Ongi etorri
Kristina Fernandez |
Aspaldi amaitu dira marrazki bizidunak. Telebistari begira jarraitzen du oraindik, ezin esan ordea telebista ikusten ari denik. Burua beste nonbaiten duela dirudi. Bihar ikastolara joan behar du eta dagoeneko lo behar luke. Ohera joateko ordua dela errepikatu diozu hamaikagarren aldiz, lorik egiten ez badu ez dela mutil handia izango. Baina berak ez du lotara joan nahi aitari gabon esan eta bizarrez jositako masail latzetan musu bi eman gabe. Aspaldian ez du aita ikusten eta arduratuta dago. Zuk oso lanpetuta dabilela esan diozu berriro, horregatik iristen dela hain berandu. Baina dagoeneko zure azalpenek ez diote balio; berak aitatxo ikusi nahi du. Ideia hoberik bururatu ez eta aita heltzen denean beragana joateko esango diozula aginduta engainatu duzu. Kostata baina joan da ohera azkenean. Zuk ere bide bera hartu duzu.
Portaleko eskailerak igotzen ari da aita, astiro-astiro, gorputzak uzten dion eran. Hankak arrastaka daramatza eta ia maila guztietan egiten du estropezu. Gastatutako zapata alkoholez zipriztinduek argi erakusten dute nobio sasoiko elegantziaren dekadentzia, maitasunaren monotoniak dakarren utzikeria. Bigarrenez piztu du argia, behin piztuta ez baitio etxeraino heltzeko astirik eman. Aurrez aurre dituen plastikozko loreek eta inork bere etxean eskegiko ez lituzkeen koadroek, azkenean hirugarren solairura iritsi dela ohartarazi diote. «Ongi etorri» ipintzen du atariko alfonbran.
Eskuineko patrikan sartu du eskua etxeko giltzaren bila, baina ez du aurkitu. Eskua poltsikotik ateratzean papertxo bat erori zaio lurrera. Vanesa ipintzen du paperean eta azpian emaztearena baino gehiagotan markatu duen telefono zenbakia. Bila dabilena patrika horretan aurkitu ez, eta bestean hasi da aztarrika. Sexu jolasean, txanpon makinetan eta alkoholetan gastatu ez duen txanpon bakarraren ondotik atera du, portaleko atea nekez ireki ostean, non gorde duen ahaztu zaion giltza-jokoa. Ateari giltzaren harat-honatekin hiruzpalau urratu egin ostean asmatu du zuloan sartzen. Zuloa Vanesarena balitz, mozkor egonagatik ere errazago asmatuko zukeen seguruenik. Giltzari buelta bat eman dio emeki-emeki, eta zuri, beste bat eman dizu bihotzak.
Eskua atzerantz luzatu eta homan behera irristatu duzu interruptorearen xerka. Argi piztu berriak ez dizu begietan minik egin, ilunpean denbora asko, gehiegi, badaramazu ere. Ostiko pare batekin maindireak gainetik apartatu eta jaiki egin zara. Ohearen ezkerraldean izarek ez dute tximurrik agertzen. Senarraren ohe berean egiten duzu lo oraindik, baina ez duzu berarekin lo egiten. Aspalditik dakizu zuen artekoa portaleko lorea bezalakoa dela, plastikozkoa, baina agoantatzea baino ez zaizu geratzen. Mantapean egondako oinazpi berotuetan oholaren freskotasunaren kontrastea nabaritu duzu. Egunak daramatzazu ia begirik bildu gabe eta kremarik onenek ere ez dizkizute begi-zuloak betetzen.
Ez ditu atariko alfonbratxoan zapata azpiak garbitu zuk beti egin ohi duzun moduan. Ateari hormak ere dantzan ipini dituen danbatekoa emanda sartu da barrura. Lehenago lotara joaten zinetenean beti esaten zenion badaezpada etxeko atea ixteko. Norbait etxean sartuko ote zen beldur zinen. Orain berdin dizu, barruan dago eta piztia. Zure usaimen ondo entrenatuak urrutitik antzematen du dakarren alkohol eta ke kiratsa. Beraganako bidean luzaro lo daramanaren arnasak berotutako semearen logelako atea itxi duzu badaezpada. Azken larrujotzetik zabalik zeraman kremailera itxi du artean senarrak. Begietara begiratu eta berriz ere mozkortuta datorrela esan diozu; negarrez hasi zara, behetik, semea esnatu ez dadin.