Hogeitazortzigarrenean...
Iritsi aurretik zakurrek sumatu zuten bisitaria. Ehizarako irakatsitako zakur haien usaimenak, azken egunetan egunero etortzen zen gazte haren aztarna usaindu zuten. Aireak aurreratutako zeinu bereizgarri hura nahikoa zen zakurren artean aztoramendua sortzeko. Egunero lez, ezer egin aurretik, zakurrak eskuaz laztandu zituen, bera nor zen zakurrei adierazi nahirik. Bi poltsa zeramatzan eskuetan. Bata zakurrentzat eta bestea sarrerako atean zegoen eskulekutik zintzilik utziko zuena. Zakurrek, bakoitzak beraien jantokia zuten eta bertan banatzen zituen animalientzat ekarritako hezur eta haragiak. Ondoren atariko atearen eskulekura gerturatu zen. Azken poltsa hura egunkari zahar paperez bilduta zakarrak bailiran. Hura bertan zintzilik utzi eta bueltan joan zen.
Bueltako bidea luzea ez izanagatik ere, egun haietako egoerak zuhurtzia bereziaz aritzea eskatzen zuen. Etxera joan aurretik plazara jaitsi zen. Normalean ezagunen batekin hizketalditxo bat egiteko aukera ez zuen galtzen. Ez bereziki hiztuna edota sinpatikoa zelako, baizik eta inor segika bazuen despistatu ahal izateko. Baina egun hartan ez zegoen inor plazan, besteak beste eguraldia ez baitzen bertan solasean aritzeko aproposena. Egoera haietan bigarren aukera erabiltzen zuen. Elizan sartu eta bertan ordu laurden inguru egon ostean etxeratzea. Horrelakoetan herriko apaiza zen, portaera harekin harritzen zen bakarra. Jaietan monagilo joan beharrak, behin baino gehiagotan, elizaren inposaketa izan edota ez izatearen inguruko diskusioak izan baitzituen apaizarekin.
Egunero bide berdina egiten zuen. Bide berdina azken hogeita zazpi egunetan.
Baina hurrengo egunean bidea ez zuen inork egin. Poltsarik ez ateko eskutokian. Hogeita zortzigarren aldiz zakurren zaunkak ez entzutean, jakin zuen Matiasek, lehenengo egun hartatik mantendu zuen esperantza ahitua zela.
Bulegoko armairuan gorderik, etxeko leihoak itxirik, zakurrak ziren kanpoaldeko kontaktu bakarra. Zakurren sentimendu triste eta desanparatua nabari zuen barrenean. Beldurra eta desesperoa nahasten ziren momenturo. Etxea hustu zenetik, ez zen argirik pizten. Etxean inor bizi ez zen itxura gorde zuen inork salatzeko beldurrez. Eguneko orduak eskutitzak idazten xahutzen zituen, lehenengo egun hartan erbesterako bidea hartu zuten emazte eta alabari zuzenduak, nahiz eta jakin inoiz ez zirela bere helburura iritsiko. Dena ondo zihoala idazten zuen. Dena planeatu bezala zihoala faltsuki esanez, lasaitu nahirik erbestean zegoena, baina idatzitakoa errealitatetik urrunegi. Egun batzuk igaroak ziren mugalaria agertu behar zenetik eta ez zen iristen. Hark ekarriko zuen askatasunerako bidea baina ez zuen abisurik utzi, eta horrek susmo txarrak ekartzen zizkion.
