PAGOAITZ
Herriak zioen bera barik ez zegoela bizitzerik; baina, jendeak ez zuen sinetsi nahi. Zoritxarrez, horrela izan zen; herria desagertzearekin batera, hementxe duzuenaz gain, ez zen beste arrastorik geratu.
IPURDITXOAREN HAITZA
Badirudi egun batean beste berri bateko elizgizon bat Pagoaitzera ailegatu zela penitentziaren bat betetzen. Antza, zigorraren arabera, hiru egunetan ez zeukan esertzerik, eta gelditu batik aldapaz beteriko inguru malkartsu batean ibili behar zuen gelditu barik.
Neka-neka eginda superioreak agindutako zigorra bete ezinik, eta mementoko beharrari uko egin ezinik, haitza baten gainean deskantsatzera joan zen. Ipurditxoa hantxe jarri bezain agudo, hurbiletik “La Salve” otoitzak airetik entzuten hasi ziren.
Kezkarik gabe, gizonak, lasaitasun giroz inguraturik, trankil-trankil jarraitzen zuen geldi-geldirik bake ederreko une horretan. Konturatzean, trantze horretatik ihes eginda, zenbat denbora eman zuen han gustura eserita jakin barik, esnatu berritan bezala zegoen. Ez zen gutxi izan eman zuen denbora, eta ipurditxoaren marka haitzean grabatuta geratu zen betiko.
URDEAREN URMAELA
Txerriboda egiteko mementoa ailegatu zen, eta etxekoek bazuten aukeratuta zein izango zen aurtengo “zorionekoa”. Bi baino ez ziren zituzten txerritxoak, baina erabakia argi zeukaten, horietako bat herren baitzebilen.
Tresna guztiak prest zeuden; falta zen bakarra animalia zen. Orduan, kortara abiatu ziren haren bila. Txerriak, harrituta oso, zein izango zen bere etorkizuna jabeturik, beldurrez ikaratuta, heriotzaren kiratsa sumaturik, ahaleginez beteta, hanka egin zuen.
Herrenka bazebilen ere, ahal zuen moduan, ahalik eta lasterren, basorantz abiatu zen, eta gizonak atzetik zihoazen. Etsi-etsituta, putzu sakon batera, urmaela zikin batera ailegatu eta sartu egin zen. Antza, gizonek ez zekiten igeri egiten, eta ito zelakoan, itxaroten gelditu ziren begira. Baina ito ez zen ito. Espero ez zuten gauza miragarria gertatu zitzaion animaliatxoari. Handik, indarberrituta ateratzeaz gain, sendatuta zegoen, ez zen herrena.
Handik aurrera miraria zelako ustean, gertaera herrian bertan eta albokoetan ere hasi zen zabaltzen. Eta, antza, erreuma zuten guztiek hara jotzen zuten, erremedio bila.
BATAIATU GABEKO ITURRIA
Elezahar batek zioen antzinean herriko iturri batetik ur ugari zeriola, etengabe, urtean zehar, urtaro guztietan, baita uda berotsuenetan ere.
Herrian bizi zen apaizak bazituen oso bihurriak ziren bi mando, ez zioten kasu handirik egiten. Sarritan etxeko ukuilutik alde egiten zuten iturriko ura edatera joaten zirelako. Eta ematen zuen ez zegoela modurik animaliak kontrolpean izateko.
Astero gertatzen zitzaion bezala, hanka egin zuten. Apaiza hara hurbildu zenean, haserre bizian, zerura begira, eskua altxatuta, ahoz gora madarikatu zuen iturriko ura.
Esaten zenez, madarikatutako iturritxoa lehortu egin zen; harrezkero, ez zerion tanta bakar bat ere. Baina, badirudi herriko beste punta batean beste iturri bat sortu zela.
