MAIATZEAN KUKU GARAGARRILEAN MUTU
Beste espezie batzuen kontura hazten ditu kumeak kukuak
Ku-ku, ku-ku, ku-ku.., nork ez du ezagutzen kantu ozen hori? Dudarik gabe, hegaztien munduan doinurik ezagunena da, eta ospe hori hizkuntza ezberdinetan txori hau izendatzerakoan islatzen da: kuku, euskaraz; cuco gazteleraz; coucou, frantsesez; cuckoo ingelesez... Izan ere asko dira Euskal Herri osoan hegazti honen inguruan sorturiko kontaketak, esaerak eta sinesmenak. Tradizioaren arabera, egoera ekonomikoan ere eragina du txori bitxi honek, kukuak jotzen lehen aldiz entzuterakoan poltsikoan txanponak daramatzanari urte horretan ez omen baitzaio dirurik faltako; txanpon gabe badago, ordea, hurrengo udaberrira arte, behintzat, ez da aberastuko. Biziaren iraupenarekin ere nolabaiteko zerikusia omen du kukuak; horregatik atso-agurek kukuak noiz joko arduraz izaten dira, lehen kantua entzunez gero urte horretan heriotzaren bisita ez gertatzeko berme osoak eskuratuko baitituzte. Adinean aurrera doazenek negu aldean osasunez guztiz ondo ez dabiltzanean, “ez dakit aurten kukurik entzungo dudan” esaten dute, kuku-hotsa entzun ondoren, urte horretarako bizia ziurtatutzat edukiko dutela adierazi nahirik. Kukukumea habiakideak baino lehenago jaioko da, eta ostalariaren arrautzek habiatik jaurti egingo ditu, era horretan lehiakideak kanporatu egiten ditu eta janari guztia beretzat izango da. Egun gutxitan, gurasordeak tamainuan gainditu egingo ditu. Dena den, benetako gurasoak kumeez ez dira guztiz arduragabetuko, eta hauek intsektuak eta beldarrak —bereziki prozesionaria— ehizatzera kanpora ateratzen hasi arte habia inguruan ibiliko dira. Arratia (Bizkaia) aldean esaten denez, “San Pedro jaietan, Diman bazkaldu eta Frantziara joaten da kukua”, hurrengo urtera arte bere arrastorik izango ez delarik. Baina ez da Frantziakoa hegazti migratzaile honek hartzen duen norabidea, Afrikakoa baino, negua lurralde horietako epeltasunean igaroko baitu. Lehenengo gurasoak abiatuko dira eta hilabete eta erdi inguru beranduago kumeak —euren kontura eta inolako gidaririk gabe— izango dira Afrikako gune tropikaletan bukatuko den bidaia hasiko dutenak. Ku-ku, ku-ku, ku-ku...
|
Iritzia eta gogoeta
URUTXURTU BENGOETXEA, Jon " Maiatzean kuku garagarrilean mutu"(Iritzia)
- Xehetasunak
- Nork idatzia: Urutxurtu Bengoetxea,Jon
- Kategoria: IRITZIA ETA GOGOETA
- Bisitak: 25661