beharra izan nuen azkenean, zalantza egiten dudanean ez baitut erabakitzeko erraztasunik izan inoiz. Hala ere, zorionekoa ni, ez bainaiz ikasi izanaz damutzen. Askori gertatzen zaio ikasketak uztea, zalantza egin ostean hartutako erabakiarekin gogaituta. Zalantzaren osteko erabakia ez da beti egokia izaten. Eta drama moduan bizi dugu. Zergatirik ere ezin bila diezaiokegu, eskolan ez gintuzten horretarako prestatu.

Niri ez zait zalantza izan eta okerreko erabakia hartzea gustatzen. Imajinatzen dut inork ez duela gustuko. Baina ezinbestekoa da. Lagunak aukeratzean zalantza gutxiago izaten dugu. Dagoenetik aukeratzea izaten da erronka, hau bai, hau ez... umetan batez ere. Nerabezaroan eta helduaroan errazagoa izaten dugu gustuko lagunak topatzea Eta gaztetako zalantza horiek guztiak ere gainditzen ditugu, zalantzazko lagun haiekin ohitu garelako eta, iritziak aldatuta, sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik babesten ditugulako, askotan erakutsi ez arren.

Bizitzak hara eta hona egiten duen bitartean, non bizi erabaki behar izana oroitzen dut. Ez zen erabaki gogorra izan, bizitzak berak eraman baininduen jaioterria uztera. Edozein modutan, eta zalantzen itsasoan nora ezean ez bizitu ere, beldurgarria izan zela ezin ukatu. Ezezagunari diogun errespetua izango zen, ziur asko. Horrela, bada, hiriburura joan nintzen bizitzera, eta hainbeste maite nuen herria opor leku eta derrigorrezko bisita leku bilakatu zen. Ordutik, dezente aldatu da herria, eta bertakoa gertu-gertutik bizi izan badut ere, ezin ukatu tarteka lotsa pittin bat izan ez dudanik gure herri lasaia telebistan sarriegi ikusi ostean.

Hemen nago orain, Legazpiko banku batean, zalantzaz beterik. Parean topatzen dudan lehen herritarrari zalantza argitzeko eskatuko nioke, baina galdetzeak berak izua eragiten dit. OƱatiko lagun bati deitzea ere burutatu zait, basina badakit neure lepotik barre egingo duela, eta argi dut ez dudala nire burua zuritzen jakingo. Zigarrokina esku artean, gero eta txikiago. Eta ni, erdi ero, zein edukiontzitara botako dudan ezin erabaki. Ene, bizitza ez da gehiegi aldatu azken hamarkadetan, eta berdin jarraitzen dugu, ez dakigunaren aurrean uzkur, zalantzati. Aukera bakarra dut: intenet.Eskerrak sakelako modernoa dudan. Googlek beti izaten du erantzuna eta hau ere jakingo du. Bilatzen, bilatzen...zigarrokina=errefusa. Tira, ez da hain zaila izan. Zalantza batzuk, behintzat, erraz gainditzen ditut.

NOR DA

Miryan Irastorza San Vicente

Legazpiar gasteiztartua,1982an jaio.

Euskal Filologian eta Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna.

Irakaslea, lana ematen diotenean. Idazle eskola bigarren mailako ikaslea.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago