Maitatzeko prest?
Maitatzeko prest, maitatua izan gabe ere? Galdera guztien erantzuna bakarrik gelditzeari beldurra omen dela entzun dut edota erran didate, baina nire bakardade eterno honetatik erran dezaket erantzun guztien galdera bakardadea dela eta erantzunak aunitz.
Kristina Fernandez |
Hainbatetan, jendeari edo pertsonekin egoteari beldurra da bakardade horren ondorioa, erantzuna. Hala nola, bertzeen aitzinean agertu eta arriskatzearen beldurra, batez ere VW berdearen leiho keztatutik begiratu eta lausoturik Alanis Morissettek bizitza ironikoa ez ote den galdetzen digu, eta marihuana urrinaz aitzinean dugunarekin maitemintzeko arriskatzearen beldur izatea. Beldur izan ohi gara, baina hala ere egun batean maitemintzearen arriskua hartu ohi dugu, ala?
Bertzenaz, pentsa dezagun egun batean, furgoneta gorri baten leihoko kristal gardenetik begira, Mikel Laboaren ahotsaz, maitemintzearen beldur, arriskua hartzen dugula, kristalean ez baitu honako ohar hau paratzen: «PELIGROSO A(SO)MAR(SE)».
Barnetik kanpora honetan, irudika ditzagun bizitzeko edo maitatzeko leiho gehiago kristal hautsiekin, hormatuekin, zikinekin, kakaztuekin, marraztuekin.
Leihoaren kristala heze dagoela eman dezagun. Zerua urdin dakusagu, eta begiak erdi irekirik ditugularik, ametsetan bezala, ez gara egunaren ertzeko zauri gordinaz ohartzen, eta odola borborka hasten zaigu. Eta elurra mara-mara tontor urrutietan. Baina hori guztia ez dugu ikusten, eta ametsezko ortzadar gurpildun hartan abiatzen gara bihotza taupa-taupaka.
Bihotzik ez badago, gorputza geldirik dago, hilik. Beraz, gorputza geldirik eta bihotza taupaka. Begiak erdi itxirik bihotza zabaltzen dugu maitatzeko prest, baita maitatuak izateko ere. Balaztada batez, aitzinean estropezu egindako pertsonarekin maitemintzen gara, eta gure bizitza gida dezan uzten dugu, itsu-itsuan, hark atzerako ispilutik noizean behin begiratzen digun bitartean irribarretsu, beharbada aitzineko gaueko izarren hautsaren magiaz. Hark zer sentitzen duen ezin jakin, baina orduan hura da gure mundu osoa eta bakarra.
Maitemintzea da pertsona bat maitatzeko prest egotea, lehen aldikoz sudur gorria janztearen modu bertsuan, baina sudurra ez ezik, masailak ere gorritzen zaizkigu hark kokin begiratzean. Enamoratzen
gara, eta begi irribarretsu horien jabeari dugun onena emateko prest gaude. Balaztadaren ondoren, azeleragailuari sakatzen dio presaren presaz udaren azkeneko egun eguzkitsu batean, lehen aldiz sentitu dugun zirrara hura maitemintzea dela uste dut, ala? maitemindu, mindu bai, mindu! Begiek ikusi duten distira hark barnea inarrosiz batera, lehenago hutsik zegoen puxika bete egiten da. Maitasunez betetzen gara.
Baina hori ez da enamoratzea; maitemina ote? gaitz larria? Arraro sentitzen gara geure barneko sentimenduak ateratzeko saiakeran, eta ez dakigu hitzez nola adierazi pertsona hari sentitzen duguna, sentitzen dugun poza. Ez dakigu nola erran hark maitasunez bete gaituela, eta hustu behar dugula hari emateko. Ez dakigu nola erran, berriro ere sortu ginela mundura, eta biluzik hutsetik zerbait sortu nahi dugula harekin. Bat-batean zoragarria da dena, mundua, eta hari ez ezik mundu osoari ere erran nahi diogu maite dugula.
Azeleragailua topera, jadanik ez du atzera bueltarik, eta ez diogu ezer erran inori. Lotsa. Beldurra. Berak bikotekidea du, hara! A ze ironia, e, Alanis? Bat-batean bizitza zoragarri batean emakume eder bat du berekin gure bizitzako gizonak, ez al da ironikoa? Bizitzak batzuetan guri laguntzeko modu xelebrea du, ezta? Ziur aski ez dela gure bizitzako gizona pentsatzen dugu, bertzenaz emakume ederra utziko luke.
Orduan, egun bateko zirrara gogoangarria ordutik eta betiko izanen dugu barnean, hasierarik eta amaierarik gabeko maitasunean murgildurik. Izan al daiteke inoiz hasi ez den maitasun istoriorik? Izan al daiteke muxurik gabeko amodiozko istoriorik? Duda izpirik gabe, bai, ala? Errealitate bakarra guk sortzen duguna baita.
Gure lehenbiziko aldian, bigarren aldian, hirugarren aldian eta enegarrenean ere nahi gabe maitemintzen gara, eta nahi eta nahi ez eramaten dugu edonora harengandik jasotako maitasun guztia, baina ezin eman honek mintzen gaitu!
Mindu bai, ongi mindurik, baina kontzienteago geure bihotzaz, eta burua pixka bat alde batera utziz bihotzari entzuten diogu gehiago geroztik, baina hain da iluna erraten diguna batzuetan!
Hala ere, hobe bihotzak erraten diguna entzuten egotea eta ibiltzea; zoriontsu eta zenbaitetan zorigaitzeko ere egiten gaituen
maitasun bete hau gau eta egun daramagu geurekin. Beharbada damu dugu pertsona hura ezagutu izana behin, beharbada damu dugu isilik gelditu izana hitz egin behar zen unean, baina alferrik dira damuak, denbora aitzina datorkigu bultzaka eta, gibelera egin nahi izan arren, ezin!
Azken trena pasatu da jada. Eta ez dago furgoneta gorririk. Ezta VW berderik ere.
Beraz, zuek ez dakit, baina ni neu hurrengo trenaren zain geldituko naiz; edo auto urdinaren esperoan. Bizirik sentitzen naiz maite dudalako, min dudalako, eta bai, prest nago maitatzeko betiere. Zenbaitetan ene begietatik jaulkitako malko gaziek irribarre gozo bat erna dezaketela pentsatze hutsak zoriontsu egiten nau, baina beti ezusteko baten esperoan gaur eta hemen; tximeleta nire gainean noiz pausatuko.
Pinpilinpauxa maiteñoa.