Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
lupe_mugalari1.gif
Kristina Fernandez

 SAREETAN

Goiza etxetik atera gabe pasa dut, eguraldia bezain triste. Euria
lagun izan dugu azken lau egun hauetan eta ingurunean nagusitu den goibeltasuna sumatzen dut bihotzean ere. Orain eguzkia agertu zaigu, kikil, borobil, zurbil; lau egun hauetan hodeien atzean egon ondoren.

Denbora gehiago galdu gabe, koadernoa eskuan hartu eta kaleko epeltasunaren bila atera naiz.

Herriko kaleak lasai daude, ez da ageri jende asko. Maritxu agurtu dut, bere dendan frutak lekutzen eta barazkiak txukuntzen ari zela.

Itsasalderantz egin eta hango banku batean eseri naiz. Alboan utzi dut koadernoa. Itsas haizeari gesalaren usain gazia dario. Ingurura so egin dut eta gertatzen den guztiari arreta jarri diot. Lasaitasuna behar dut. Idazteko asmoz eseri eta gauza urrun askotan pentsatzen ari naiz. Ideia setati batzuek okupatu didate, ordea, gogoa:

«Batzuetan ideiak buruan darabilzkit, eta nik koadernoa hartu eta tximeletak harrapatzeko sarearekin bezala harrapatzen ditut: Zaz! Eta hemen gelditzen dira itsatsita, idatzita, harrapatutako tximeleta orratzez itsasten den moduan. Orduan eroso idazten dut.

»Baina beste batzuetan idazteko momentua iristen da eta orduan sarea bila joaten naiz, baina egun horretan tximeleten arrastorik ez. Orduan lan nekeza bihurtzen da idaztea. Zer esan? Zer jarri? Ondo miazkatu behar ditut leku guztiak tximeletaren bat lortzeko: loreak dauden lekuak, zuhaitz ondoan, ibaien ertzetan... eta gehienetan han egoten dira, ezkutuan. Nire ideiak ere, lozorroan edo eguneroko nahaste-borrastea dela eta, ezkutuan egoten dira; eta burua astindu behar dut , gainazalekoak kendu eta besteei tokia emateko.

»Eta okerrago izaten da sarea hartzeko gogorik ere ez dudanean. Eta harrigarriena, orduantxe agertzen zaizkidala ideiak,
tximeletak belardi zoragarri batean mirari bat bezala. Nekatuta harrapatzen naute halakoetan, baina amore eman gabe, argazki bat egiten dut ikusitakoa oroimenean gordetzeko eta une hobe batean erabiltzeko itxaropenaz.

»Tximeleta bilduma egin nahi duenak bezala, idatzi nahi duenak beti erne egon behar du, harrapakina noiz datorren antzemateko : tximeletak edo ideiak, kasurako».

Kaioen txilioek supituki atera naute nire gogoeta zirimolatik eta haien garrasiek niri zuzenduak dirudite, burlaka ari balitzaizkit bezala.

Eguzkiak berotzen jarraitzen du eta bankuaren ondoan dauden lorategiko loreak sasoi honetarako zabaltzen hasiak dira, tokiari edertasuna gehituz. Arrosa, tulipana, bitxilorea eta pentsamenduek, koloreen nahasmenaz, mosaiko ederra osatzen dute.

Burua atzera bota, begiak itxi eta eguzkia hartzeko egokitu naiz bankuan.Horrela egon naiz hamarren bat minutuz eta halako batean zerbaiten gertutasuna sumatzean, burua bihurritu dut eta nire ondoan gizon bat eseri zaidala ikusi dut, nola eta nondik etorri den jakin gabe. Koadernoa hartu eta apur bat mugitu naiz alde batera, nahiz eta bientzako sobera lekua izan.Hirurogeita hamar bat urte izango ditu, zimurrak aurpegian, ile zuria, ondo jantzia eta norbaiten konpainia behar duen itxura guztiarekin.

Ni nintzen aurki zezakeen solaskide bakarra eta hinki–hankarik gabe galdetu dit:
- Hemengoa zara?
- Bai.
- Ba, atzo hileta batean egon nintzen.
- Eta nor hil zen? –galdetu diot, jakin-mina adierazi nahian.
- Borda-luze baserriko Joxe Mari. Ez zenuen ezagutzen?
- Ba, ez. Badakizu auzoetan sakabanaturik baserri asko daudela eta, gainera, nik edadeko jendea ez dut ezagutzen.
- Halaxe da, zuek gazteak zarete eta gu bizitzaren bukaeran gaude.

Eta hitz lauz eta manu-manu jarraitu du, bere sarea itsasora bota eta zaintzen dakienaren patxadaz :

- Hirurogeita hamaika urteko mutil zaharra, jatorra, gizon ona eta bihotz handikoa zen. Bagenuen elkarren artean halako lehia bat: taberna batean topatzen baginen, berak beti aurrea hartzen zidan edaria ordaintzeko. Beti kontu horrekin ibiltzen ginen ea nork esaten zion zerbitzariari azkarren bestearena egina zegoela.

Hiletan nengoela eta horretaz oroituz, saskia pasa zutenean normalean botatzen dudanaren bikoitza bota nuen eta pentsamendura etorri zitzaidan –gaur nik pagatuko dut, Joxe Mari.

Aho bete hortz eta hunkiturik geratu naiz gizonaren aurpegian tristura zantzua ikusita. Koadernoa estutu dut altzoan eta hari begira geratu naiz. Isiltasun lodia sortu da bien artean. Gizon berba-lapikoa zirudiena, zur eta lur dago.

Olatuek harkaitzen kontra talka egiterakoan entzuten den danbatekoak eutsi egiten dio isiltasunari, harkaitzek itsasoari bezala. Kaioek samaldan zeharkatzen dut zeru urdina, bere aiene eta intziriek eskibatu egiten dute, ordea, isiltasuna gure buru gainetik pasatzean .

Sarean harrapatuta bezala, zerbait esan behar dudala bururatu zait eta bota dut:

- Horrelakoa da bizitza! –eta berehala damutu naiz esanaz. Bihotza punpaka sentitzen dut.

- Bai. Halakoxea da bizitza! Zenbat eta zaharrago izan, orduan eta nekatuago. Eta bazkalondoko loa egiteko ordua iritsi zait.

Bat-batean bankutik poliki-poliki altxatu, buruaz agurtu eta alde egin du, sarea jasota.

Nire begiek ñir-ñir egiten dute eta ondoko loreen artean tximeleta bat ikusi dut, inguru-minguruka, niretzako hegan balebil
bezala.

Lupe Lekuona

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago