Agur, Galileo Galilei, Maisu ohoretsua:
Irudia: Kristina Fernandez | ||
Erromako kartzelatik idazten dizut, azken zazpi urteetan ez baitaukat zure berri. Honezkero jakingo zenuen, ondo jakin ere, Inkisizio Santuak Veneziako hirian atxilotu ninduela, babesle izandako Mozenigo jaun dirudunak salaketa egin eta gero –Hau diotsut kontuz ibil zaitezen, hainbat azpijale baitabilkigu inguruan–. Ezin izan dut ezer idatzi orain arte, ziega honetan ez baitidate ez paperik, ez lumarik lagatzen. Arriskutsua omen da, gidaritzarik gabe idaztea, irakurtzea, hausnartzea.
Ez natorkizu laguntza eske, argi baitaukat ez didazula lagunduko. Alde batetik, ezin duzulako: Paduako Unibertsitatean irakasle izanik –irakasle ospetsuena gainera–, ustezko heretiko baten alde egitea eta lana galtzea bat izango litzatekeelako – Ezer txarragorik gerta dakizukeela ez nuke nahi pentsatu ere egin–.
Bestalde, zeu ezagututa, ez zaitut ikusten, nire alde, pentsamendu askatasunaren alde, berez, arituko litzatekeen gizarte mugimendua antolatzen.
Zuk ere, nik ditudan bezala, badituzu mugak, ezta?, eta hauetako bat, lehen ere esan nizun –gogoratzen, orain zortzi urte eta erdi, Silberio, florentziar merkatariaren etxean izan ginenean–, beldurra izatea da; eskubide osoa duzu.
Botereari, jendarteari, apaizei, agintariei... azken batean, norberaren buruari izua izateari, askotan, zuhurtasuna deritzote. Eta ondorioz, arrazoiaren gidaritza arrotzen aurrean makurtu egiten zara, orain arte egin duzun lez.
Egia esan, horrek badu bere alde ona, badakit. Begira bestela, bakoitza non gauden oraintxe bartan: zu, unibertsitate atzerakoienean irakasle beneratuena zara; nik, ordea, zazpi urte daramatzat kartzelan, eta nire etorkizuna erabakita daukatelako susmoa daukat, erreko nautela, alegia, plazaren baten erdian, ahosabaia eta mihia zulatuko didan burdinazko adur-zapiaz iltzatu ondoren.
Silberioren etxean izan genuen eztabaida filosofiko interesgarria gogoratzen dut sarritan, bakardade honen larriminak burua, noizbait, aske uzten didanean.
Orduan esaten zenuenaren gomuta datorkit, garbi-garbi, burura: ikuspuntu kopernikarraren alde egiteko frogak behar zenituela, Bibliaren zentzu literalak arazoak ekartzen zituela, ez zenukeela nahi susmagarri bezala agertu jesuiten aurrean, eta abar.
Nik, ostera, ideia berriak hedatu beharra azaltzen nizun; frogarik izan gabe ere, arrazoiak, logikak hala zioelako soilik izanda ere, merezi zuela ikertzaile berrien landu gabeko gogamen argiak piztea.
Ez zenidan kasurik egin. Handik gutxira Paduako Unibertsitatean hasi zinen, lurrari buruzko teoria zaharkituak irakasten, astro etereoen gaineko gezurrak eta asmakizun zentzugabeak ikasaraziz, Aristotelesen totelkeriak, Platonen kontenplaziozko espekulazioak, Santo Tomasen dedukzio faltsuak...
Nik ere, ez nizun kasurik egin. Kosmologia, fisika, oroimena lantzeko teknikak, olerkiak eta magiari buruz hainbat liburu idatzi ditut; filosofo klasikoak berpiztu, lurra mugitzen dela azalarazi, eguzkia lurra baino handiagoa dela frogatu; izarrak ere eguzkiak direla baieztatu; unibertsoa izugarri handia dela pentsatu, eta jainkoa unibertsoa bera dela sentitu.
Aste honetan Biblia irakurtzen aritu naiz, aspaldiko partez. Ez daukat, hemen, pentsatuko duzunez, beste ezer irakurtzeko aukerarik. Anaia- zaindaria pozik ikusi dut, esku artean jainkoaren hitza hartu dudalako, eta ziurrenik, horregatik eman dit gaur, eskatu diodanean, idazteko beta: berriz ere, artegira itzuliko naizelakoan. Inozoa.
Bada, Genesia irakurtzen hasi eta, berehala, kontrako eztarrira joan zait –pentsatzea ere, orain hogei urte, lehen aldiz irakurri nuenean, harrigarri bezain erakargarri iruditu zitzaidala!–.
Huraxe da nahaste-borraste kontraesankor eta ulertezina. Ez dauka ez buru eta ez hankarik munduaren ustezko hasiera horrek. Niretzako, baina hau nire iritzi hutsa da –seguruenik, sutara eramango nindukeen iritzia–, kontakizun hauek ez direla hartu behar hitzez hitz, herritar arrunt eta kulturagabeen arimak elikatzeko istorioak bezala baizik.
Bestela, begira, zein adigaitz den dioena: lehenengo egunean, zeru-lurrak egin zituenean, esan omen zuen «Izan bedi argia» eta argia izan omen zen. Baina laugarren egunera arte ez zituen, ordea, eguzkia, ilargia eta izarrak sortu.
Horrez gain, zera dio, «argizagiak zeru sabaian jarri zituela lurrari argi egiteko».
Kontraesan hauek irakurri eta gero, zertarako jarraitu?
Anaia-kartzeleroari ziria sartzeko, irakurtzen ari nintzenekoa egin dut beste ordubetean edo –badakizu, hemen denbora kalkulatzea zaila dela, hain ilun baitago beti–. Gero, Bibliaren gainean zerbait idatzi nahi nuela esan diot – ez diot gezurrik esan–, eta, honek, bi orrixka, eta erdi apurtutako luma zahar bat utzi dizkit.
Ez dakit gutuntxo hau irakurri ahal izango duzun. Ez dizut esango nola lortu dudan ziegatik ateratzea, ez zenuke sinetsiko. Ez erantzun, mesedez, ez baituzu denborarik izango. Bihar, jadanik, heriotza-zigorra ezarriko didate. Martiri bat bezala hilko naiz eta nire arima, suarekin, paradisura igoko da, unibertsoa den jainkoarekin bat egiteko.
PD: G. Bruno 1600eko otsailaren 17an erre zuten, Campo dei Fioriko plazan, Erroman.
Zazpi urte kartzelan igaro ondoren, urtarrilaren 20an, Klemente VIII.a aita sainduak agindurik, eraman zuten elizako autoritatearengana, eta otsailaren 8an, sententzia irakurri zioten –sutan hiltzera kondenatuz–, halaber, zera adieraziz: heretiko damugabe, temati eta burugogorra zela.
Inkisizioaren abokatu akusatzaileak, hereje izatearen akusazioa frogatzeko, bere liburu eta testuez gain, akusatuak Galileo Galilei-ri idatzitako gutun esanguratsu bat erakutsi zuen, kondenatua izateko erabakigarria izan zena.
Gutun hau Vatikanoko liburutegian egon da gordeta, orain hiru urte, ikertzaile batek argitara eman zuen arte. Internetetik jaso eta itzuli egin dut, zuek irakurtzea merezi duela otu zaidanez.