Alaba eta emaztearen argazkiak esperantza izpia pizturik mantentzen bazioten ere, Parisetik ekarri zioten errebolber zaharra prest zuen. Mahai gainean. Erabiltzeko prest egoerak horrela eskatuko balu. Egunero zekusan mahai gainean. Inoiz erabili ez bazuen ere, soldaduskan nola erabili zen erakutsi zioten. Alde batean, hiruna bala eta bestaldean arma. Heriotzak margotzen zuen mahai gaineko bodegoia. Makina bat urtetan, idatzi eta dokumentu ugari sinatutako mahai hartan. Oraindik ere, erabilitako lumek mahai gaineko eskritorioan zirauten, jadanik tinta lehorturik. Azken urteetan arkatzez idazteari ekin zion. Haurtzaroarekin erlazionatzen zuelako maite zuen arkatzez idaztea, batez ere itzalak ere egin daitezkeelako eta batzuetan indartsuago eta besteetan suabeago. Marrazten erakusten zien maistra gogoan zuelako, gaztetako amodio platonikoa. Garai zoragarri haiek gogoratu behar zituelako egoera larri haietan.
Janaria bilduta etortzen zen egunkari orrietan irakurria zuen: herrietako plazetan, armak banatzen hasi ziren, herriko gazteen artean. Aginte berriaren justizia banatzeko sortutako militar auxiliar erakundearen partaide izendatzen zituzten. Herrian probisionalki autoritate gorena ziren, kontrako agindurik ezean. Ordundik aurrera tiroz erabaki eta banatzen zen justizia. Hildako ugari izan zen, begiak estalirik buruan jasotako tiroz. Etsaiaren laguntzaile izateagatik susmagarri ziren guztiak atxilotuak edota erailak izan ziren eta bere familikideak torturatuak nahiz bortxatuak.
Zakurrak zaunka hasi ziren. Bidean zetorren kamioi baten motorra entzun zen. Etxe aurrean gelditu ziren, buila artean kamioitik jaitsiz.
Behin eta berriz pentsatu zuen bezala, halako kasu batean egin beharrekoa praktikan jarri zuen. Bulegoan sartu zen eta berarekin zakurrak. Atea itxi. Momentu hartarako prestatutako zoruko egur zati bat altxa eta idatzitako eskutitzak egunkari zaharretan bildutako larruzko kartera batean sartuta bertan gorde zituen. Berriro egurra bere tokian iltzez lotu. Errebolberra eskutan bulego mahaiean eseri zen.
Eskaileran gora igo ziren kamioitik jaitsitako bi gazte. Eskuetan bi arma izanagatik ez zuten uniformerik. Duela bi aste, plazan banatutako armatarako eskubideen jabe ziren.Herrikoak ziren. Elkar ezagutzen zuten. Bai atxilotu edota torturatzen zituztenak. Baita tiro batez bertan akabatzen zituztenak. Besterik gabe beraiek horrela irizten ziotelako. Banatutako arma haiek garrantzitsu, boteretsu egiten zituzten eta horrek edozertarako gai egiten. Oraingoan hainbat egunetan ikusi ez zuten Matias Notarioaren etxera zuzendu ziren. Bere portaerak etsaiaren aldekoak ziren askotan eta horrek bere ordaina behar zuen izan. Baina toki hura birritan arakatua izan zen inor bertan aurkitu gabe. Hala adierazten zuten, bertan egon ziren aurreko kideek utzitako informeetan. Hala ere, nahiko izan zen inguru hartan hogeita lau ordutako zaintza egitea, bertaratu zen umearekin hitz bi egiteko.
- Hemen norbait dago! Iriki atea! Umeak aitortutakoa zuzena da...
- Atera hortik urde gorri zikina!
- Nola ez du ba egia esango umeak. Ama lepotik genuela ez zuen beste erremediorik...
- Horrek ez zekiena zen, amak ordurako ordainduak zituela komunista zikin bat laguntzeagatikoak...
- Isildu ta bota ate hori...
Zakurrak zaunka jarraitzen zuen erabat amorraturik. Halako batean bi tiro hots entzun ziren. Eskaileran gorako pausu azkarrak entzuten ziren. Ez zen txakurraren zaunkarik entzun. Ezta ulurik ere. Beste tiro hots bat entzun zen jarraian. Matiasek bidegurutzera iritsita etorkizunerako bidea aukeratu zuen, beste inork norabidea inposatu aurretik.