OSABA IAIOA
Herrian bazegoen, alfertxo baino alfertxoago zen mutiko gazte bat. Hain nagitsua zen, non edozertarako beste norbaiten laguntza behar baitzuen. Ez zen gai izaten bere kabuz ezer egiteko.
Udareak zuhaizteetatik biltzeko garaia ailegatu zenean, gurasoak lanez gainezka zeuden, lanpetuta baino lanpetuagorik. Bazekiten sementxoak laguntza handirik eman ez arren, beharbada, ezer baino gehiago izango zela. Hala, aitak agindu zion hurrengo goizean udare bila joateko. Ganorabakoa ezetzean zegoen, eta orduan aitari bururatu zitzaion esatea: “Udareak saskietan behin gordeta, herriraino ekartzeko behar duzun laguntza izango duzu. Horretarako, “Osaba Iaioa” besterik ez duzu esan behar”. Kostata, onartu eta baietza eman zuen.
Hurrengo goizean, eguzkia atera aurretik, gaztetxoa udareondoen bidetik zihoan. Eguerdirako saskiak bete-beteta zituen; eta, pozaren pozez, lana bukatuta zegoela ikusirik, ahoz gora hasi zen Osaba Iaioari deitzen eta deitzen. Minutuak joan, minutuak etorri, eta handik ez zen inor azaltzen.
Bazkalordua pasata, bakarrik zegoen hantxe, udarez jositako saskiez inguratuta. Itxaroten eman zuen ia goiza erdia, eta gosez akabaturik zegoen. Horregatik, ahaleginak egin zituen bera bakarrik gurasoenera, inolako laguntza gabe, ailegatzeko.
Gurasoek ikusi zutenean, ahoan irribarrea zutela galdetu zioten ea handik osaba agertu zen. Galdera horrekin batera, mutiko gizajoak ulertu zuen abila izan beharko zela; behintzat, bizitzan zer edo zer lortu nahi bazuen.
NESKATOA HIL EGIN ZEN
Herrixkan gehienak behin abeltzaintzan aritzen ziren. Horietako familia bateko aitak, artzaina zenak, goizean goiz, dena prestatuta zeukan beharrera joatekoa. Alaba txikerrari berarekin joatea bururatu zitzaion; eta, nahiz eta amari ideia ona ez iruditu, menditik ibiltzen laguntzen utzi zuen, nahi zuen bezalaxe.
Pixkanaka-pixkanaka, bidetik pausuz pausu, helmugara ailegatzear, alabatxoa galdu egin zen, aitak nola gertatu zen jakin barik. Etsituta, emaztearen hitzak gogoan, haren bila hasi zen gogotsu. Alferrik, hala ere, ilundu orduko ez baitzegoen ezer egiterik.
Hurrengo eguenean, agertu zen gajoa, hilda. Antza, aitak aurkitu zuen tokian haren oinak zapatetan bestetik ez zegoen; aurreko gauean otsoek goseturik jan egin zuten.
SORGINTXOA
Gau batean, gizon bat herriko taberna edaten eta edaten bakarrean luzaroan egon zen. Handik atera zenean, tabernako azken eskailera zapaldu baino lehentsuago, bere aurretik oilo batek gurutzatu zuen lasai-lasai. “Zer ari ote da?”, pentsatu zuen mozkortiak.
Argi zegoen animalia hori gauekoa ez dena, eta ilundu orduko, lo-lotan egoten direna. Hori dela kausa, zur eta lur zegoen. Ez zen posible. Horregatik, makilatxo bat eskuratu zuen, eta, bitan hausnartu barik, ostiko galanta eman zion erruki bako oiloari.
Egunak joan, egunak etorri, txutxu-mutxuak hasi ziren zabaltzen, herriko emakume batek besoan beltzune handia zuelako. Ahoz aho sorgina zela zabaldu zen. Eta, handik aurrera ulergaitzak ziren gertaera guztiak, berak eginikoak zirelakoan, betiko herriko sorgintxoa izenez bataiatu zuten.
Goian bego herria!