Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 4 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Inactive
 
ANAIAREN GUTUNA
   
pdf    

Herritik kilometro pasatxora, Beko Errekako Zubia deritzanean geratzeko eskatu nion Taxi gidariari. Zegokiona ordaindu, eta bizkarrean hartu nituen nekartzan traste hondarrak. Orduerdiko bidea zegoen handik Olazar-Goikoa gure jaiotetxe zaharrera. Bidearen azken zatia oinez egitea erabaki nuen, aspaldi hartan bezala, eguraldia ere goxatzen hasia baitzen ordurako. Ume denboran kalera esne partitzera jaisten ginen bidea garoak eta sasiak estalia zegoen, baina oraindik ere bazen metro erdi eskaseko bidezidor mehar bat, basurdeek eta azkonarrek erabiltzen zutena, segur aski.

Zenbat urte itzuli gabe? Hogei, hogeita bost, hoegita hamar akaso? Auskalo. Une batez neure burua madarikatu nuen horregatik, baina baserria bereganatu bazuen, onerako eta txarrerako egin zuen, eta ez neukan zertan hura nola zegoen ikustera itzuli beharrik. Egia esan, honezkero ez nion gorrotorik anaiari, baina haren irudia zuri beltzeko argazki horitu bat bezalakoa zen.

Oraingoan itzuli beharra neukan, ordea.

Bidali berria zidan gutuna. Ahitzen ari zela zioen, hilabeteak zeramatzala baserritik ia irten gabe, eta udazkena asko luzatzen ari zela. Orbela baino ez zuela ikusten leihotik, eta goizero izotza botatzen zuela bost hilabetez gutxienez. Hori gutxi balitz, ikaraturik zegoela zioen, ganbaran eta ezkaratzean ahotsak entzuten zituela, eta hizketan ere ahazten ari zitzaiola. Eta badaezpada idazten zidala, agian hitzik gabe geratuko zelako eta ezingo zuelako gehiago nirekin harremanik izan. Gutuna amaitu gabe zegoela zirudien, eta oso zaila zen hainbat hitzen esanahia asmatzen.

Hirurogeita lau urte zituen Joxek, eta zorte txarrak ekarritako buruko gaixotasun bat izan zitekeen arren, bere bizimoduari bota nion errua. Bizitza guztian ia baserritik irten gabe, gehienez ere Tolosara joango zela imajinatzen nuen, eta irratiak eta telebistak konpainia eginagatik gogorra behar zuela bere burua mutilzaharturik ikusteak. Lana ere ez zuen gutxi izango, eta artzain lanetan ohitua egonagatik bakardadeak gaina hartua izango zion. Ez zen harritzekoa.

Ordu laurden pasatxo oinez egin eta gero, pittin batean atseden hartzea erabaki nuen Mizpera Gaina ingurura iritsi nintzenean. Behera begiratu eta Magale ikusi nuen, ia osorik. Dudarik gabe, aldaketa dezente jasanda zegoen herria: etxe berriak eginak zituzten han eta hemen, lehenago soroak ziren tokian, eta eskola eta frontoi estalia nabarmentzen ziren bazter batean. Eliza, berriz, ez zen lehen bezain altua ikusten, aldemeneko etxeek lauzpabost pisu baitzituzten. Bidea inguratzen zuen garoaren gainetik begiratu nuen gero ingurura. Gurasoak eta anaia gogoratu nituen, eskoarearekin aurretik segaz aitak ebakitako belarra biltzen, eta idiak zain, lera noiz kargatuko. Menda belarraren usaina eta San Jose loreen kolore horia bizi-bizi sentitu nituen aspaldiko partez. Are gehiago kezkatu nintzen orduan, ez bainuen inongo zintzarri hotsik entzuten, eta belardiak astalarrez eta mendaz beteak baitzeuden. Anaiaren hitzak etorri zitzaizkidan: “attu”, “izotza”, “orbela”, “ahotsak”... Zeharo nahasturik egongo zen gizajoa bazterrak horrela zikintzen utzi zituenerako.

Bizkarrera jaso nuen berriz maleta zaharra.

Ez nuen bost minutu baino gehiago behar izan Olazar-Goikoa begien bistan izateko. Arnasa berotuta nindoan ordurako, baina larruazala izerdi hotzez blaitu zitzaidan bapatean. Etxea berritzen ari ziren, teilatu berria egina zioten, eta paretak ere pintatuak zituzten ia osorik. Zalantza egin nuen hura ote zen gure jaiotetxe zaharra, hura ote zen anaiaren baserria. Baina ez zegoen beste aukerarik, bezpera bertan egonda bezala gogoratzen nituen bazter haiek.

Harridurak pausoa motelduta ekin nion berriz geratzen zitzaidan bide apurrari. Ezinezkoa zen, gutunean irakurritakoa egia bazen behintzat, huntzak joa behar zuen etxeak.

Handik aurrerakoak ezin ditut nahita ere zuzen esplikatu. Etxe atarira iritsi orduko emakume batek agurtu ninduen, eta irrifarre batekin erantzun zidan etxea hutsik zegoela aspaldian, Magaleko udalak <<casa rural>> bat egiteko baimena eman ziela, eta hurrengo irekitzekoa zutela, <<estas invitado>>. Bizkarreko maleta ireki eta gutuna irakurri nahi izan nion, baina ez nuen haren arrastorik aurkitu.

NOR DA

 
Euskal Filologian lizentziaduna, eta gaur egun
irakaskuntzan dihardu Gipuzkoako Bertzozale Elkarteko
"Gu ere bertsotan" programan ahozkotasuna lantzen.
Bat-bateko bertsolaritzan aritzen da nagusiki,
baina idatzizko literaturan ere ahalegintzen da,
batez ere poesian.
 

 

 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago