Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
oroitzapenak1.gif  
pdf  
 
 
OROITZAPENAK 
 
Zahartzearen sintoma izango ote den… Horixe pentsatzen hasia nago; izan ere, azken bolada honetan indarrez etortzen dira niregana aspaldiko kontuak; ate joka ditut orainaldian tokia hartu nahian; loaldi batetik esnatu izan balira bezala.

Esaten dutenez, memoria selektiboa da: interesatzen zaiguna oroitzen omen
dugu bakarrik. Askotan, ihes egiteko bide bilakaturik, memoriak babespean jartzen gaitu mingarriak izan daitezkeen egoeretatik. Baina memoria haziz betetako biltegia ere bada, oroitzapenen altxorra; aurrekoekin lotzen gaituen kate maila ezkutua; iragana, oraina eta geroa bilbatzen dituen jostorratza.

Bestetik, gazte garenean azkar bizi gara bizitza menperatu nahian; denbora mugadunaren pertzepziorik gabe, ez dugu oroimenik behar bizitzeko, ez dugu horren beharrik sentitzen; aurrera egitea da funtsezkoena, inportanteena. Urteak pasatu ahala, bizitzeko presak eta grinak moteltzen joaten dira, eta memorian gordetako altxorrak guregana etortzen dira berriro, gure bila; nonbait eta noizbait, guk jarritako mugak desegin nahian, gure kontzienteraino etorri behar duten tokia bereganatzeko; atzendua eta ezabatua egotea ez direla gauza bera gogoraraziz.

Hausnarketa horietan murgilduta nabilela, bi oroitzapen etorri zaizkit burura: aitarekin mendian egindako ibilaldiak eta euskara ikasi nahi nuen garai hura.

Orduan, gazte nintzen eta bizitzan bidea bilatzearekin banuen nahiko lan. Haatik, mendiko ibilaldiak oso gogoan ditut. Aita eta biok mendigoizale talde batekoak ginen. Jai egunetan eta igandeetan mendira joaten ginen. Inguruko mendietara abiatzen ginen: Balerdi, Abodi, San Donato, San Migel; motxilan hamaiketakoa eta naturarekin bat egiteko gogoa. Haizea, errekak, basoak eta animaliak bide-lagun batzuetan, besteetan etsai. Ibilaldiak ere kontrastez beteak: nekea, hotza eta elurra askotan; baita bideen edertasuna eta izerdiaren zapore gazia ere; eta nola ahaztu tontorreraino heltzen ginenean, ahalegin gordina ahaztua, ikuskizunak sorrarazten zigun mozkorraldia, zentzumenen sublimazioa; ikuskizunak oparitutako eginahalaren saria.

Oroitzen naiz, mendiko bazterretan norbaitekin topo egiten genuenean, “egun on” hitza erabiltzen zuela aitak; seguru asko, euskaraz zekien hitz bakarra; baina berak hitz hori erabiltzen zuen. Beraz, niretzat mendian besteekin trukatzeko hitza zen; bidean topatzen genituen besteekiko agurra, besteekiko errespetua. Eta hitz bakar hori hazi suertatu zen niretzat, orduan erabaki bainuen egunen batean euskaraz mintzatuko nintzela.

Ordurako, hirurogei eta hamarreko hamarkada bukaeran ginen gutxi gorabehera; Iruñean, garai hartan, giroa oso euskaltzalea zen. Nire belaunaldikoak gai horrekiko guztiz kontzientziatuak ginen; euskarekiko nolabaiteko begirunea eta konpromisoa bagenuen, jarrera eta sinesmen kolektiboa bazegoela esango nuke. Koherentziaz jokatzen genuen, maite genuenaren alde egiten genuen eta.

Giroa lagun, Arturo Kanpionera jo nuen, eta han hasi nintzen eskolak hartzen arratsaldero. Zorte handia izan nuen, bai taldeekin eta baita irakasleekin ere; miretsi egiten nituen euskara zekitenak eta oso adi egoten nintzen erakusten ziguten guztia ikasi nahian.

Menturaz edo, urte horretan maitemindu egin nintzen. Euskaltegitik ateratzean praktikan jartzen nuen bertan ikasitakoa. Imajinatzen nuen nire ametsetako galaiarekin egiten nuela topo, eta horra hor! nire burua konplexurik gabeko hiztun oso irudikatzen nuela. Ai ene! ametsak askotan zein lagungarriak izan daitezkeen. Urte osoa pasatu nuen horrela, eta aitortu behar dut dezente aurreratu nuela hizkuntza kontuetan.

Mutil-lagunarena, ordea, ez zitzaidan egokitu, baina berak jakingo balu zenbat lagundu zidan nire ametsa betetzen… Denboraren poderioz, ametsaren zati hura bete egin zen, nire burua euskalduntzea lortu bainuen.

Geroxeago, Gipuzkoara etorri nintzen lanera; euskaraz hitz egiten hasten nintzenean, adineko pertsonekin batez ere, erdarara jotzen zuten berehala, hain zen “jantzia” nire hizkuntza. Oso ongi oroitzen naiz zer-nolako komeriak ibiltzen nituen Zarauzko merkatuko esne saltzaileekin ulertzeko, durotan esaten zidaten prezioa eta; hura larritasuna nirea!

Orduz geroztik, ia hiru hamarkada pasatu dira. Bitartean, dena aldatu da dezente, euskararen egoera ere, hainbatetan onerako, besteetan okerrera eginez. Gu bezalako erromantikoak desagertzen ari dira; orain askotan ez dugu gure hizkuntza behar bezala baloratzen, eta batzuentzat nahitaezko zama bihurtu da.

Gauzak horrela, azken bolada honetan, malenkonia pindar batek maiz ekartzen dizkit gogora haizearen soinua, ahaleginaren zaporea, eta aitaren jai egunetako ahotsa mendiko bazterretan barreiaturik.

Zahartzearen sintoma ote da? Akaso, izan ginenaren ondorioa, garenaren karia, edo oroimenak memoriaren altxorretatik errekuperatutako haria; ziur aski, guztiak izan dira bizitza ehuntzen lagundu digutenak, egunez egun, urtez urte, zangoz zango.

Eta nostalgia alde batera utzita, oroitzen naiz euskara ikasi nahi nuen garai hartaz: egun on askoren hazia; garai baten memoria; belaunaldi baten oroitzapena.
 

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago