Zerutarren dantza
Marrazkia: Kristina Fernandez | ||
Ilargirik gabeko gau beltza. Sorgin eta mamuen gaua. Eta hiri zaratatsutik urrun, altzifreen ondoan ahaztutako ertz heze batean, kanposantua; gauez bizidunak beldurtzen dituen leku sakratua. Egunez, emazte malkotsuek hilarrietan loreak uzten dituzte, errespetuz. Arratsaldez, eguzkia ezkutatzearekin batera, ehorzleak bere bakardadean dirau, panteoiak ixten dituzten harriei azken ukitua eman eta palaz astindutako lur zatiak atontzen, patxadaz. Hezurren bat edo beste behar ez den lekuan ikusiz gero, zakarrontzira botako du, lotsagabe, heriotzari errespetua aspaldi galduta. Gauez, inortxo ere ez da ageri, denak oinazean dabilen arima ezezagunaren beldur baitira, inoiz ikusi gabeko izpiritu petralen beldur, inork aitortu nahi ez duen egiari uko eginez; heriotza hurbilari, hilerrirako bidetik urrun ibiltzeak honen eguneroko mehatxua aldenduko balu bezala.
Udazkeneko euriak bustitzen dituen korridore haietan, mota guztietako panteoi eta hilarriak daude: panteoi galanta eta dotorea herriko alkatea izandakoarena, baita jauntxoena ere. Hilarri apalagoa herritar soilarena, eta guztiz xumea behartsuarena.
Eta kanposantutik erbesteratzeko zorian, eraikuntza txiki eta itxi bat: hezurtegia. Burdinazko ate herdoilduak babesten ditu hango hezur ustelak. Eta ate erdi-erdiko gurutze itxurazko zulo ilunak, barrukoari buruzko jakin-mina pizten digu. Bertara sartzen den argi motelak ez du, ordea, barrukoa behar bezala ikusten uzten. Ez dio axola, ia inork ez baititu ikusi nahi han alferrik galduta lagatako hezur bakartiak. Hezur haien jabeen pozak eta nahigabeak guztiz zaizkigu arrotz. Baita haien izen eta jaiotegunak, haiek esandakoak, gordetakoak eta aitortu gabeko hitzak, igarotako gerren miseriak eta jasotako pozen hotsak.Denak bilakatu dira hezurtegiaren sekretu hotz.
Atea ireki eta, bisagra herdoiltsuek uzten badigute behinik behin, ataria zeharkatu eta ezker eskuin, aurrez aurre, bi zerraldo zaharkitu daude, bata besteari begira. Hezurtegiko iluntasunaren testigu. Ipurtargien distira xumeek besterik ez dituzte argitu, noizbait, bertako biztanle isilak; urteetan tinko jardun duten gorpu likatsuak: zomorroek aspaldian xahututako bikote errukarria, kanpoko begientzat atsekabezko izpiritu ilunak.
Gazte bat doa kanposantua zeharkatzen duen bidezidorretik barrena; heriotza urrun eta arrotz zaion mutil koskor arduragabea. Arratsari erretiratzeko garaia iritsi zaio eta dagoeneko beltz daude hodeiak. Gaueko ordu horietan kanposantua zeharkatzearen beldur da mutikoa, baina igaro beharra dauka etxera garaiz iritsi nahi badu. Bidezidor ertzeko asun eta sastrakak begira dauzka, mehatxuz. Ibili azkarra darama, lehenbailehen trantze larria pasatzearren. Beldurra uxatzeko asmoz, belarrietan kaskoak jantzi eta patrikako tramankuluaren Play botoiari sakatu dio. Gitarra ezti batek erantzun dio beste aldetik. Jeff Buckleyren “Hallelujah” kantaren hasierako akordeek beldurra galdu arazi diote, hain da gozoa gitarraren soinua.
Hezurtegiaren aurretik pasa da, dagoeneko beldurra ahaztuta abeslariaren ahots eztiaren magalean kulunkatzen ari da gaztea. Barruan, zerraldoetako bi gorpuek, urteetan horren gauza ederrik entzuteke, esnatu eta, astiro-astiro, zerraldoetatik kanpora irten dira. Bata gizonezkoa da, garai batean behintzat halaxe izan zen, hezur artetik sexurik ez zaio ageri orain, eta emakumezkoa bestea. Ahots eta musika samurraren aterpean irten dira biak hezurtegitik.
Elkarren kontra, etengabeko dantzan, aspaldian sentitu gabeko besarkada beroaz gozatzen, bi eskeletoak. Gaztea begira ari zaie, musika eta dantza samurraz hunkituta. Sekula ez du horrenbesteko maitasunik darion izakirik ikusi. Hasierako beldurrak barne barnetik bularra berotzen dien sentimenduei egin die lekua. Eskeletoek dantzan jarraitzen dute eta mutil koskorra, bi eskeletoen gorpuztu ezinezko amodioa ikusita, tristuraren tristuraz, negarrez hasi da.
Eta kantua bukatu ahala, eskeletoak, sentimenduz beterik, azkenengoz elkar musukatu eta eskutik helduta, hezurtegira bueltatu dira, irribarretsu. Bata ezkerreko zerraldoaren hotzera bildu da, eskuinekora bestea, elkarri agurrik esan gabe, konpartitutako une samur hura dagoeneko ahaztuta.
Gazteak, berriz, ez du erraz ahaztuko ikusitakoa eta, oraindik negarrez, I-poda hezurtegiko harri baten gainean utzi du, piztuta, eskeletoak berriz esnatu eta dantza errepikatuko duten esperantzaz. Eta atzera begiratu gabe etxerantz abiatu da, kanposantutik barrena. Lasai, hilerriko izpirituen babesa bihotzean daramala.
Zarautzen jaioa, 1971n. Zine eta Bideo ikasketak
egin zituenetik telebistan dihardu lanean. Idazle Eskolako
lehen maila bukatu berri du.
|